Aurten 75 urte bete dira Aralarko Igaratzan bertako eguna ospatzen hasi zirela, eta Aralarko San Migelen irudia hara lehen aldiz eraman zutela. Nafarroako lurretatik ateratzen duten aldi bakarra da. Metro gutxi batzuk bada ere, Gipuzkoan izaten da 1947az geroztik, urtero (ataundarrek ere lortu zuten herrira ekartzea, 2010eko azaroaren 11n).
Igaratzako ermitatxoa 1946an eraiki zuten tolosarrek, Gasteizko gotzainari baimena eskatuta. Aldarea soilik babesten zuen kaperatxo bat besterik ez zen orduan, eta geroztik erantsi zizkioten sakristia eta jendearentzat tokia. Lehenengo urtean Tolosako Eskolapioak joan ziren meza ematera. Baina bedeinkapeneko meza Aita Alberto Begiristain beneditarrak (Ataun, 1895) eman zuen. 1946ko irailaren 15ean.
Giltzarria eta estimatua izan zen gero ere Aita Alberto. Maiatzaren aurrenetik urriaren azkenera igandero ematen zuen meza. Lazkaoko komentutik Lizarrustira bizikletan joaten zen, eta handik Igaratzara oinez, bi orduko mendi bidean. Gainera, bezperako gauerditik ezer jan eta edan gabe egon behar izaten zuten orduko meza emaileek eta Jauna hartu nahi zutenek; baraurik, alegia. Udako bero galdatan, egarriak penatzen zuen; meza eman ondoren, lehenengo lana ura edatea egiten zuen.
Igaratzako ermita handitua 1947ko irailaren 21ean inauguratu zuten. San Migelen irudia orduan eraman zuten lehendabiziko aldiz.
Omenaldiak 1983an eta aurten
Lazkaoko beneditarrak estuki loturik egon dira Igaratzarekin. Begiristain fraide ataundarrak luzaroan eutsi zion iganderoko langintzari. Hainbeste, ezen 1983ko urriaren 30ean omenaldi bat egin baitzioten, 88 urte zeuzkala, ordura arteko 36 udatan jaiero meza eman zuelako. Elurra egin zuen, eta artzainak mendian harrapatu zituen. Ardiak biltzen lanak izan zituztenez, artzain gutxi joan zela dio ekitaldian bertsotan zen Txomin Garmendiak bere Erririk erri liburuan (Auspoa Liburutegia, 1984). Mendizaleak, aldiz, ugari.
Geroztik ere jarraitu zuten beneditarrek Igaratzara igotzen. Abuztuaren 14an –abuztuko bigarren igandean ospatzen da Igaratzako Eguna orain–, Rufino Mujika eta Juan Joxe Agirre beneditarrak omendu zituzten Aralarko Adiskideek. Agirre 1947ko lehen festa-egunean ere han zen.