Sukaldean bere saltsan aurkitzen da Xeberiano Intxausti segurarra. Ba dira 25 urte ostiralero-ostiralero, lagun artean, Zopajale elkartean afaria egiten dutela. Beti bera sukaldari. «Elkartea ireki genuenean, duela 35-36 urte hasi nintzen sukaldean, aurretik astirik ez nuen hartzen». Betiko platerak prestatzen ditu, baina bat aipatzekotan «barazki menestrak arrakasta handia izaten du». Orain dela gutxi Goierriko erretiratu etxeen arteko marmitako lehiaketa irabazi du Nieves Gerrikorekin batera. Goizero hamar kilometro ibili ondoren baratzean aritzen da Intxasuti. «Ordu asko pasatzen ditut Urnausin daukadan baratzean». Denetik lantzen du eta aurten uda beroa izan bada ere «patata eta tipula ederrak jaso ditut. Esparragoak ere jasotzen ditut».
Ze zaletasun dituzu?
Baratzea, oinez ibiltzea, onddoak biltzea eta lagun arteko tertulia.
Pelikula edo telesail bat.
Gustatzen zait telebista ikustea, adibidez Mihiluze.
Abeslari edo talde bat.
Euskal kantak gustatzen zaizkit.
Abesti bat.
Txoria txori.
Oporretarako leku bat.
Bertan ibiltzen gara gustura.
Zer gosaltzen duzu?
Jaikita ur trago bat, eta gero konpota zerealekin.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Egun txarra. Semea 20 urterekin istripuz hil zitzaigunekoa.
Amets bat.
Familia ondo izatea.
Goierriko txoko bat.
Ordiziako azoka. Asteazkenero joaten gara. Lagun zaharrekin egoteko momentua izaten da.
Seguran biziko ez bazina…
Ez nuke asmatuko beste inon bizitzen.