Naturklima Fundazioak aurkeztutako txostenak adierazten du, Gipuzkoako udak bi egun luzatu direla hamarkadaz hamarkada. Bero-uhartea fenomenoa ere iritsi dela nabarmendu du.
Naturklima Fundazioak (Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioa) Gipuzkoako tenperaturaren bilakaerari buruz egindako azken txostenak agerian uzten du gure urteko batez besteko maila termikoak goranzko joera duela, eta azken 50 urteetan hamarkada bakoitzean 0,24 ºC inguruko igoera izan duela. Udan, igoera hori 0,3ºC-koa izaten da hamar urtean behin. Urtetik urtera, gero eta gehiago pairatzen ari gara aldagai horren ondorioak, tenperatura oso handiko egunekin, bero-boladekin, eta gau tropikal deiturikoen hazkunde progresiboarekin. Gau tropikal horietan tenperatura ez da 20ºC-tik jaisten. Gainera, Naturklima Fundazioak aurkeztutako txostenak adierazten du, Gipuzkoako udak bi egun luzatu direla hamarkadaz hamarkada, 1971 urteaz geroztik. Tenperaturak gora egiteko joeraren ondorioz, mende honen amaierarako aurreikuspenak joan den mendeko azken laurdenean erregistratutakoak baino 4ºC handiagoak dira. Urtez urte luzatzen ari da uda.
Tenperatura datuekin jarraituz, mugarri berri bat ezarri da aurten. Ekainaren 18an, Hondarribian jaso zen, Gipuzkoako orain arteko tenperaturarik altuena, datuak jasotzen direnetik; 43,5 gradura iritsi zen termometroa, Aemet estatuko meteorologia agentziako datuen arabera. Goierrin ere gogotik berotu du aurten. Legazpiko udal aparejadorea Alonso Frances, Aemet-ek, Legazpin, Goenegan duen estazio metereologikoan, 1948 urtetik erregistratu diren datuak bilduta ditu. «Joera aldaketa» baieztatzen du Francesek: «Tenperaturak, poliki bada ere, gora ari dira, eta prezipitazioak lehen baino sakabanatuagoak izaten dira. Lehen lanbroa egiten zuen egun gehiagotan, orain, ekaitz eran erortzen den euria gehiago da». Legazpiarrak nabarmendu du, kontuan izan behar dela, Legazpi eremu nahiko berezia dela, «mikro-klima» duela esan daiteke; «kokapenak, inguruneak, industria jarduerak, eta biztanle kopuruak, eragiten dute, besteak beste». Aipatu du, Beasainen ondoan «graduetan alde nabarmena» dagoela.
Muturreko beroaren ondorioak
Muturreko beroak, ondorio asko ditu. Baso-sute suntsitzaileak eragin ditu. Nafarroan gertatukoaren irudiak erretinan ditugu oraindik. Espainiar estatua, Frantzia eta Portugal ere gogor kolpatuak izan dira suteen erruz. Gizakien osasunean ere eragin zuzena dute bero oldeek. Tenperatura altuek eragindako heriotzak % 400 baino gehiago igo dira EAEn. Ekain eta iraila bitartean 146 heriotza izan dira EAEn beroaren ondorioz; iaz 29 izan ziren.
Munduko Metereologia Erakundeko zuzendari nagusiak muturreko fenomeno klimatiko horiek nekazaritzan eta abeltzaintzan duten eraginaz ere ohartarazi zuen, baita turismoan izango duen eraginaz ere, baita beste ikuspegi askotan ere. Iragarpenak ez dira positiboak, bero-boladak eta klimaren beste joera negatibo batzuk gero eta ohikoagoak izango direla aurrikusten dute adituek, eta gutxienez, 2060 urtera arte jarraituko dutela ohartarazi du Munduko Metereologia Erakundeko idazkari nagusiak.
