Inork gutxik ezagutzen dituen hiru mugarri ederrek banatzen dituzte Urretxu eta Antzuola, Deskarga inguruan. Mendi horrek historia luzea du, ez beti pakeosoa, soldaduak eta gerrilariak gerran aritu baitziren paraje horretan.
Urretxuk badu Errege Bidea. Eta justu aurten 500 urte bete dira eraikitzen hasi zenetik, Gipuzkoako Batzar Orokorren aginduz. Errege Bidea (orduko autopista) soldaduek eta erregeek, eskaleek eta merkatariek erabiltzen zuten, Madrildik Europara bidaiatzeko, eta alderantziz. Urretxuko zatia errepide nagusi hari lotu zitzaionetik, historiako pertsonaje famatuak igaro ziren herritik, hala nola, Felipe IV.a Espainiako erregea 1617an, haren alabaren ezkontzara zihoala. Velazquez margolaria ere berarekin zihoan.
Non dago bada ikusgai Errege Bidearen zatia? Gaurko Ibiltariren hasieran, Etxaburu jatetxe ondotik abiatzen den harrizko estrada hori baita. Ehun metro inguru izango ditu. Beherago ere bada beste zati bat, luzeagoa, institutura igotzeko makina bat ikaslek urtetan erabilitakoa. Biak ala biak harribitxiak dira, ondo zaintzea merezi dutenak.
Etxaburu jatetxe ondotik abiatzen den estrada da Erregebidea, ehun metro ingurukoa. Beherago ere bada beste zati bat
Deskarga Zahar ingurua gatazka latzak bizitako tokia da. Han egiten zien eraso frantsesei Jauregiko Gaspar gerrilariak
Santa Barbara baseliza atzean utzi eta Agerre baserrira gerturatzean zelaietan behiak, ardiak, eta euskal zerri ederrak dabiltza larrean. Apustu sendoa egin dute bertakoek abeltzaintzatik bizitzeko, eta egunero zabaltzen dituzte eskualdean haiek ekoitzitako esnea, jogurtak eta bestelakoak. Garai batean baseliza bat omen zegoen hor, eta Santa Barbarako baselizan dagoen San Antonioren eskultura Agerreko ermitatik eramandakoa izatea ere baliteke.
Eguzki erlojua Deskarga Zaharren
Ikusmira paregabea dago Agerretik. Urretxuko baserririk garaiena izanik, zertxobait beherago ikusiko ditugu Zabaleta, Iturbegoikoa eta Iturbeazpikoa… Atzerago, Legazpiko Lakiola mendia, eta are hegoalderago, Aizkorri mendikatea. Gainean, Irimo. Eta Deskargako portuaren aldapak ere gertu.
Jonmikel Intsausti gidariak esandako bidetik aurrera jarraituz, Boton mendixka aldera, eta ezkerretara hartuta pista batean barrena azalduko da eguneko lehenengo mugarria. Antzuolako sailak beste aldera. Egia esateko, bi mugarri dira, elkarren ondo-ondoan. Boton atzean utzi eta zuzenean beheraka darama bidezidorrak, Deskarga Zahar baserrirantz. Baserri gainean, hurritz arte batean, hor topatu du Intsaustik bigarren mugarria ere. Horrek oso garbi dauka zizelkatua ‘Villarreal’ hitza alde batean, letra gorriz. 1608an egindako mugarriketan ezarritakoa da.
Deskargako lepoan garai batean baino lasaitasun handiagoa dago egun, trafikoa asko gutxitu baita Beasain-Durango errepidea berria ireki zutenetik. Deskarga Zahar baserria beti bezain loretsu dago, aldapan gora azkeneko esfortzua egiten duten txirrindulariei eskainitako sari moduan edo. Eraikinaren ertz batean, eguzki-erloju ederra, 1779an jarritakoa: Merecit Agustin de Alzola dauka idatzita.
Gatazka latzak gertatutako tokia da hori. Hementxe egiten zien eraso Jauregiko Gaspar gerrilariak Armada Frantseseko soldaduei, 1810ean, 18 urte besterik ez zituela, artzain izateari utzi eta borrokari lotu zitzaionetik. Goierri osoan aritzen zen Artzaia, eta hildako asko eragin zizkion Napoleonen armadari, baina Irimo magaleko bazter hauetan ibiltzen zen erosoen, umetatik ondo ezagutzen baitzituen Deskargako bidezidorrak eta ezkutalekuak.
