Bihar, urriak 22, Etxarri-Aranatzen (Sakana, Nafarroa) izango dira Goierriko Ernaiko kideak, bertakoekin harremanak egin, saretu eta egun bikaina pasatzeko. Gazte Eguna izenpean antolatu dute egun hau, Gazte eta aske dinamikaren barruan, eta dena prest dago jada biharko eguna borobila izan dadin.
Goizean goiz, autobusez joango dira goierritarrak Sakanara, 11:00ak alderako. Bertan, ongi etorria egingo diete nafarrek eta hitzaldira joango dira zuzenean. Jule Goikoetxea eta Lur Albizu izango dituzte hizlari goizean. Jule Goikoetxea filosofo politikoa eta irakaslea da, eta mugimendu feministan prestigio handiko emakumea. Lur Albizu, berriz, lanbidez euskara teknikaria da, eta horrez gain, ibilbide oparoa izan du Ernai gazte antolakundean eta mugimendu feministan. Gaur egun Sorturen arduradun politikoa da. Borroka, erresistentzia eta emantzipazioa izenburupean emango dute hitzaldia bi hizlari horiek.
Ondoren, elkartasun argazkia aterako dute. Antolatzaileek diotenaren arabera, «bidea egiten» ari dira pixkanaka eta «gero eta gutxiago geratzen da», baina ekimenez ekimen jarraituko dute «azkenak bidea urratu arte», beraz, argazki horrekin presoen etxeratzearen aldeko aldarria botako dute gazteek Etxarritik. Jarraian, bazkaria izango dute, hau ere presoen aldeko bazkaria, Lazkaoko Jotake taldearen eskutik.
Bazkal ondoren, aisialdi eskaintza hasiko da. 18:30ean DJ Expuela izango dute herrian zehar, poteo giroa alaitzeko, mozorroz eta kolorez betez herria. Lehen aldia izango da talde honek ikuskizun bat egingo duela eta diotenaren arabera «ikusteko gogoz» daude, ea zer dakarten.
Gauean, 23:00etan hasiko dira kontzertuak, Etxarriko Gaztetxean. Lehenengo Pleura taldea izango dute, ondoren, Añube taldea, Ataungo, Arrasateko eta Bergarako gazteek osatutako taldea. Azkenik, Ormaiztegiko zubi azpitik Etxarriraino egingo dute salto DJ Zepe & Menorrek, giroa alaitzeko asmoz.
Antolatzaileek diote «saretzeko eta harremanak egiteko aukera bikaina» izango dela eta horrez gain, «ondo pasatzeko tartea» ere izango dute. Behin egun hau pasata aurrera begira jarri eta «lanean jarraituko» dutela adierazi dute Ernaiko gazteek.