‘Naufragoak’ estreinatu berri du ETBk, grabazio lanak uztailean egin eta gero. Lehiakideez eta aurkezleez gain, lantalde handia dago telebista saio horren atzetik, eta talde horretan Erik Armendaritz (Zaldibia, 1991) izan zen. Orain Tele 5-eko ‘Pesadilla en el paraiso’ ‘reality’-an ari da lanean.
Zer da Naufragoak?
Lehenik eta behin, Kariben egin den euskarazko lehenengo abentura saioa da, euskarazko reality bat, eta sorpresaz betetakoa. Itsasoan galduta ibili diren naufragoak irla batzuetara iristen dira, eta han bizirauteko zenbateraino diren gai erakutsi behar dute, proba bat bestearen atzetik gaindituz. Gu horren lekuko izan gara, eta guztia grabatu dugu, izan dituzten elkarbizitza gorabeherekin batera. Janik gabe egon dira, bero handia egin du, ez zen itzalik egoten denbora luzez… Ezohiko egoera horretan baldintza txarrei aurre nola egin dieten grabatu dugu.
Noiz eta non grabatu duzue saioa?
Dominikar Errepublikaren iparraldean, Haititik gertu dauden irla batzuetan. Uztailean eta abuztuan grabatu genuen abentura, hiru astetan zehar.
Nolako esperientzia izan da?
Egundokoa, esperientzia zoragarria izan da. Inoiz pentsatuko ez nuen abentura bat bizi dut. Gainera, dena oso polita zen, leku zoragarrian egon gara. Irla txiki horietan egotea txundigarria izan da, hain ederrak ziren, eta hain jende gutxi zegoen… Mundu honetan leku gutxi daude gizakiak ia zapaldu gabeak, eta horrelakoak ziren irla horiek.
Dena ez zen hain polita izango, ezta?
Bere alde txarrak ere izan ditu. Oso leku baketsua, lasaia, barea… baina aldi berean ikusten duzu beldur handia pasa dezakezula, oso biluzik sentitzen zarela eta ez duzula ezer aurre egiteko ezeri… Paradisua bada, alde batetik, baina bestetik infernua ere izan daiteke, segun nola hartzen duzun eta segun zein baldintzatan joaten zaren.
«Orain Cadizen nago lanean, eta gero ikusiko dugu zer datorren. Beti izaten da zerbait, eta izango da»
Baina zu ez zinen lehiatzera joan.
Baina horrelako programetan, askotan lehiakideen antzeko baldintzetan egoten dira langileak, egunerokotasunetik urruti. Lehiakideek bizitzen dutena ere bizitzen duzu, ez maila berean, inolaz ere ez, baina guri ere baldintza gogorrak bizitzea tokatzen zaigu.
Ni erredaktore bezala joan naiz, abentura hau grabatzeko orduan kameraren atzean dagoen lan ezezagun hori egitera. Lehiakideak kameraren aurrean daude, baina atzetik lantalde handi bat dago. Ni bezala, erredaktore gehiago izan ginen, kamerari asko ere bai, soinuarekin lan egiten duen jende asko joan da, zuzendaritza, produkzioa…
Eta zein da erredaktore lana?
Erredaktore batek lan asko egin ditzake, baina ni lehiakideek zer egiten zuten eta zer gertatzen zen ikusi, eta gertatzen zen hura grabatzeaz arduratzen nintzen, ondo kontatzeko. Elkarrizketak ere egiten genizkien lehiakideei. Azken batean, han gertatzen zena, istorioa kontatzen lagundu egiten genuen.
Zein da balorazioa?
Esperientzia oso gogorra izan da, baina aldi berean oso polita. Azken batean, abentura denentzako izan da, eta abentura beti da positiboa bizitza honetan.
Abentura horretara iritsi baino lehen, ibilbide luzea egin duzu telebistan.