Eredu hori giza jarduerari egotz dakioke, eta horrek kezka handia sortzen du planetaren etorkizunerako. «Etorkizunean, horrelako bero-boladak normalak izango omen dira, eta muturrekoagoak ere bihurtuko dira; hainbeste karbono dioxido jaurti dugu atmosferara, ezen joera negatiboak hurrengo hamarkadetan ere jarraituko baitu, eta oraingoz ez gara gai izan gure munduko isurketak murrizteko», azpimarratu zuten Europan aurten izan den bero-bolada aztertzeko prentsaurreko batean, non Osasunaren Mundu Erakundeak ere parte hartu zuen.
Bero-uhartea
Naturklimaren txostenak dioenera bueltatuz, hain zuzen ere, gau tropikalen kopurua handitzen laguntzen du hiriguneetan gero eta presentzia handiagoa duen fenomeno batek, «bero-uhartea» deiturikoak. Hiri ingurunean tenperatura altuak metatzen direlako gertatzen da hori; izan ere, eraikinen dentsitateak ez du ahalbidetzen beroa erraz disipatzea, eta termometroa ez da 20 ºC-tik jaisten eremu horietan. Egoera horrek hirietan bizi direnen osasun arazoak eragiten ditu, bereziki pertsona kalteberenei eta tenperatura altuekin bateragarriak ez diren koadro medikoak dituztenei dagokienez.
Bero-uhartearen fenomenoa ez da berria. Fenomenoa Luke Howardek ikertu eta deskribatu zuen lehen aldiz 1810eko hamarkadan, nahiz eta ez zen bera izan fenomenoari izena eman ziona. 1920ko eta 1940ko hamarkadaren artean, Europan, Mexikon, Indian, Japonian eta Amerikako Estatu Batuetan tokiko klimatologiaren edo mikroeskalako meteorologiaren eremuan sortzen ari diren ikertzaileek metodo berriak bilatu zituzten fenomenoa ulertzeko. 1929an, Albert Pepplerrek Staedtischen Waermeinsel hiriko bero-uhartearen baliokidearen lehen adibidea erabili zuen. 1990 eta 2000. urteen artean, urtero 30 bat ikerketa argitaratu ziren; 2010erako, kopuru hori 100era igo zen, eta 2015erako, 300 baino gehiago zen.
Gaia hausnartzen jarraitzen dute adituek; neurririk hartu ezean, 2100. urtean hirietako tenperaturak 7-8 gradu beroagoak izan daitezke. Hala jaso berri dute Nature Climate Change aldizkarian: igoeraren bost gradu berotze globalaren ondorioz lirateke, eta, gainerakoak, bero uharte efektuarengatik.
Euskal Herrira «zorionez» ez da halakorik iritsi, eta ez heltzea espero du Victoria Iglesiasek, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzako Jasangarritasun Batzordeko kideak: «Hirietako diseinuan lorategi asko eta parke asko edukita, eta inguruko naturari esker, orokorrean nahiko nota ona daukagu».
Hori horrela izanda ere, eta nahiz eta oso hiri handietan ematen den fenomenoa izan batez ere, Naturklimaren txostenak, Gipuzkoan bertan gertatzen ari denaz ohartarazi du. Goierriko erreferentziarik agertzen ez bada ere, ez du esan nahi, Goierrin horrelakorik gertatzen ari ez denik. Adibide gisara, Naturklimak txostenean jasotzen duena dago; Hondarribiko gau beroen bilakaera, 1971-2000 bitartean lau inguru izatetik, 1981-2010 bitartean ia zazpi izatera pasatu dira (hamarkada bakoitzeko bi gau gehiago Hondarribia-Malkarroan eta 0,4 gau gehiago hamarkada bakoitzeko Donostia-Igeldon).
Gau tropikalen kopurua handitzen laguntzen du gero eta presentzia handiagoa duen fenomeno batek, «bero-uharteak»
Neurririk hartu ezean, 2100. urtean hirietako tenperaturak 7-8 gradu beroagoak izan daitezke fenomeno horren erruz
Gizakiaren esku-hartzea
Zalantzarik ez dago bero-uhartea giza jardueren ondorioz gertatzen dela; kausa nagusia lur-azalen aldaketa da. Hiriko errepideen eta eraikinen kontzentrazioek, espaloietarako eta teilatuetarako erabili ohi diren materialek, hormigoiak eta asfaltoak, sortzen dute, besteak beste. Populazio-gune bat hazten doan heinean, bere eremua zabaldu eta batez besteko tenperatura igo ohi du. Bero-uharte terminoa ere erabiltzen da, ingurua baino beroago den edozein eremu izendatzeko, baina, oro har, gizakiak nahasitako eremuei egiten die erreferentzia.
