Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko da 46. aldiz bihar, Seguran. Bosgarren dantza eguna ere egingo dute. Azken horren harira, polka erraldoiaz gain, flashmob-a prestatu dute Azpilla Dantza Taldeko ikasleek lehen aldiz.
Dantza izango da nagusi bihar Seguran, eta dantzariak protagonista. Batetik, Euskal Herriko 46. dantza txapelketa jokatuko da Baratze pilotalekuan, eta bestetik, 5. Dantza Eguna ospatuko dute herritarrek. Alde batetik eta bestetik, jai giroak, musikak eta dantzak beteko dituzte kaleak eta espazioak. Azpilla Dantza Taldeko ikasleek polka erraldoia eta flashmob-a prestatu dituzte eta herritarrak animatu dituzte haiekin batera dantzatu dezaten.
1977an antolatu zen lehen aldiz Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa Seguran, eta dantza eguna, berriz, 2016an. Dantza eguna ez da ulertzen txapelketarik gabe. Iosune Arrondo kultur zinegotziak azaldu bezala, dantzari eta txapelketari beste ikuspegi bat emateko antolatzen da, dantza pilotalekutik atera eta edonork dantza eginez egunaz goza dezan: «Herri osoan dantza giroa egotea da helburua». Azkeneko bi urteetan ez da ospatu eta aurten berreskuratuko dute, «ilusioz».
Azpilla Dantza Taldekoek gidatuta, polka erraldoia egingo da aurreko urteetan bezala. Herritarrak animatzeko sare sozialetan eta difusio taldeetan tutorial moduko bat zabaldu dute, egunean bertan koreografia jakin dezaten, koreografia eta musika ezberdina izaten baitira urtero: «Euskal dantzetako pausoak izaten dira, dantza modernoko pauso batzuekin», azaldu du Azpilla dantza taldeko Maddi Monterok. Bi urteko etena egon den arren, herritarrak polka erraldoian sartzea eta dantzan jartzea espero dute: «Agian etenarekin kosta dakieke, baina espero dugu animatzea eta parte hartzea». Bihar, hitzorduaren aurretik, entsegu bat ere egingo da plazan bertan.
Aurtengo Dantza Eguneko berritasuna flashmob-a izango da. Ehun bat ikasle daude Azpilla dantza taldean. Haiek ere «egunaz goza dezaten eta parte hartu dezaten» antolatu dute bigarren dantza erraldoi hori. «Ikasleek koreografia ikasita eramango dute, dantzan hasiko dira eta gero jendeak batzeko aukera izango du».
Aukeran konpainiaren emanaldia
Segurarrentzat antolatzen da Dantza Eguna, txapelketaz harago egunaren parte izan daitezen. Herri bazkaria egingo da eguerdian; haurrentzako makarroiak eta postrea, eta helduentzako entsaladilla, karrillerak eta postrea, edo entsalada, garbantzuak barazkiekin eta postrea. Dantza herrikoiaz aparte, gainera, Aukeran Dantza Konpainiak Hurrengo Geltokia emanaldia eskainiko du, Edu Murumendiarazek zuzenduta.
Dantzaririk onenak
Dantza Egunari amaiera emateko, 18:00etan 46. Euskal Herriko Dantza Txapelketa izango da. Baratze pilotalekuko ateak 17:15ean irekiko dituzte. Euskal Herri mailako dantzari onenak elkartuko dira, eta bertan erabakiko da nor den bikote txapelduna. Aurten bederatzi bikotek parte hartuko dute. Gipuzkoarrak dira denak, bat izan ezik: Sopela, Lezo, Zestoa, Azpeitia eta Bergara ordezkatuko dituzte bikoteek. Dantzariek zortzi pausoko fandangoa txistuz Isilkara Txistulari Taldearen musikarekin dantzatuko dute, eta Arin-Arina trikitiaz Estanga anaia-arrebak trikitilarien piezarekin. Dantza epaimahaia Gabriel Alonsok, Idoia Besadak, Karlos Sarriegik, Koro Sarasolak eta Xabier Mendizabalek osatuko dute, eta jantzi epailea, aldiz, Estibaliz Iturria izango da. ETB1-ek bihar bertan emango du txapelketa, 21:30etik aurrera.
Jai herrikoietako erromerietatik sortutako dantza solteak garapen handia izan du urteen poderioz. Txapelketa izan daiteke horren isla. Teknika zehatzagoa, jantzi ezberdinak, pauso handiagoak edo mugimendu zabalagoak lantzen dituzte egun dantzariek txapelketetan. Hankak, oinak, besoak, kokapena, jantziak, bizitasuna, zehaztasuna… hainbat faktore hartzen dituzte kontuan epaileek irabazlea zein den erabakitzeko. Bikote batek irabaziko du bihar, baina txapela lortzeko lehia alde batera utzita, dantzaren espresio modu ezberdinez gozatzeko eguna izango da. Azken 46 urteetan bezala, Segura Euskal Herriko dantzazaleen topagune bilakatuko da egun batez.
1981ean udalaren eskaera Eusko Jaurlaritzari
Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa Seguran lehen aldiz 1977an egin zen, Guillermo Areizaga alkate zela. Hurrengo urteetan ere Seguran egin zen, baina 1981ean Segurako Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari betirako herrian ospa zedin eskatu zion, eta ordutik ia mende erdia pasa dute urtez urte txapelketa antolatzen. 1991n Areizaga hil zen eta 1994tik Guillermo Areizaga saria ematen da lehen aldiz aurkezten diren bikoteen artean ongien sailkatu denari. Udalaren Sari Nagusia Nestor Basterretxearen eskultura lanak izan ziren eskultorea zendu zen arte. 2019tik Aitor Ruiz de Egino artistaren garaikurra jasotzen du irabazten duen bikoteak. Dantza jantzien saria eta lurralde bakoitzeko ongien sailkatu den bikoteari bere Foru Aldundiko saria ere banatzen dira. 1977tik 1982ra frontoi zaharrean egin zen txapelketa. Baratze pilotalekuan 1983an egin zen lehen aldiz. 1997tik 2008ra San Joan festetan egin zen, eta 2009tik urrian egiten da, denboraldi amaieran.
5. Dantza Eguna
2020an eta iaz ezin izan zutenez ospatu, aurten berrekingo diote Dantza Eguna egiteari. Hona hemen egitaraua:
- 11:30ean. Herritarrak plazan elkartuko dira eta ondoren dantzatuko duten polka entseatuko dute Azpillako kideekin.
- 12:00etan. Azpilla Dantza Taldeak gidatutako polka erraldoi herrikoia.
- 12:30etik 13:30era. Aukeran Dantza Konpainiaren Hurrengo Geltokia emanaldia plazan. Euria egiten badu Errebote plazako karpan izango da.
- 14:30ean. Herri bazkaria Errebote plazan. Txartelak udaletxean eta liburutegian daude salgai.
- 15:30ean. Azpilla Dantza Elkarteak gidatuta, flashmob-a plazan ikasleekin.
- 18:00etan. 46. Euskal Herriko Dantza Txapelketa Baratze Pilotalekuan.