Mende laurdena bete du Niko Osinaldek (Ormaiztegi, 1969) Goierri beheko Goitur turismo-garapen agentziako zuzendaritza hartu zuenetik. Sektorean askoz lehenagotik dabil, hamasei urterekin Europara taldeen gida turistiko hasi zenetik. Garbi dauka kudeaketa egokirako formula: beti ‘argi luzeekin’ ibiltzea, gerora begira.
Ormaiztegikoa. Eta ormaiztegiarra?
Ormaiztegikoa naiz, eta han bizi naiz, gurasoekin baserrian. Eta goierritarra, tokatzen zaidanagatik. Hala ere, Ormaiztegin ez naiz asko ibili, hiru gauzagatik. Baserria Beasain aldera dago, ez naiz kalean bizi. Gure urtekoak ikastera Tolosara joan ginen, bestetik, eta kuadrilla hangoa dut. Orain ere, kotxea hartu eta igandeetan Tolosara joaten naiz. Eta, azkenik, turismoan 16 urterekin hasi nintzen Europan gida bezala, eta gazte denbora osoan kanpoan egin dut bizitza. Gero, irakaskuntzan hasitakoan ere bai. Baina ni Ormaiztegikoa naiz.
Irakasle izana zara, beraz?
Bai. Tolosan Eskolapioetan eta Donostian EUTGn Euskal Filologia ikasi nuen. Lehenago, Beasaingo San Jose salletarren eskolan eta mojetan. EUTGn nenbilela irakasle laguntzaile hasi nintzen latineko eta etikako klaseak ematen. Nafarroan Donibaneko euskaltegi batean eta uda pare bat Maizpiden ere ibili nintzen. Gero, Donostian Ibai ikastolan, San Inazion, Tolosako Jesuitinetan… Letretako ikasgaiak ematen nituen: euskara, gaztelania, literatura, historia eta latina. Partikularrak ere bai. Mikel Aiestaran kazetariari, adibidez, asteburuetan latina eman nion. Harreman handia edukitzen segitzen dugu. Nire kontura, Historiako diplomatura ere hasi nuen, eta latinaren eta euskararen arteko erlazioaz tesi bat ere bai. Goiturren hasi nintzen orain 25 urte [1997ko irailaren 8an], eta kito.
Aurkezpen txartel horrekin, nolatan hasi zinen, bada, turismo munduan?
Modu zirkunstantzial batean. Tolosara eskolara joateko Amezketako Zubeldiaren autobusa jarri zuten gurasoek, Ormaiztegitik. Ni igotzen nintzen lehenengoa, eta ni arduratu nintzen gidariari non gelditu esaten, zerrenda pasatzen, hilabete bukaeran taloiak bildu eta ordaintzen… Hala, lan hori eskertzeko edo, 16 urte bete nituen urteko Korpus festan, ekainean, Zubeldiak Parisera antolatzen zuen bidaiara joatea eskaini zidan. Zerbait irakurri nuen Parisi buruz, eta ikustera joan nintzen; bigarren egunerako konturatu ziren autobuseko besteak, eta ea nirekin joan zitezkeen galdetu zidaten. Modu tonto horretan hasi nintzen gida turistiko.
Zubeldiaren bidaia gehiagotan?
Bai, asteburuetan Europara antolatzen zituzten bidaietan lekuak esplikatuz, batetik besterako mugimenduak antolatuz… Literadun autobusa zen, bertan lo egiteko. Gustatu zitzaidan lanbidea. Karreran eta irakasle lanean, asteburuetan txertatzen nuen gida lana. Orduan ere ahoz ahokoa zenez –gaur egun ere turismoaren promozioa hala da–, ikastetxeetatik hasi zitzaizkidan deika, ikasle taldeekin joateko. Adibidez, orain Goiturren lankide dudan Jon Ubide horrela ezagutu nuen, bera ikasbidaiaren koordinatzaile ari zenean.
Baina ez zen horretan geratu.
Gida gehiagoren beharrean aurkitu nintzen. Nola bidaia eta autobus gehiago neuzkan urtetik urtera, laguntzaileak behar nituen, eta gida turistikoen eskola bat sortu nuen. Bakiotik, adibidez, deitu zidaten gidak formatzeko. Beste pauso bat ere eman nuen: taldeen dinamika, protokolo aldetik hoteletan sarrera-irteeretan nola jokatu, bisita baterako autobusa nola antolatu… prozedura horiek guztiak erakusten nituen.
