Mattin Barandiaran Aranburu (Urbasa, Nafarroa, 1998) Ataunen bizi da eta ofizioz basozaina da. Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoan lan egin ondoren, orain Zestoa inguruan ari da basozain lanean.
Ez du jende gazte askok aukeratzen basozaina izatea. Zergatik aukeratu zenuen lan hori?
Natura oso gustuko izan dut beti, batez ere animaliak eta mendia. Urbasan bizi izan naiz duela gutxi arte eta beti bizi izan dut natura oso gertutik. Animaliak ere beti izan ditut inguruan eta ondorioz, natura zaintzearen garrantziaren baloreetan hezi izan naiz txiki-txikitatik.
Egia esan, biologia ikasteko asmoa nuen. Baina, nota zela eta, Euskal Herritik kanpo joan beharra nuen, eta ez nuenez hemendik urrundu nahi, beraz, naturari lotuta jarraitzeko bermea ematen zidaten ikasketak aukeratu nituen. Baso kudeaketa eta natura ingurunea goi-mailako zikloa ikasi nuen lehenengo eta ondoren, erdi-mailako abeltzaintza eta nekazaritza zikloa, Fraisoron.
Nolakoa da zure egunerokotasuna lanean?
Aurreko urteetan ehiza eta abere guarda izan naiz Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrean eta bertan, abere zainketa, ur-sistemaren zainketa eta mugako itxiturak zaintzea abereak ez zitezen arriskuan jarri ziren nire eguneroko lanetako batzuk. Abereak mendian zeudenean txakurrak zaintzea ere nire arduretako bat zen, aberearen arabera arriskutsua izan baitziteken bere osasunerako. Ehiztariak eta haien postuak kontrolatzea ere bazen nire lana, batez ere, ehiza-garaia hastean.
Orain, berriz, basoak eta landaketak kontrolatzen ditut. Baserritarrekin egon, diru laguntzen tramitazioa basoetako birlandapenagatik, erreketa baimenak egin eta zaintza lanak egitea nire babes eremuetan dira nire egungo laneko ardura nagusiak.
Zergatik iruditzen zaizu jende gaztea ez dela animatzen horrelako lanak egitera?
Basozaintza oso idealizatuta dago eta jende askok mendian egon eta txoriak eta zuhaitzak zaintzea delako ustea du; baina lan honek eremuaren arabera lan administratibo asko du. Jende askok aurreiritzi horiek izaten ditu erreferentziatzat ikasketak aukeratzerako garaian. Horrez gain, oposaketak oso gogorrak dira eta postu hauetarako komeni da hauek gainditzea, izan ere, ez dago guztiontzako lanposturik, beraz, zailtasun hauek tarteko, jende gaztea ez da animatzen lan-mundu honetan murgiltzera.