Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Ez naiz jota zalea, Sarasateren jotaren bat ez bada, biolin eta pianoz jotzen dituzten horietakoa. Ez naiz jota zalea ahotsa behartuta kantatzen direlako, eztarria lehertzeko zorian. Estilo horren antzerakoan abesten zuen Jose Antonio Labordeta kantautoreak (Zaragoza, 1935-2010), baina hari bai, hari barkatzen nion –eta diot– ahotsa proiektatzeko modu hori. Bob Dylanen antzera jardun nahi omen zuen hasieran, baina kanta zakarragoak ateratzen omen zitzaizkion berari, kanta baturroak, Aragoiko nekazarien jotak bezalakoak.
Iritsi berria da hemengo zine areto batzuetara –Iruñeko Golemera, Donostiako Truebara– Labordeta, un hombre sin mas (2022) dokumentala, kantariaren alabetako batek –Paula Labordetak– eta Gaizka Urresti zinegile bilbotarrak zuzendua. Aprobetxatu dituzte filmerako kantaria azaltzen den grabazio txatal guztiak, aspaldi familia giroan egindako naif samar haiek barne. Kontakizunaren pisua, hain zuzen ere, senitartekoek daramate: kantariaren emazteak –Juana Grandes– eta alabek –Ana eta Angela, Paulaz gain–. Gainera, hainbat adiskideren testigantzak jaso dituzte.
Eta horrela, ezarian, deskubritzen duzu Labordeta polifazetikoa: institutuko irakaslea zen lanbidez, eta horrezaz gain, poeta ere bazen, idazlea –ia hogei liburu argitaratuta–; kazetaritzan aritua, garai batean inbidiaz begiratzen genion Andalan astekari aurrerakoiaren sortzaileetarikoa. Ekintzailea, politikan ere aritua… Ahaztezina Madrilgo Kongresuan hizlarien tribunatik «a la mierda!» bidali zituenekoa Aznar presidentea eta konpainia; Chunta Aragonesista alderdiko ordezkari gisa izan zen diputatu. Seguraski berari ez litzaioke gustatuko abertzale kalifikatiboa; baina Aragoiko nortasun zanpatua berpizteko egin zuen ahalegina, hiru lurraldeak –Huesca, Teruel eta Zaragoza– aldarrikatzen zituen modua, abertzale jitekoa zen. Herri txiki eta toki galduekiko, eta horietan bizi zen jendearekiko zeukan sentiberatasuna argi geratu zen RTVErako egin zuen Un pais en la mochila saioan.
Minbiziaren atzaparretan zegoela idatzi zuen azken liburua, bere memoriak bilduz; zer moduz zaude? galderari ematen zion erantzuna hartu zuen izenburutzat: «Regular, gracias a Dios». Gaixotasunean artatu zuten Zaragozako Miguel Servet ospitaleko langileei eskaini zien liburua. Ospitalean, dio, –hain berea zuen umore trufariarekin– «alta edo heriotza» beste aukerarik ez dagoela. Liburuaren azken hitzak: «(…) eskuetan daukazuna bizitzak eta ospitale bateko ospitalitateak erasotutako herritar baten istorio berdaderoa da».