Ataun San Gregorioko Igartzate baserriko alaba da Anarro Imaz (Ataun, 1965). Hogei urte zituela erabaki zuen baserritik bizitzeko apustuari heltzea, eta horretan dihardu oraindik, «panorama beltza» ikusi arren sektorean. Emakume baserritarren jardunaz ere aritu da hitz-aspertuan.
Ganadua mendian eduki ohi duzue, baina dagoeneko etxean dituzue behiak. Lehortearen ondorio?
Guk normalean apiril-maiatzean ateratzen ditugu larrera, etxeko lurretan, Iturtxo aldean, eta gero normalean, urria bukaerara aldera arte kanpoan ibiltzen ditugu. Aurten, lehorra dela eta hilabete eta erdi lehenago etxera ekarri behar izan ditugu, eta jada neguko janak ematen aritu behar, hori ere arazoa. Neurtuta emanez gero behintzat, osatzeko bidea ikusten dugu aurtengoa, baina oso uda txarra, lehorra, bolak sekula baino gutxiago egin ere bai, eta ufff… panorama beltza.
Horren beltza al dago?
Orain beldurra ematen du txekor bat gizentzen hasi behar zarenean. Txikitan larrean dabiltzanean pentsua jartzen diogu ontzian, horretara ohitzen dituzu eta errazago etortzen dira, baina hori dena kostua da, eta ia buruari buelta asko ematen: larretik zuzenean bidali behar ditugun, gizentzen segitu behar dugun, baina hor koste handia dago, eta guk beti esaten duguna da gauza bakoitzari bere prezioa zergatik ez zaion jartzen. Urtetako erronka darabilgu horrekin, baina berdin segitzen dugula ikusten dut. Haragiaren prezioa ez da igotzen beste guztia igotzen den adina. Gero, handik eta hemendik laguntzak ematen dizkigute, baina ez da nahikoa.
Betiko aldarrikapena da prezio duinarena. Lortuko al da hori?
Beti esan dugu hori, bai esnetarako garaian, bai orain, eta uste dut bizi guztian segituko dugula gauza bera esaten.
Pirenaika arrazako ganadua hazten duzu orain, baina lehen esne behiekin aritzen zineten.
Apustua hauekin egin genuen. Anaia jubilatu zenean, ikusi genuen lasaitu egin behar genuela, eta kendu egin genituen esne behiak. Buru asko ere ez genituen, 30 inguru. Saldu egin genituen, eta haragitarako hauek jarri genituen.
Hortaz, erabat bakarrik orain?
Anaiak laguntzen dit oraindik, bestela ez dut uste aurrera eramateko bidea bakarrik egingo nukeenik. Etxean generoa baldin badaukazu bai, baina bolak egin behar, igarra gutxi egiten dugu guk… Makineriarekin eta denarekin ibiltzeko anaiaren laguntza daukat.
Bolada batean salmenta zuzenarekin ere ibili zineten. Zergatik erabaki zenuten uztea?
Bost kiloko paketeekin lan egin dugu, baina ikusi dugu jendeak merkera jotzen duela. Baneuzkan fijo xamar 22-23 lagun, baina hori, txahal bat hiltzen duzu, eta hortik 30 edo 32ra, pakete batzuk etxean gelditzen hasi ziren. Azkeneko hiru hilabeteetan esan genuen horrela ezin genuela jarraitu, izozkailua betez, eta utzi egin genuen. Pena eman zidan, hilean segidan-segidan izaten ziren, eta denekin ere harreman ona nuen.
Jendearen kontsumo eta erosketa ohiturak aldatzen ari dira. Haragi gorriarekin bakarrik da hori?
Ez haragi gorriarekin bakarrik, preparatu eta kozinatu behar den hori, gazte jendearen artean asko ikusten da falta dela. Denok egiten dugu denda handira joate hori –nik ere bai, aurretik jarrita– baina gero, preparatutako generoa zenbat ikusten den karroetan, eta esaten duzu: ‘Joño, nola aterako dugu guk hau aurrera jendea horrela ari baldin bada’.