Telebistan denetik egitea tokatzen zaizu. Batzuk beti ibiltzen dira antzeko programetan, edo linea zehatz bati jarraituz, baina normalean salto asko ematen dira, programa asko zapaltzen dira, eta batzuetan egin beharra dago dagoena, eta beste batzuetan gustatzen zaizuna. Ni programa ezberdinetan ibili naiz lanean, eta horien ondoren iritsi da Naufragoak, elkarbizitza nire lehen reality-a. Esan behar dut aurretik egin ditudan beste lan batzuek asko lagundu didatela hau aurrera ateratzen, prestatuago egoteko, eta grabaketetan gusturago egoteko eta gauzak hobeto egiteko. Azken batean, reality batek genero desberdinak elkartzen ditu, elkarrizketak, grabaketa normalak, gauza batzuk kontrolatuak dira eta beste batzuk ez…
Amor ConFianza, Altxa Txapela, Juego de Cartas, el Club del Tupper, Piztu Telebista, Sukalerrian… Noiztik zabiltza telebistan?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen, eta duela urte batzuk Goierriko Hitzan lan egin ondoren, Goierri Telebistan ibili nintzen, oso gustura gainera. Gero ETBn hasi nintzen Bostekoa programan, eta handik aurrera lan gehienak ETBn egin ditut, programa desberdinetan, eta genero desberdinak ukituz. Talent eta reality generoekin nahiko harremana izan dut, eta azken aldian atera zaizkit reality-reality-ak, elkarbizitza jokoan jartzen dutenak.
Gustuko al dituzu reality-ak?
Oso kritikatua den generoa da, baina niri asko gustatzen zait, asko kontsumitu izan dut, eta horregatik plazer bat da horietan lan egitea, opari bat da. Asko nekatzen duen lana da, oso exijentea, asko landu behar delako, baina nire saltsa da, eta oso gustura ari naiz.
Orain beste reality batean ari zara.
Bai, Cadizen (Andaluzia, Espainia) nago, Pesadilla en el Paraiso reality-an lanean.
Zer da Pesadilla en el Paraiso?
Jende famatua ari da parte hartzen. Etxalde batean daude, bertako lan propioak egiten, eta haien elkarbizitza grabatzen ari gara. Beste abentura polit bat da. Baserria, maitasuna… niri asko gustatzen zaizkidan gauzak dira, eta jendea tesitura horietan ikustea asko gustatzen zait, ohituta ez dagoen jendea delako. Oso gauza positiboa da.
Jende famatuarekin lan egitea desberdina al da?
Nik esango nuke ezetz. Jende anonimoak zein famatuak dena ematen du, eta dena naturala izaten da bi kasuetan, baina famatuek sorpresa gutxiago izaten dituzte. Jende anonimoarekin lan egitea politagoa da, mundu hau gutxiago ezagutzen dutelako, eta ezusteko gehiago izaten dutelako.
Hemen ere erredaktore zabiltza?
Bai, bi programetan lana berdina da. Bietan presente nago grabaketetan, ikusten zer ari diren grabatzen, esaten zer grabatu behar den… Aldaketa bakarra da itsasotik mendira joan naizela, eta anonimoetatik famatuetara.
Noiz arte egongo zara Cadizen?
Ez dakit, baina printzipioz urri bukaerara arte. Gero ikusiko dugu zer datorren, beti izaten da zerbait, eta izango da. Non, ez dakit. Ez daukat argi Euskal Herrira itzuli nahi dudan, ala Madrilera joan. Kanpoan lan egitea asko gustatzen zait, eta zalantza hori daukat.
Aukera gehiago al dago kanpoan?
Euskal Herrian ere badago lana, baina zerbait gehiago egitea ere gustatzen zait, eta Euskal Herria hor egongo da.
Zaldibiatik ateratzea kostatu omen zitzaizun bere garaian.
Bai. Ikus-entzunezkoak ikasi nahi nuen, eta amak eta izebak animatu ninduten Burgosera joatea, gaztelera ere lantzeko. Garai hartan Zaldibiatik ateratzea niretzako drama bat zen. Baina atera nintzen, eta eskerrak! Gero Chilen egon nintzen ikasten, Madrilen ere bai… Orain Cadizen nago, lehen Kariben… Horrek lagundu dit mundua beste era batera ikusten, Zaldibiatik aparte gauza gehiago daudela ikusten.