Inklusioa eta gizarte kohesioa, energia eraginkortasuna eta ekintzailetza kooperatiboa dira UGGASA pertsona eta herritarrei begira orain jorratzen ari den lan ildo nagusiak.
Krisialdiek larriagotu egin dituzte gizartean dauden arrakala sozioekonomikoak, eta horregatik, 2022an inoiz baino beharrezkoago bihurtu da UGGASAren aurrekontuek enpresa-sarearen lehiakortasuna handitzeaz gain, inklusioa eta gizarte-kohesioa lortzen lagunduko duten proiektuak barne hartzea, Mankomunitatearen lehiakortasun estrategian jasotzen den bezala.
Honekin batera, aurten Urola Garaiko Jasangarritasun Energetikoaren plan berria finkatu da, energia sortzeko eta kontsumitzeko modu berri baterantz bideratutako trantsizio-prozesuari erantzuteko helburuarekin. Plan berri horretan, bost lan-arlo jorratzen dira: kultura energetiko berria sustatzea, eraginkortasun energetikoa lehen estrategia moduan, energia berriztagarrien ezarpena, tokiko ekonomian energiarekin loturiko berrikuntzak babestea eta mugikortasun jasangarria sustatzea erregai fosil kutsatzaileen kontsumoa murriztuz.
Kolektibo zaurgarrienak
UGGASAk lan inklusioaren arloan jarri dituen programekin lortu nahi du kolektibo zaurgarrien enplegagarritasun maila nabarmen hobetzea eta lan-munduan txertatzea. Horretarako ibilbide inklusibo pertsonalizatuak sortuko ditu, eta prozesu guztiaren zehar bidea elkarrekin egingo dute. Ildo horretan, hainbat programa jarri dira martxan 2022 urtean zehar, eta hurrengo hilabeteetan beste batzuk eta abiaraziko dira Mankomunitatearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eta UGLE eta Gurutze Gorriaren lankidetzarekin.
Kolektibo zaurgarrien enplegagarritasun maila nabarmen hobetzea eta lan munduan txertatzea lortu nahi du UGGASAk.
Energia autonomia lortzeko irtenbideak aztertu eta babestu nahi dira sektore ekonomiko ezberdinetan.
Aldi berean, lan merkatu inklusiboak sustatuko ditu Uggasak, eskualdeko enpresen artean etengabeko prospekzioa eginez, enplegu inklusiboari buruzko informazioa eta aholkularitza emanez, eta finean bitartekaritza lanak gauzatuz.
Programa hauetan parte hartzen duten pertsonei, formakuntza kualifikatzailea eskaintzeaz gain, etengabeko akonpainamendu soziolaborala egiten zaie ibilbide guztian zehar, banakako eta taldeko tutoretzen bitartez. Martxoan hasita eta hurrengo urtebetean, Urola Garaiko 70 pertsona baino gehiagok parte hartuko dute ekimen horietan. Gehienak kualifikaziorik gabeko pertsonak dira, gizarte laguntzak jasotzen dituztenak, edota langabezian kronifikatuta daudenak.
Eraginkortasun energetikoa
Energia plan berrian, energia autonomia lortzeko irtenbideak aztertu eta babestu nahi dira sektore ekonomiko ezberdinetan. Honela, hurrengo hilabeteetan ondorengo ekintzak landuko dira:
- 1. Diagnostiko energetikoak eta aholkularitza aditua, kontsumo handiko merkataritza eta ostalaritzan. Energia kontsumoaren diagnostikoa eta establezimenduen aurrezki eta efizientziaren baliozko neurriak eta mailak ezagutzea bultzatuko da, instalazioak, ekipoak, kontsumoak, energia tarifa motak eta fakturak eta abar kontuan hartuz. Diagnostikoaren ondoren, faktore horiek hobetzeko gomendioak eta ekintzak garatuko dira, saltokiko langileei zuzendutako orientazioarekin. Bestetik, sentsibilizazio kanpainak, adituekin mintegiak eta aholkularitza puntualak ere abiatuko dira.
- 2. Industria instalazioetan eta kontsumo handiko zerbitzuetan, autokontsumorako eraginkortasun energetikoko diagnostikoak eta energia fotoboltaikoko instalazioak ezartzeko bideragarritasun planak egingo dira.
Ekimen horiek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena departamentuak lurraldeko jasangarritasun energetikoa areagotzeko eskualdeekin duen hitzarmenaren baitan kokatzen dira.
Ekintzailetza kooperatiboari bultzada
Eskualdeko lehiakortasun estrategiak bultzatuta ere, ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekosistema kooperatiboak sustatzeko helburua du
UGGASAk. Zeregin honetan, eskualdeko beharrei eta erronkei lotutako proiektu kooperatibo eta sozialak garatzeko egitasmoak eta testuinguruak indartu nahi dira.
Jarduera sozio–ekonomiko berriak edo berrantolatuak babestea da helburua. Alde batetik, egitasmo berriak martxan jarri nahi dituzten herritarrei edo norbanakoei formakuntza emango zaie, eta ideiak lankidetzazko proiektu batean garatzen lagunduko zaie. Bestalde, dagoeneko jarduera bat burutzen duten elkarte edo taldeei, beraien jarduera hobetzeko eta profesionalizatzeko formazioa eta babesa eskainiko zaie.
Orohar, 2010 eta 2021 bitartean UGGASAko ekintzailetza zerbitzuaren aholkularitza eta babesa jaso duten 222 jarduera jarri dira martxan, 327 enplegu zuzen sortu dituztenak. Batazbeste 19 enpresa edo jarduera bultzatzen dira urtean, nahiz eta azken hiru urteetan beheranzko joera sumatu den.
Ekintzaileentzako zerbitzua:
- 1. Laguntza Teknikoa: Ideia edo eta proiektu bat duten pertsonek, aholkularitza jasoko dute ekintzaile izateko bide horretan. Azken helburua, prozesua ideiaren zehaztasunean gauzatzea da, zein bideragarritasun plan batean islatuko den. Prozesua ekintzailearen beharretara egokitzen da uneoro, eta taldean zein indibidualki jasoko du laguntza, babesa eta tutoretza.
- 2. Prestakuntza: formakuntza eskaintzen da enpresa abian jarri aurretik, bitartean eta ostean. Helburu da proiektu balio erantsidunak, ezberdinduak eta ondo landutakoak izan daitezela merkatura ateratzen direnean.
- 3. Sortzen Enpresa Gunea: Coworka eta Inkubategia.
- Coworka, lanerako espazio partekatua da, eskualdeko ekintzaile komunitatea konektatzera bideratuta dagoena. Bertan, enpresa eta diziplina profesional ezberdinek elkarri eragiten diete helburu amankomun batekin: sinergiak lortzea eta bakoitzaren enpresa proiektuari balio erantsia gehitzea.
- Inkubategia: banakako bulegoak jartzen dira enpresa sortu berrien eskura, jardueraren lehen bi urteetan.