Nora bidaiatzen zenuten?
Europara. Ikastetxeekin bi bidaia mota zeuden: aurrekontu motzarekin hemendik Parisera, Brujas, Amsterdam, Munich, Berna, Proventza eta buelta; eta luzeagoarekin Amsterdamdik Berlinera eta Pragara segitzen genuen. Horiez gain, bizpahiru talde neuzkan urterokoak. Nik ahal nuenean jartzen zuten eurek bidaiaren data. Lan gehiago zen, urtero bidaia desberdina prestatu beharra neukalako. Iristen ginenean, herria gauez ikusten nuen nik, hurrengo egunerako gauzak non zeuden jakiteko. Ez zegoen ez Internetik, ez GPSrik, ez ezer.
«Ez naiz ausarta, eta ez dakit nola egin nituen gaztetako ibilera haiek. Baina garbi neukan zer nahi nuen: estudiatu»
«Turismoan batera lan egin beharra dago, eta beharrezkoa da bailarako ikuspegia. Bestela, bakarrik ezin da»
Nolakoa zen Europa duela 30 urte?
Europa Ekialdeak, batez ere, ez zeukan zerikusirik. Txekoslovakia banatu zenean 1992an, adibidez, Pragan nengoen. Kultura Ministerioaren ondoan aparkatzen genuen autobusa, lo bertan egiteko. Polizia etorri zitzaigun, eta hartzeko neska-mutiko guztiak eta mugara alde egiteko esan ziguten; haiek ere ez zekiten zer gertatuko zen.
Berlingo Harresia botatzen ere ikusi nuen. Brandemburgoko Atean lo egiten genuen, zabalgune bat zen eta. Gauean tiro hotsak aditzen genituen, jendea alanbre-hesian pasatzen hasten zenean. Eta hurrengo egunean, haien senideak loreak eramaten. Azaroan bota zuten harresia, eta abenduko zubian jada han geunden. Autobuseko gurpilak aldatzeko patakabrarekin harresiaren harriak hartzen aritu ginen. Gerora oparitan saltzen dituzte.
Berlinen ekialdera joaten ginenean, jatetxeetan galdetzen ziguten nola lan egin behar zuten eurek. Ez zegoen tabernarik, ez ezer. Praga dena berdina zen, turismorik ez zegoen. Gu jende gutxi iristen zen lekuetara ailegatzen ginen. Dendetara zerbait erostera sartu, eta guri galtza bakeroak erosi nahi izaten zizkiguten… Mugetan ere gatazkak egoten ziren. Autobusean goitik ikusten genituen guardiak kotxeen maletategia ireki, poltsak hartu eta garitan gordetzen. Hori dena bizi izan dut. Esperientzia ederrak izan ziren.
Beti izan zara ekimeneko pertsona?
Ez ba, ni oso beldurtia naiz. Ez dakit nola egin nituen ere ibilera haiek! Irakurtzea, historia eta kultura gustatzen zitzaizkidan, eta aukera bat eman zidatenean baliatu egin nuen. Ni ez naiz ausarta, baina garbi neukan zer nahi nuen: estudiatu. Etxean gruak eta desguazea geneuzkan, eta han geratzeko aukera banuen. Baina ikasi nahi nuen. Bidaiena, autobusa Ormaiztegitik abiatzearen kasualitateagatik etorri zen. Bestela, ziurrenik irakasle izango nintzen.
Goiturrera, beraz, lehengaia ondo ezagututa iritsi zinen, orain 25 urte.
Goieki sortu zenean, arreba hemen aritu zen lanean hilabete batzuetan, ingeniaritza egin eta gero. Jakin zuen turismoarekin hasi behar zutela, teknikaria aukeratu behar zutela, eta izena eman nuen. Juanma Barandi [Juan Manuel Barandiaran] zen gerentea. Ordurako, turismoko lehen saiakera bat Ordizian egina zegoen, Ekitour bulegoarekin. Zerain eta Zumalakarregi ere bazeuden, eta ni ezagutzen ninduten. Irakaskuntzatik Goiturrera aldatu nintzen, duda askorekin. Aukeraketa-elkarrizketan politikari batek galdetu zidana gogoan dut: ‘Zuk uste duzu hemen turismoa, baietz?’.
