Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Aldamenean eseriko zaizu eta isildu ere ez da egingo» esaten zuen, baina zuk zure artean: «Kasik nahiago, neuk hitz egin beharrik ez». Hurrengo bidaideetako bati buruz ere bazekien zerbait. «Isil-isila da. Zortzi orduz ondoan edukitzeko ezerosoa». «Tira, horrekin ere hitz egiteko beharrik ez» zure buruari.
Jakiteak ez duela okupatzen esaten dute erdaldunek. Bera euskalduna izan, ordea, eta mugatik hurbil zeukan gigabyte kopurua. Arreta erneegi ez izaten ahalegintzen zen, alferreko informazio gehiegi ez garuneratzeko. Trukuak zituen horretarako. Laneko bileretan, esaterako, Goierriko 24 herriak buruz zerrendatzen aritzen zen, Legorretatik Brinkolaraino, aurrena, eta goitik behera, ondoren. Lagunari kartzelara egiten zion bisitetarako, berriz, hiru gai arin izaten zituen prestatuta, beti berberak: sei herri handietako zinegotzi transfugak, euskal gatazka zinema espainiarrean eta tomateak.
Gainezka egiteko zorian zela txapelketako bertso saio batean konturatu zen, lehenengo aldiz. Nereak poto egin zuela esan zioten. Nola egingo zuen ba poto Nereak? Baina, saioa aztertu eta hala zen. Poto bat oharkabean pasa zitzaion lehen aldia zuen. Bertsoak gogoratzeko gaitasun berezia izan zuen ordu arte. Behin, lagun bihurri batek erronka botata, saio bateko 92 bertsoen azken puntuak zerrendatu zituen bata bestearen atzetik ordenan, agurrak barne. Entzun gabeko poto haren ondoren erabaki zuen burmuina babesteko neurriak hartzea.
Mirentxinen egingo zenuen azken bidaiarako ere, adiskide presoak eman zizun pasaiarien berri: «Oso atseginak dira. Bidaia entretenitua izango duzu». Motxilan bi liburu sartuko zenituela erabaki zenuen, irakurtzeko itxura egiteko.