Maitane Garmendiak (Urretxu, 1978) mendia gustuko izan du beti. Basogintzako Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen eta egun basozain lana egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Segura, Zegama eta Zeraingo basozaina da. Bere lana oso gustuko du.
Zein izan zen basoan egin zenuen lehen lana?
Baso inbentarioak egiten hasi nintzen. Lehenengo lana Leitzarango baso inbentarioa egitea izan zen. Uda osoa pasa genuen bertako zuhaitzen neurketak egiten. Zuhaitzen diametroa eta altura neurtuta, zenbat egur dagoen jakin dezakezu. Landareei buruzko datuak ere hartu genituen.
Noiz hasi zinen basozain lanean?
Leitzarango inbentarioa egiten ari nintzenean baso-teknikari eta basozain oposizioak atera ziren. Ezin izan nintzen teknikari lana egiteko aurkeztu, oraindik ez bainuen titulurik. Hori dela eta, basozain izateko aurkeztu nintzen. Oposizioak espero baino hobeto egin nituen eta zerrendan sartu nintzen. 2001ean izan zen hori. Inbentarioak egin eta gero langabeziara pasatzen ginen eta partzonerian ere lan egin nuen, ehiza garaian. 2005ean Gipuzkoako Foru Aldunditik deitu zidaten baja hartu zuen lankide bat ordezkatzeko. 2006an berriro oposizioak egin ziren eta berriro zerrendetan gelditu nintzen. Administrazio eta finantza modulua ere egin nuen, Goierri Eskolan. Ampo enpresan lan egiten hasi nintzen, lan egonkorra nahi bainuen. Dagoeneko itxaropena galduta nuen, baina 2010ean aldunditik deitu zidaten eta Zegama, Zerain eta Segurako basozaina izatea eskaini zidaten. Ampon oso gustura nengoen, baina basozain izateko ikasi nuen eta, gainera, etxetik gertu lan egitea eskaini zidaten.
Zenbat basozain zaudete Gipuzkoan?
48. Gure departamentuak bi atal ditu: basozaintza eta izadi zaintza. Basozainon artean herrietako basozainak eta parke naturaletako basozainak gaude. Herri guztiek bere basozaina dute eta ni Zegama, Zerain eta Segurako basozaina naiz. Aizkorri-Aratz parkean basozain bat dago eta nik horrekin kointziditzen dut. Herrietako basozainok baimenak emateaz (mozketak, erreketak…), diru laguntzak kudeatzeaz, basoan egiten diren lanak kontrolatzeaz… arduratzen gara. Izadi zaintzakoek fauna eta florarekin lotutako lanak egiten dituzte: arrantza eta ehiza kontrolatu, animalien jarraipena, ibaien egoera, isurketak…
Lur-jabeekin harreman estua duzu, beraz.
Edozein zalantza dutenean, guregana jotzen dute. Orokorrean, lur-jabeekin harreman ona dugu. Guk mendi legea aplikatzen dugu eta beti dago lege horrekin ados ez dagoen norbait, baina orokorrean harreman ona dugu. Asko zaintzen gaituzte.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Egun guztiak ezberdinak dira. Eguraldiaren eta jendearen beharren arabera moldatu behar izaten gara. Iraileko azken aurreko astean jendeak euria zetorrela ikusi zuen eta erreketak egiteko baimenak eskatzen hasi zen.Uda aurreko garaia, berriz, mozketa garaia izaten da. Diru laguntzak ere uda aurretik ateratzen dira. Eta neguan landaketa lanak egiten dira. Garai horretan aholkularitza lana egiten dugu. Jendearengana joaten saiatzen naiz, beraiei bulegora etortzeko eskatu beharrean. Bulegoa gainean eramaten dugu. Paperak Land Roverrean eramaten ditugu. Duela urte batzuk tablet bat eman ziguten eta horrek gure lana erraztu du. Mendian bertan tramiteak egin ditzakegu, planoak ikusi…
«Beti dago legearekin ados ez dagoen norbait, baina lurjabeekin harreman ona dugu orokorrean»
«Beldurra genuen, baina sute gutxi egon dira eta oso txikiak izan dira: jendea kontzientziatua zegoen»
«Geroz eta jende gehiago ibiltzen da 4×4 auto, motor eta bizikletekin pistetatik kanpo eta debekatua dago»
Lur-jabeek legeak errespetatzen al dituzte?