Urteotan ikuspegia aldatuko zen, ala? Zuen lana zertan nabaritzen duzu?
Turismoa oso zaila da kudeatzeko. Bi lagunek ez dute iguala egiten, eta gainera aldagai asko daude: eguraldia, krisiak, gatazkak… Oraindik batzuek nahastu egiten dute Goitur zer den. Ez gara turismo agentzia, gu jendea hona ekartzeko gaude. 25 urteotako lehen gauza txalotzekoa da turismoarekin hasteko politikariek hartu zuten erabakia, eta gero eduki duten jarrera. 1993ko krisian ikusi zuten dibertsifikazio ekonomikorako beste bide bat ireki behar zela.
Zer da zuretzat turismoa?
Nik turismo hitza ez dut erabiltzen jada. Industria turistikoa da, diruaz ari gara. Irizarrek autobusak edo CAFek trenak saltzen dituen bezala, guk Goierriren irudia esportatzen dugu, eta horrek bertako zerbitzu turistikoetan diru bat uzten du. Urteotan aldatu dira gauzak eta pentsamoldeak, baina ez gure merituz, apustu hau lau urtez behin Goiekiren Administrazio Kontseiluan sostengatu dutenena baizik. Hemen hasi nintzenean, ‘politikarien diktaduraz’ ohartarazi ninduten, kontuz ibiltzeko, eta beldur horrekin… Baina bilakaera honetan ikusi dut askoz okerragoa dela teknikarien diktadura, gehiago sufritu dut hori. Dena ez da politikarien errua.
Goiturrek eta bertako bi teknikariek ere izango duzue parterik arrakastan.
Autokonplazentzia, zero. Konpetitibitatea behar da. Agian, gure meritu bakarra izan da beti argi luzeak jarrita gabiltzala, gero zer datorren ikusteko. Horretan maisu ona Barandi izan nuen, hark erakutsi zidan. Eguneroko lanez aparte –promozioa, hedabideekin hitz egin, nazioarteko feriak…–, etorkizunerako prospekzioa behar da: turismoa nola ikusten dugun, inguruan zer dagoen, zer erronka eta nola nahi dugun aurreikusten saiatzen gara. Agian, hor bai.
«Leku askotatik deitzen digute gure esperientzia azaltzeko. Goierri txiki honetan zerbaitetan ari garela esaten du horrek»
«Turismoan, lo baldin bazaude, ez daukazu zer eginik»
Goierriri buruz inoiz entzun duzun gauzarik politena zein da?
Hor gaudela, puntan. Leku askotatik deitzen digute esperientziak azaltzeko. Munduko kazetari gastronomiko onenen mahai-inguru bat moderatzeko esaten dizutenean, hor ikusten duzu bagarela zerbait, eta Goierri txiki honetan zerbaitetan ari garela. Baina hori da guk egin beharrekoa eta gure lana. Turismoan, lo baldin bazaude, ez daukazu zer eginik. Eta beti egon behar da prospekzioa. Bestetik, Euskadi mailan Goierrin hasi dira plangintza pilotu guztiak: kalitatea, irisgarritasuna eta teknologia hemen hasi ziren, 2015ean Europako jasangarritasun saria jaso genuen…
Orain, plan pilotu bezala, Espainia mailako Helmuga Turistiko Adimenduna Goierrin hasiko da. Aurrera begira, turismoa nola datorren ikusi, bai enpresentzat, bai gestiorako, eta batez ere promozioa egiteko bidean zer tresna erabili beharko genituzkeen landuko da. Hau da, gustatzen ez zaizkigulako alde batera utzi ohi ditugun gauzak ere egin beharra dagoela. Bost atal ditu: gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna. Goierrik argazki ona du hor, asko lehendik egiten dira. Gaztarekin egin zen bezala, produktua estalki eta etiketa egokiak jarrita aurkeztea da, azken batean.
Bailara modura, Goierri kosziente da industria turistikoaren bilakaeraz?
