Lazkaoko Udalaren boluntariotzako laguntzak baliatuz Galapago uharteetan (Ekuador) izan da aurten Ioritz Barandiaran (Lazkao, 1992) landaredia berreskuratzeko zenbait ekintza egin eta bertako komunitateari laguntzen. Iaz, berriz, Costa Rican izan zen 3.400 dordoken arrautzak jaso eta berreskuratze kanpaina batean parte hartzen. Duela 7 urte bere begiez ikusi zuen itsas azpiko egoera eta zerbait egin beharra zegoela konturatu zen. «Milaka tona hondakin solido iristen da itsasoetara, eta horri irtenbide bat emateko asmoz ekintza txikiak egiten hasi nintzen». Honela hasi zen hitzaldi eta tailerrak ematen, hondakinek errekan buka ez zezaten sareak jartzeko eskatzen… «Baina beti irteten da norbait aurka. Badirudi ekintza on bat proposatzen duzulako eredugarri izan behar zarela, eta inor ez da %100 koherente bizi garen sistema honetan». Jasotako kritikek indarrak apaldu bazizkion ere, norbanakoen ekintzekin aldaketa asko lor daitezkeela uste du. «Baina entitate publikoen eta enpresen babesa ezinbestekoa da. Erakundeen erabakiek, tamalez, ez dute ingurumenaren edo pertsonen ongizatea helburu izaten. Eta hala dirudienean ere, sarritan aurpegi zuriketak baino ez dira izaten, green washing hutsak».
Ze zaletasun dituzu?
Urpekaritza eta bidaiatzea.
Pelikula bat edo telesail bat.
El niño que domo el viento.
Liburu bat.
Lonely planet.
Abesti bat.
Itoiz taldearen Hegal egiten.
Zer gosaltzen duzu?
Kafea.
Oporretarako leku bat.
Egon gabeko edozein leku.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire iloba jaio zen eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Opari guztiak dira bereziak.
Amets bat.
Errespetuz eta berdintasunez biziko den gizarte batean bizitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Ilunabar polit bat.
Goierriko txoko bat.
Lazkaomendi.
Lazkaon biziko ez bazina…
Kostaldeko herriren batean.