Gure egunerokoan oso ohituta gaude bidaiatzen denbora dezente ematera. Joan-etorriak normalizatu ditugu, bai lanera joateko, ikastera joateko, erosketak egiteko edota gure aisialdiaz gozatzeko. «Hau frenatu beharra dugu, nolabait», adierazi du Irati Otamendi Irizar arkitektoak. Klima aldaketaren aurka, «karbono isurien aztarna hori neutroa izatera iritsi behar dugu, sortzen dugun adina karbono xurgatzea litzateke onena», gehitu du beasaindarrak.
Kutsaduraren aurrean, hirietan, estrategia, «mugikortasuna» izango da klabea, Otamendik esan duenez; «nola mugitzen garen –eta hor gaude zentratuta kotxe elektriko edo garraio publikoaren erabilpenean–, baina kontutan hartu beharrekoa izango da baita ere, zenbat mugitzen garen». Zentzu horretan, sustatu beharko litzateke, «mugikortasun biguna» deitzen dena, hau da, oinezkoena, bizikletena, eta horrek eskatuko du, «azpiegitura egokiak edukitzea», hala nola, «bidegorri sare egoki bat, baina ez baldin badugu bizikleta aparkatzeko leku bat, alperrik ari gara».
Beasainen gertatu den adibidea ekarri du Otamendik; «ibai ertzeko barandila egoten zen bizikleta pilo batekin, eta halako batean, udalak ipini ditu bizikletak aparkatzeko guneak, eta bizikleta gehiago daude, beraz, horrekin, sustatu egin dute jendeak bizikleta gehiago erabiltzea».
Estrategia orokorrez gain, «interbentzio txikiek nolako garrantzia duten erakusten du horrek». Oinezkoei begira, «espaloi zabal batzuk edukitzeaz gain, kotxearekiko babesa baldin badauka, eta gainera baldin badauzka, lehen aipatutako azpiegitura berdeak, eremu atseginak sortuko dira, eta seguruenik, gehiago ibiliko gara». Horri, «ibilgarritasuna» esaten zaio –guneak oinez ibiltzeko duen egokitasuna, aldagai askoren araberakoa dena–.
Baina horretaz gain, «kontrolatu behar dena da, eta hemen dago benetako erronka, zenbat mugitzen garen». Hiri eta herriak eraiki dira, «Atenasko Gutuna 1931, Mugimendu Modernoko arkitektoek idatzitako manifestuan oinarrituta»; Ordura arteko hiri eredua ezbaian jarri eta makinaren logika funtzionalean oinarritzen den hiri eredua definitu zuten, «lau funtzioren» arabera: «Bizi, lana egin, aisia izan eta mugitu». Hortik sortzen da, «gure hirietan funtzio bakoitzari gune handiak ematea, zeinak behartzen gaituen mugitzera denbora guztian eta dena dago pentsatuta, kotxean mugitzeko».
Horri buelta ematen saiatu behar dugula dio Otamendik, eta «gertutasuneko hiriez» hitz egiten duten estrategiak izan beharko lukete jarraibidea. Horrek, mugikortasunaz baino gehiago, irisgarritasunaz hitz egiten du, guztia izan dadila irisgarri guztiontzako, gauden lekuan egonda. «Gertu badugu, bizikletaz, edo oinez gehiago mugitu gaitezke».
Bero-uharteari txikitasunetik eragin