Eta orain nora saltzen duzue?
Valentin Gabilondo laguna dut, hori komertziala da izatez. Lehen karnizeroetara bai, baina orain horiek ere errazagoa daukate, nahi duten pieza ekartzen diete nahi dutenean, eta orduan, osorik ia inork ez du nahi izaten. Eta orain Valentinekin nabil, kenduko zizkidala esan zidan, eta hala nabil. Nik berari saltzen diot, eta gero berak enplegatzen du. Etxekoentzat-eta, urtean bat-edo hilko dut, baina bestela…
«Haragiaren prezioa ez da igotzen beste guztia igotzen den adina. Urtetako erronka darabilgu horrekin»
«Gizarteak eta kontsumitzaileek egin behar dute txip aldaketa, baina baita goiko agintariek ere»
Zenbat urte langintza honetan?
Anaia betidanik, eta ni ere bai kasik. Eskolarako amorrazio gehiegirik ere ez neukan, animali asuntoa gustatu egiten zitzaidan, eta esan nuen ni ere hementxe geldituko nintzela.
Eta zenbat urte pasa dira harrezkero?
Nik orain 57 dauzkat, eta hogei urte nituenetik fijo xamar lan honetan. Urte dezente dira.
Goierrin batzu-batzuk izan zarete baserritik bizitzeko apustua egin duzuen emakumeak eta horren aldeko aldarria egin duzuenak gizartearen aurrean, Emakume Baserritarren Elkartea (Ebel) sortuz, esaterako.
Asko izan gara bai, baina beti jartzen zaio aldamenekoaren aurpegia, gizonezkoarena. Beti besteen pare ibili gara, agian besteek adina ez dugu egingo, baina besteen pare ibili bai. Eta beti izan gara ondokoak, haren alaba, haren emaztea, beti abizena bagina bezala sentitu izan dut. Orain pixka bat ari zaio buelta ematen, eta badago errekonozimendu bat. Gabiriako Amelia-eta [Jauregi] izan dira hor asko ibili direnak.
Hori zuek orain dela urte asko egindako lanaren emaitza dela esan daiteke.
Bai, horren ondorio izan daiteke bai. Ikusgarritasun hori emateko lan handia egin da, kanpoko lanak eta etxekoak egin behar direlako, ez kanpokoak bakarrik. Helduen zaintzan, beti emakumea. Denera moldatzen jakin izan dugu. Makinarekin ez, baina bestelako lanetan parean ibili gara beti.
Urriaren 15a Emakume baserritarren eguna da. Aldarrikapen eguna, ospakizun eguna, zer zentzu eman beharko litzaieke halako egunei?
Azaltzea, eta ikustaraztea betidanik egon dela emakumea hor. Zer aldarrikapen? Errekonozimendua behar duela emakume baserritarrak, emakumea izan da gure historian baserriari eutsi diona hein handi batean. Eta ospakizuna? Aldarrikapen hori gero eta gehiago azalduko balitz gu gustura sentituko ginatekeela iruditzen zait.
Eta sektorea nola ikusten duzu?
Nik ez nuke inor bultzatuko hemen sartzera. Zerbait daukanak gaitzerdi, baina hutsetik behar duenak… Txip aldaketa hori eman behar da derrigorrean.
Aldaketa hori zeinek eman beharra dauka, kontsumitzaileak?
Gizarteak eta kontsumitzaileek bai, baina goiko agintariek ere bai! Baserriko produktuari dagokion balioa eta dagokion prezioa eman behar zaio, eta hemen gertatzen dena da tartean dagoen jendeak jaten duela ikaragarri, eta nik hori eskatuko nuke, gauza bakoitzari prezio duin bat jartzea. Hemen baserri asko eta asko itxiko dira. Eta gero burokrazia kontuak daude. Azkenekoa, TicketBai. Lehen nahikoa kontrol ez, eta orain bat gehiago. Honek ere ez du lagunduko sektorea ugaltzen, hasi aurretik beste gastu bat dakarrelako.