Irati Otamendi Irizar arkitekto beasaindarra eta EHUko irakasleak azaldu duenez, «azken 10 urteetan garrantzia hartzen joan den terminoa da bero-uhartea eta etorkizuneko arkitektoak prestatuago datoz, kezka barneratuta, alternatibak bilatzeko». Otamendi saiatu da, hirigintzaren esparrutik fenomeno horri aurre egiteko hainbat alternatiba proposatzen, nahiz eta «oso gai zabala da, gauza asko ukitzen dituena, eta batak besteari eragiten dio».
Bero-uhartea fenomenoa, «gizakiaren esku-hartzearen eraginez sortu den fenomeno bat da», berretsi du beasaindarrak. Horren aurrean, «kontuan hartu beharko genuke, batetik, horri nola aurre egin behar diogun, zeren dagoeneko kalte batzuk baditugu, eta bestetik, nola lortu gehiago ez okertzea». Kalte nagusietako bat da, beroa, hiriguneetan «intentsitate handiagoarekin» ematen dela. Hori gertatzen da, «erabiltzen diren materialengatik». Otamendik argi du, «berdea falta da, begetazioa sartu beharko litzateke gehiago, bero-irla efektu horri aurre egiteko; parkeak, zuhaiztiak, edo fatxadetan, estalkietan,…». Modu desberdinetan lor daiteke hori. Horietako soluzio batzuk hiri handietan ohikoagoak dira, baina herri txikiagoetan ere aplikatu daitezke.
Berdearen presentzia «modu planifikatuan eta jarraitutasun batekin egin behar da, ez daitezen izan, puntu txiki batzuk, baizik eta azpiegitura jarraitu bat». Otamendik azaldu duenez, horrek lagunduko duelako uharte efektu hori «leuntzen», baina gainera, «onura gehiago» ere eragingo ditu; «zarata gutxiko du, haize korronteak kontrolatuko ditu, CO2 gehiago xurgatuko du, gizarteari eskainiko dio egitura berde bat aisialdirako gustagarriago izan daitekeena, bermatuko digu guztiongandik gertu egotea, osasunarentzat ere onuragarri izango lirateke…».
Zoladura iragazkorren erabilera
Bestetik, «gomendagarria» da, gure hirietan, ohituta gauden mantenu errazeko zoladura gogorraren eta hormigoiaren ordez, zoladura iragazkorren erabilera gehiago txertatzea, horrek, tenperatura kontrolatzen lagunduko duelako, baina gainera, uraren ziklo naturalari lagundu egingo zaiolako.
Eta urarekin erlazionatuta ere, kostaldean edo ibaiekin gertatzen ari diren uholdeak aipatu ditu. Irailean urtero Donostiako paseo berrian txikizioak egoten dira olatuengatik, urtez urte bortitzago jotzen du, eta konponbidea izan ohi da, pareta gero eta sendoagoa eraikitzea. Goierrin, itsasorik ez, baina ibaiak ditugu. Ibaien kasuan, naturalki, ibai ertza ez dagoenean tratatuta, ez denean eraiki bertan, egongo da normalean, eremu bat, urak gora egiten duenean, busti egingo dena. Molde hori jarraituz, ibai ertzetan trantsizio eremu batzuk uztea proposatzen du, hala, uraren kudeaketa eta harreman hobea lortuz.
Otamendik argi du, «naturan oinarritutako soluzioetan pentsatuko bagenu, irtenbide iraunkorragoak aurkituko genituzke eta testuinguru erresilienteagoak osatu».
‘15 minutuko hiriak’, klima aldaketaren aurkako neurri bezala