Ondorengo urteetan Zumalakarregiren kontra eta Espainiako Gobernuaren alde egin zuen gerra Jauregik, Karlistadetan. Zumalakarregi Jauregiren aginduetara egon zen bere ibilbide militarraren hasieran, frantsesen kontrako gerrilari gisara, baina hara, urretxuarrak ez bezala, ormaiztegiarrak bazekien irakurtzen eta idazten, eta erakutsi egin zion Jauregiri.
Mugarririk ederrena, hirugarrena
Errepidean beste aldean, hor ageri da gaurko hirugarren mugarria, zalantzarik gabe guztietan ederrena. Eta handiena. Hiru herriren arteko muga egiten du (Urretxu, Antzuola, Legazpi) eta hiruen izenak dauzka zizelkatuta. ‘13’ zenbakia ere ikusten da aldamenean. Gainaldean burdinazko pieza bat du harrian itsatsia, eta pieza hori hiru adarretan zabaltzen da, bakoitzaren puntan gurutze bat. Egon, errepidearen ondo-ondoan dago, eta ikusi ere erraz egiten da, baina haraxe begiratu behar…
Oraingo errepidea (Urretxu-Deskarga-Antzuola) 1765. urtean ebaki zen, baina aurretik ere bazen hemendik igarotzen zen beste bide bat, hain zuzen ere Lakiolamenditik Mendiaratz Goikoa baserrira jaisten zena.
Deskarga gainean taberna egon zen urte luzez. Deskarga Zaharreko Mariano Izagirrek kontatzen zuenez «igandero, uda partean, egoten zen erromeria. Antzuolarra zen Lazaro Elorza etortzen zen, eta Deskargako taberna inguruan zegoen sailean jotzen zuen akordeoia. Bolatokia ere bazegoen. Kobratu egiten zuen, eta dantzan zebilenei pegatina bat jartzen zien bereizteko. Denetik jotzen zuen, sueltoa eta ‘agarraua’, gero komediak apaizaren aurrean konfesatzerako».
Berriro Santa Barbarara itzulita, ibilbideak Mendizabal, Zabaleta, Iturbe… baserrietatik jarraitzen du. Belardiak, pagadiak eta hariztiak dira nagusi bizkar honetan. Inguru hauek guztiak korritzen dituzte Lurra taldeko dantzariek Inauterietan, zenbaitetan elurra zapalduta ere bai.
Kontuan hartzeko
- Zabaletako Amabirjina Beltza. Zabaleta baserriaren ondoko San Sebastian baselizan gordetzen zuten ‘Zabaletako Amabirjina Beltza’ izenekoa. Donejakue bidea ere, Gipuzkoa barnekoa, hemendik igarotzen zen, San Adriango tunelerantz. Elezaharrak dioenez, zazpi Amabirjina Beltz iritsi ziren Ataunera, eta handik hedatu ziren Gipuzkoan. Horietako ezagunenak Junkal, Guadalupe eta Koro izan ziren.
- Santa Barbara. Ibiltariek atsedena hartzeko, bazkaltzeko edo eztarria freskatzeko tokia Santa Barbarako taberna-jatetxe-aterpea da, Aizkorriri eta Aralarri begira. Norberak motxilan eramanez gero, berriz, inguru honetan harrizko mahaiak eta aulkiak nonahi daude. Umeek jolas egiteko parkea ere badago, baita toka ere saiatu nahi duenarentzat.
- Ibilbidea luzatzeko aukera. Gehiago ibiltzeko gogoa dutenek, dezente luzatu dezakete ibilbidea, Agerre baserria pasatakoan Deskargara hartu beharrean aurrera jarraituta. Hala Meaka-Trekutz iturrira iritsiko dira pistaz, eta handik badaukate Zazpi Puntak eginez Irimoko tontorrera iristerik eta handik berriro Santa Barbarara edo Etxaburu jatetxera ailegatzerik.
Fitxa teknikoa
- Luzeera: 7,9 km
- Iraupena: 3 ordu
- Desnibel metatua: 295 m
- Zailtasun teknikoa: Erraza