Joxe Mari Telleria • Idiazabal
Autobia dela eta, N-1 errepideak Idiazabal kale erditik zeharkatzen zueneko zenbait kontu, zenbait oroimen! Burura etortzen zaizkidan batzuk aipatuko ditut ondorengo lerroetan.
Igande goizetan, pilotaleku zaharrean gomazko pilotarekin, jokatzen ziren partidak. Atze-atzeraino iristen zen pilota, ia-ia Unsain etxeko ateraino. Oraingo trafiko kopururik ez al zen izango, bestela, pilota norabide okerrean bidaliz gero, kotxeren baten parabrisasa jo eta txikituko zuen!
Bururatzen zaidan beste «irudi» bat zera da, uda garaian pasatzen ziren atzerriko kotxe ilara luzeei begira egoten ginela, matrikulak nongoak ziren asmatzeko joko batean, aldameneko pretilean eserita. Frantzia, Belgika, Erresuma batua, Nederland… «CH» Chekoslovaquia ez zela ere horrela jakin genuen… Suitza baizik. Autoren bat hondatuta bazterrean gelditzen zenean, gure frantses maila kaxkarra praktikatzeko aprobetxatzen genuen, bidaiariekin.
Orain baino elur gehiago egiten zuen garai hartan eta maiz gelditzen zen bidea itxita, egun baterako edo bi-hiru egunetarako. Gaur dagoen trafikoarekin, ez dakit nola izango zen bizimodua Idiazabalgo kalean. Ia ordurako, bai plazan eta bai pilotalekuan burnizko barandak jarriak zeuden, umeak errepidera ez irteteko jolasean edo pilota bila. Istripu latzak ere izan ziren, herri erdi-erdian, bai kamioiekin eta baita kotxeekin ere. Kantoikoan izaten zen, beste batzuen artean, puntu beltza.
Merkataritzak ere bazuen zer esana, orduko N-1 errepidean. Gazta salmenta, denda, taberna eta harategietan. Zepai jatetxeak, elizako iturri ondoan zeukan iragarki erraldoia «On parle française» jartzen zuena. Makina bat anekdota eta kontakizunen artean, gurdiarekin «belarretara» Etzegarate aldera joaten zirenenak ere badira. Atzerritarrekin kontutan nola gelditzen ziren eta abar. Abiadura, gaurko egunean baino motelagoa izango zen, Tiburon Citroen, Renault R12, R8, 2CV, Seat 600, 124, 1500 eta gainerakoekin.
Iritzi ezberdin asko izan ziren, autobiaren gaia zela eta… Herritik kanpora, asko entzuten zena zera zen: «Orain Izal hilda geldituko da, ez?». Gaur esan dezakegu Idiazabal bizi-bizirik dagoela, ordea, eta autorik ez dela falta bere kaleetan.