Nik uste dut baietz. Horretan irabazi da. Ez genuen ezer artifizialik sortu, herri bakoitzak berari tokatzen zitzaion gaia hartu zuen; horretan ere ondo jokatu dute udalek. Etortzen den turistak, nahiz asmo horrekin etorri ez, bertan kontsumitu behar duela ikusten du. Nik uste dut nahiko ordenatuta eta herrika ondo zabalduta egin dela plangintza.
Bestetik, bailarako sentimendu hori agian orain dela urte batzuk gehiago zegoen. Turismoan agian badago, baina bestela ez dut hainbeste ikusten. Udalei garbi transmititu diet: Goierriren izenean Euskal Herrian bakarrik ibil gaitezke. Hortik kanpora, beste norbaiten eskua behar da. Gipuzkoa ere ez dute mapan jartzen; beraz, pentsa Goierri. Turismoan batera lana egin beharra dago, eta beharrezkoa da bailarako ikuspegia. Bestela, ezin da. Kontrara, begira Zeraingo kasua, tristura asko ematen duena. Herri txiki bat, hainbeste maitatzen dutela esaten dutena, orain nola dagoen ikustea penagarria da. Herri batean halako gatazkak sortzen badira, ederki gaude hortik aurrerako lanak batera egiteko.
Beste 25 urtean?
Goiturrekoek bakarrik eskatzen dugu gure espazioa mantentzea. Gure aurrekontuaren %70 diru laguntzekin lortu dugu, eta %25 udalek (85.000 euro) eta %5 pribatuek jarri dute. Aldiz, Goierrin BPGren %8,5 da turismoaren pisua, Gipuzkoan (%7,6) eta EAEn (%6,5) baino gehiago. Aurtengo abuztuan bakarrik, turistek hemen utzi duten dirua Goiturrek promozioan erabili duena baino 44 aldiz gehiago da.
25 urte dituen industria baten langile eta buru
Sukaldari bati jakiez galdetzea bezala da Niko Osinalderi turismoarekin duen lotura pertsonalaz galdetzea. Lana ikusten du, edonon eta edonoiz. «Ni turista naiz lanaren bidez egiten ditudan bidaien bidez». Europan, Munich du oso gustuko hiria. Baina ez du garagardoa atsegin, gozozalea da. Oktoberfest ikusita dauka, hala ere. Euskal Herrian, Valderejoko parke naturala du maite. Ez da ‘turista’ bezala kanpora irten zalea; bakarrik, oraindik gutxiago. Kuadrillan –Tolosakoa du– Punta Canan behin, Riviera Mayan behin, eta Mallorcan beste behin. Kito. Oporrik ez du hartzen.
Abuztuan «lasai» ibili dela dio: goizetan Ormaiztegitik Beasainera oinez paseoak, horixe tregua bakarra; eta Arriaranera igo gabe, han estaldurarik ez eta. «Badaezpada, inork deituta ere…». Arratsaldeetan, denekin eta denentzat adi. Asteburuetan ere Goiturren bulegoan lanean ariko da. Gustatzen zaiolako eta nahi duelako. «Baina ez hurrengo asteko agendari begira. Orain 2023ko Tourra nola aprobetxatu ari gara pentsatzen».
Europako XX. mendeko azken laurdeneko aldaketa ugari bertatik bertara ezagutu ditu. Historia ikasi bakarrik ez, praktikan bizi izan du. Eta erakutsi du.
Hizlari aparta da. Edozein kazetarirentzat udako albiste lehortean benetako oasia (titularren bat beti emango dizu). Baita udazkenean ere: eskualdeko egoera orokorra, dauden gatazkak eta saltsa askotarikoak irensten ditu, eta hala eta guztiz, ‘Goierri, Euskal Herriaren bihotz’ gisa aurkezteko gai da.
Meritu guztia turismoarekiko «apustua» egin eta egitura sortu zutenei ematen die. «Autokonplazentzia, zero». Goierri beheko —eta sarri EAEko— industri turistikoaren gestioaren bizkarrezurrari Osinaldek jarri dizkio, ordea, giharrea, zainak eta giltzadurak. Modaz kontra: baliabide propioekin beti, lana gogotik eta artifiziorik gabe. Plangintzak pilotatzen daukan trebetasunaren seinale. Eta beti «argi luzeak» ipinita, datorrena inork baino lehen ikusteko.