Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Asmakizuna. Zeintzuk dira lan munduan gehien esaten edo idazten diren hitzak. «Egunon», «Zer moduz asteburua?» edo «Zer plan duzu zubirako?» Ez. «Oso liatuta nabil»; edo, haren parekoa den, «lanez gainezka nago». Ez dut ikerketarik egin, baina badauzkat hori baieztatzeko datu nahikoa. Are gehiago, aurkezpen bat egin dezaket grafiko eta guzti. Sektoreka, sexuka, hilabeteak edo aldiak kontuan hartuta. Izan ere, azken bi-hiru urteetako laneko hartu-emanak aztertu ditzaket eta Teleberriko albistegia irekiko duen ondorio eta titular sorta sortu.
Eta, zergatik daude liatuta edo lanez gainezka? Horrek ere ikerketa sakondu eta emaitzak borobiltzeko aukera ematen du. Ematen den lehen arrazoia: bilerak. Bilera asko dugu langileok. Zerbait konpontzeko edo erabakitzeko? Ez dakit, baina bileraz josita bizi gara lan esparruan. Batzuetan bilera bat antolatzeko beste bilera bat egiten dugu, eta ondoren, hura baloratzeko, beste bat. Bilera luzeak, amaitezin eta sakonak. Bigarren arrazoia, gainontzeko lankideen oporrak edo egun libreak. Hala da; ondokoak libratu behar eta neronek egin behar haren lana edo behintzat haren lanaren azaleko kudeaketa. Hori diote, behintzat, ikerketa honetako laginean dauden hainbatek. Hirugarren arrazoia, ikastaroak. Etengabeko ikasketa prozesuan gaude lan munduan eta hortaz, beti daukagu ikastaroren bat. Hor sar daitezke, noski, inglesa eta beste hizkuntzak hobetzeko barne ikastaroak. Eta gero, bakoitzaren funtzioarekin harremana duten egitekoak daude, hots, produkziotzat ulertu ditzakegunak.
Batek esan lezake, bilerak, ikastaroak eta oporretan edo egun libreetan daudenen larrialdiak kontuan hartzea ere lana dela. Eta nik ere hala uste dut. Baina hiru gai horiek gainontzeko guztia horrenbeste eragiten dutenean, barne edo kanpo lan antolaketa arazo baten aurrean gaudela esan daiteke, agian. Egia da atal edo arlo produktiboak exigentzia maila eta abiadura handia duela; eta gauzak atzorako direla maizegi entzuten dela. Gainera zenbaitetan plantila gutxitu eta lehen bi pertsonek egiten zutena orain batek egin behar duela. Baina egoera hori normalizatzea ez da komeni.
Egia da askotan egon gaitezkeela liatuta, eta lan karga aldakorra denean, batzuetan zereginekin goraino. Baina egunero, astero, hilabetero horrela egotea ez da eraginkorra, eta ez da osasungarria eta, hortaz, alarmaren bat piztu beharko luke. Eta ez dut sinisten hori aztertzeko ere liatuta gaudenik. Bada, arazo honen inguruan aritzeko antolatu dezagun bilera.