42 ikasleko gela bat (8. OHOkoa) eta 30 bat ikasleko beste hiru gela (7. OHOkoak). Horietan eman behar nituen Natur Zientziak eta, orduan, Preteknologia deitzen zen gaia Beasaingo Alkartasuna Lizeo zaharrean irakasle gisa abiatu nintzen lehen ikasturtean. 1975-76 ikasturteaz hitz egiten ari naiz. 26 urte bete berriak nituen.
Urte haietan, oso handia izan zen guraso eta irakasleen aldetik egin zen lana, euskara eta euskal hezkuntzaren berpiztea helburu. Ikasle kopuru handia ikasgeletan, instalazio eskasak, euskarazko testuliburu gutxi, baino ilusioa eta talde lana ikastola aurrera ateratzeko. Ikastolen berpizteari buruz asko hitz egin eta idatzi da eta nik ez dut horretan gehiago jorratuko. Ikasgeletan zegoen barne-dinamikaz hitz egingo dut, beti ere nire esperientziatik.
Ikastolen helburu bakarra ez zen euskara indartzea. Pertsona arduratsuak, kritikoak, aktiboak, taldean lana egiten zekitenak… izatera eraman nahi genituen ikasleak, eta aldi berean hori dena gustoz egitea. Galdetuko diozue zeuen buruari: eta nola da posible hori 30-40 ikasleko geletan? Irakasleok, memorizazioan, testuen errepikapenean, bakarkako lanean… hezitako pertsonak ginen denak, baina uste dut jakin izan genuela pedagogia berritzaileak ezartzen, zailtasunak zailtasun.
Freineten pedagogia eta Konstruktibismoa ziren gure lanaren ardatz nagusienetakoak. Ikasleek, eginez ikasi behar zuten, eta egiten zutena beraiek pentsatua izan behar zen.
Natur zientziak
Gogoan dut, natur zientzien kasuan, inguruneko problema bat planteatzen niela ikasleei galdera moduan, eta ikasleek, taldean lana eginez, gertaera edo problema horri buruzko hipotesiak formulatu eta eztabaidatu behar zituztela, ondoren hipotesi horiek frogatzeko esperientzien diseinua landuz (hor irakaslearen laguntza bereziki garrantzitsua zen).
Esperientziaren ondorioak eztabaidatzen zituzten hipotesia betetzen zuten edo ez jakiteko. Horrela lantzen genituen hainbat gai (elektrizitatea, materialen propietateak, naturara irteerak, erreakzio kimikoak…).
Eta esperientzien diseinua hain erraza ez zen kasuetan, irakurketa aukeratuak proposatzen genizkien eta taldeko eztabaida bultzatu.
Preteknologia izeneko gaian ere, asko lantzen genuen eredu teknologiko sinpleen eraikuntza (mekanika eta elektrizitatea konbinatzen zituzten sistemak batez ere) baino beti ere ikasleek asmatutako diseinuetatik abiatuz.
Lana egiteko modu hau atsegina zen ikasle gehienentzat, nahiz eta behin ikasle batek esan omen zuen «gauza hauek Ximonen gauzak dira». Ez zen hain gustura egongo saio horietan.
Ahalmenak garatzen laguntzea
Beti pentsatu izan dut irakasle baten lana ez dela ikasleei erakustea, baizik eta ikasleei beren ahalmenak garatzen laguntzea. Ikasleengandik abiatzen ez den pedagogia bat porrota da. Eta zentzu horretan, zailtasun handienak dituzten ikasleei laguntzea zinez garrantzitsua da.
Horretan jardun genuen urte askotan. Eta orain, 42 ikasleko gela hartan zeuden ikasleak jubilaziora hurbildu direnean, ezin ukatu harrotasun puntu bat nabari dudala egindako lanagatik.