Bai. Erreketa bat ikusten dugunean, tabletean baimendutako erreketak zeintzuk diren begiratu dezakegu eta inguru horretan ez dugula baimenik eman ikusten badugu, bertara joaten gara. Sute bat edo baimenik gabeko erreketa bat izan daiteke. Legea behin eta berriz hausten duenari, salaketa jartzen diogu.
Zorionez, sute gutxi egoten dira Goierrin.
Uda oso lehorra izan da. Beldurra genuen, baina sute gutxi egon dira eta oso txikiak izan dira. Jendea kontzientziatua zegoen.
Iraileko azken asteko euria gustura hartuko zenuten.
Bai. Behar zen. Gure lanerako ez da oso erosoa, baina behar handia zegoen. Oso lehor zegoen guztia.
Udak geroz eta lehorragoak direla uste al duzu?
Neguak bigunagoak dira eta urtaroak aurreratzen ari dira. Baina uda honetakoa puntuala izan da. Aurreko urteetako udak hezetasun handiko udak izan dira: goizean lainoa eta eguerdirako sargoria. Aurtengo uda askoz ere lehorragoa izan da.
Lur-jabeen jarreraz hitz egin duzu. Eta mendira joaten diren kaletarren jarreraz zer diozu?
Itxialdia amaitu zenean, jende guztia mendira joaten hasi zen. Ez dugu sekula horrenbeste jende ikusi. Askok ez zituzten mendiko arauak ezagutzen. Bestalde, geroz eta jende gehiago ibiltzen da mendian 4×4 autoekin, motorrekin eta bizikleta elektrikoekin, pistetatik kanpo. Pistetatik kanpo auto, moto edo bizikletekin ibiltzea debekatuta dago. Horrekin geroz eta arazo handiagoa dugu. Bidexketan oinezkoak bakarrik ibili daitezke. Txirrindulariak baimendutako probatan bakarrik ibili daitezke bidexketan.
Nola ikusten duzu gure basoen etorkizuna?
Baserritarrak etsipen puntu handi batekin ikusten ditut. Gehienek ez dute erreleborik eta pinuaren gaitzak zalantza handiak sortu ditu. Ez badu dirurik ematen, zertarako landatu? Eta landatzea erabakitzen badute, zer landatu? Jende askok egiten digu galdera hori. Guk ere ez dakigu etorkizunean zer izango den errentagarria. Basoak denbora eskatzen du, emaitzak ez dira egun batetik bestera lortzen. Jendeak lehenbailehen irabazia lortu nahi du eta azkar hazten diren espezieetara jotzen du. Baina hemen oraingoz ez da eukaliptoa landatzeko joera ikusten. Inflexio puntu batean gaude. Pinua bota duen jendeak ez du ezer landatu edo espezie ezberdinak landatzen ari da. Batzuk hosto zabalak landatu dituzte, beraien ondorengoek onddoak bildu ditzaten sikiera. Beste batzuk produkziorako landatzen jarraitzen dute eta pinu maritimoa edo kriptomeriak hautatu dituzte. Nik beti espezie ezberdinak landatzea komeni dela esaten dut, pinuarekin gertatu dena gerta ez dadin. Aniztasuna oso ona da. Zenbat eta aniztasun handiagoa egon, zailagoa da gaitz bat sartu eta denei erasotzea.
Baso jabeen kooperatibak hizpide izan dira azkenaldian.
Mugimendu batzuk egon dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak Basotik aurkeztu zuen… Horiek guztiak interesgarriak izan daitezke erreleborik ez duten baso jabeentzat.
Ez zarete lur-jabeen utzikeriaren beldur, beraz.
Batzuk zuhaitzak bota ondoren ez dute ezer landatzen, baina hemen basoa bere kasa birsortzen da. Lehen bi urteetan erosio arazoak-eta egon daitezke, baina zortzi bat urtetan jantzi egiten dira. Lur aberatsetan haritzak, urkiak, lizarrak… etortzen dira. Datorren hori zaintzen baduzu, kalitatezko egurra lortu dezakezu. Baina jendeak produktibitatea espezie bakarra landatzearekin lotzen du. Eta gainera, konifera, ez bertako espeziea. Baina ez du zertan horrela izan. Gainera, krisi klimatikoa dela eta, egurraren prezioa igo egin da. Su egur eta pellet eskaria hazi egin da.
Goi tentsioko lineek eta zentral eolikoek ere basoetan eragina dute.
