AEBetako Coloradoko herri txiki batetan kokatzen den South Park animazio serieak 25 urte bete ditu aurten. Gustu txarreko umore eskatologiko bilduma eta festa huts bezala hasi zen serie honek, bere nortasunari uko egin gabe begirada eta baliabide ezberdinak jantziz egin du aurrera. Betiko umore baldarra lagun izanda, South Park herria gertakizun eta fenomeno sozial ugariren isla bihurria erakutsi digun ispilu deformatzaile bat izan da. Bere lotsagabekeria eta irreberentzia amaigabean, bihurrituaren bihurrituz, kritika eta begirada benetan pertsonalak plazaratu ditu gai ugariren inguruan. Izan ere South Park-en umore eta kritikaren jopuntu aukeraketa sare pelagikodun arrantzontzi frantziar baten tankerakoa izan da, filtrorik ez, edonor eta edozer jopuntura. Kristautasuna, Islama, LGTB mugimendua, Feminismoa, Black Lives Matter, armazaleak, demokratak, errepublikarrak, zuzenkeria politikoa, biktimismoa, patriotismoa… denei adarra joz aurrera egin du serieak.
Agerian geratu da urte luze hauetan zehar, zein erraza den arerioaren bizkar barre egitea baina norberari eginiko burla jasanezina izatea. Horrela seriearen aurkako zentsura eskaerak amaigabeak izan dira, koordenada progresista nahiz kontserbadoreen aldetik, eta herrialde ezberdinengatik, Txina eta India aipatzearren. Ikuspegi eta nortasun oso estatubatuarra izan arren, mundu globalizatu eta homogeneizatu honetan ez zaizkigu arrotzak seriean landutako gaiak eta benetan bizi eta forma onean jarraitzen serie ezberdin eta bikain honek.