Nekane Gonzalez • Legazpi
Argazkia ikustearekin bat, irribarrea marraztu zait ezpainetan: «Aiiii… garai haiek…». Zenbat urte ez ote diren igaro «begiratu denok hona… bat, bi eta…» esanda argazki kamerak klik egin zueneko hartatik. Adina? Dozena erditik gora salto handirik gabe. Lekua? Ikastolak Itxaropen auzoan zeukan eraikineko gela bat. Han ibiltzen ginen batera eta bestera, andereño Axunen begiradapean. Zeinen goxoak haren hitzak, zeinen ondo zaintzen gintuen…
Matematika, euskal hizkuntza, gaztelania, txirula… artean izendapenen garrantziaz jabetzen ez ginela ikasten genituen «gauzak» denak ere. Geure munduan bizi ginen, ukipen gailurik eta teknologia berririk gabeko mundu hartan. Etxean, kalean eta ikastolan entzundakoekin osatzen genuen iruditeria, kanpoko erreferente eta eraginik gabe.
Putzuetan salto egin; lainoen itxuraren arabera, hainbat irudi imajinatu; hortza noiz eroriko zain egon, Perez sagutxoak ekarriko zigun oparitxoaren irrikaz; aire zabaleko jolasetan aritu, haurrez betetako auzoetan; etxekoek kontatutakoak adi entzun, horixe baitzen informazio iturri oparoena; «handitan» andereño Axun bezalakoa izatearekin amestu… Orain oso sinpletzat ditugun ekintzekin marraztu genuen haurtzaroa, eta kolorez eta zoriontasunez margotu.
Transmisioa
Kantuak nituen nik gustuko: Pintto Pintto, Ran Rober Ran (garai hartan, gehienontzat, «Ranrroberra»), Jon Braun, Euskal Herrian Euskaraz… Behin ikasi, eta kanta eta kanta aritzen ginen ikastolatik kanpo ere. Eta, hala, ia jabetu gabe, euskal kulturgintzaren transmisioan parte hartzen ari ginen.
Tarteka, geure hizkuntza eta kulturaren transmisioan zerbait oker egiten ari garela iruditzen zait, eta argi daukat kanpoko erdal erreferente erraldoien aurka egiteko estrategia bat osatzea besterik ez zaigula geratzen, baldin eta gure seme-alabek ere euren haurtzaroa euskararekin lotzea nahi badugu.
Azaroaren 26an
Irudiko guztiok (eta beste 100 bat legazpiar) 77koak gara, eta, horrenbestez, 45 urte bete edo beteko ditugu aurten. Eta orduko oroitzapenek etenik izan ez dezaten, «kintada» egingo dugu azaroaren 26an. Kanpora bizitzera joan direnak, hurbil baina urrun bizi direnak, herrian jarraitzen dugunak… denok elkartuko gara berriz.
Nork beretik pixka bat emanez, txikitako gure mundu hari jarraipena emango diogu, eta elementu berriekin osatuko dugu orduko iruditeria. Egun horretan ere aterako dugu argazkia, eta seguru nago, urte mordoxka baten buruan, aurtengo argazkia ikustean ere irribarrea marraztuko zaidala ezpainetan «Aiiii… garai haiek…» xuxurlatuz.