Jabeei kaltea eragiten die. Lineak errazen zaien tokietatik pasatzen dituzte eta duela 25 urte landatu zuen baso koxkor bat duenari baso erdia bota diezaiokete.
Udazkenean sartu gara. Nolakoa izaten da garai hau zuentzat?
Garai honetan diru laguntzak eta eskatu dizkiguten lanak jarraitzea tokatzen zaigu. Diru laguntzak landaketetarako, basoen garbiketetarako, pistak egiteko, ezpondak egiteko… izaten dira. Bestalde, udazkena ehiza garaia da. Garai honetan, guk ere ehiza zaintzen dugu. Neguari dagokionez, abenduan eta urtarrilean jendea landaketekin hasten da: terrenoa garbitu, zer landatu kontsultatu…
Zenbat emakumezko zaudete aldundiaren basozaintza zerbitzuan?
48tik, hiru bakarrik. Egia esan, ez dakit zergatik. Nafarroan eta Araban gehiago daude. 2006tik ez dugu oposiziorik izan eta, hala, zerrendetan ez daudenak ezin dira sartu. Hurrengo oposizioetan emakumeak animatzea espero dut. Nik behintzat, horretara animatzen ditut. Egia da, dena den, basoa oso mundu maskulinoa dela. Duela gutxi mendia sasiz garbitzen ari zirenen artean emakumezkoak ikusi nituen eta poztu egin nintzen. Emakume izateagatik ez dut inongo arazorik izan, denek errespetuz hartu naute.
Oposizioen gaia behin baino gehiagotan aipatu duzu.
2006. urtetik ez da azterketarik egon. Hori dela eta, jendea lortzeko arazoak dituzte. Izan ere, zerrendak eguneratu gabe daude. Zerrendetan dagoen jendeak urte asko daramatza mundu honetatik kanpo. Dagoeneko deialdia egin da eta ea behingoz plaza finkoa lortzen dudan.
Lanbide polita al da?
Batzuk lanbide hau idealizatuta dute. Egun osoa paseoan ematen dugula uste dute, baina basozainok mendira joaten garenean lanera joaten gara. Bestalde, lan honek ere baditu bere gauza txarrak. Ehiztari eta egurketari batzuei aurre egin beharra, adibidez. Ehiztari batzuek babestutako espezieak tirokatzen dituzte, hiru tiro baino gehiago egiten dituzte, egurketari batzuk makinekin edozein tokitara joaten dira… Ehiztarien artean lehen baino kontzientzia handiagoa dago, baina batzuei beti mugan ibiltzea gustatzen zaie. Zer den lanbide honek duen onena? Naturan lan egin ahal izatea.
Txakolin baserritik Finlandiara
Maitane Garmendiari etxetik datorkio basozain bokazioa. «Txakolin baserrian jaiotakoa naiz. 12 urte nituenean baserria bota egin zuten Mugitegi industrialdea egiteko. Gurasoei, batez ere aitari, mendia asko gustatzen zaie. Dena den, aitari motozerrarekin laguntzea eskaintzen nionean, ezetz esaten zidan. Mina hartuko nuen beldur zen. Egun, sastraka kentzen ikusten nauenean, oso ondo egiten dudala esaten dit».
Hala, Basogintzako Ingeniaritza Teknikoa ikastea erabaki zuen. «Zalantza asko izan nituen, baina argi nuen zuhaitzekin eta basoarekin lotutako zer edo zer nahi nuela. Irakasleek ingeniaritza bat ikastea praktikoa izan zitekeela esan zidaten eta hori aukeratu nuen. Estatuan bost lekutan bakarrik zegoen ikasketa horiek egiteko aukera. Lleidarako, Palentziarako eta Madrilerako eskaera egin nuen eta Madrilen hartu ninduten. Zalantza asko izan nituen. 18 urterekin Urretxu bezalako leku batetik Madrilera joatea eta bakarrik gainera… Hasierako hiru hilabeteak oso gogorrak izan ziren. Dena euskaraz egitetik dena erdaraz egitera pasa nintzen. Lekua ezberdina, jendea ezberdina… Baina moldatu nintzen eta gustura egon nintzen bertan».
Finlandiara ere joan zen. «Sei hilabete egon nintzen, Erasmusekin. Madrilen ematen ez genituen ikasgai batzuk ematen zituzten. Informazio geografiko sistemak, adibidez. Finlandia Euskal Herriaren oso ezberdina da. Laua da eta dena makineriarekin egiten dute».