Antton Fernandez Lasa • Dantzaria
Abentura entretenigarri batean gabiltza hamabi aktore eta beste hainbeste dantzari, zuzeneko hamaika musikari, hamar abeslari eta bi abesbatza, Gontzal Mendibilen zuzendaritzapean: Goierrin bertan ondo sustraituta dauden kooperatiben bultzatzaile nagusitzat hartzen den Jose Mari Arizmendiarrietaren bizitzaren inguruko Hazia musikala daukagu martxan. Haren mundualdiaren aitzakian, 1936ko gerraren moduko pasarteak gogoratzen dira bertan; emanaldiaren esku orrietan ageri denez, «Arizmendiarrietaren historia… gure herriari sostengua eta lana eman dion gizon baten historia lokala eta unibertsala da».
Eskualdeko beste bi pertsona ezagutzeko aukera eman digu proiektuak: Ander Aiertza lazkaotarra (antzerki musikala ikasten ari da Espainian, eta entseguetarako eta emanaldietarako joan-etorri ugari egin ditu asteburuetan), eta Maddi Otamendi Irizar beasaindarra. Aurtengo apirilaren 29ko Goiberrin berari egindako elkarrizketa mamitsua dago (Interneten paperean baino errazago bilatuko duzue, akaso: https://goiberri.eus/2022/04/29/orduak-egin-nitzake-musikak-dituen-onurak-zerrendatzen). Azken egunotan birritan irakurri dut berriro, eta identifikatuta sentitu naiz berak esandako hainbat konturekin, irakasle bainabil ni ere ogibidez, esate baterako.
Bestelako lanbideak ditugun dantza, antzerki, zein musikazaleak denbora librean batetik bestera zertan aritzen garen ezagutu nahi baduzue, Haziaren hurrengo emanaldia Donostiako Kursaalen egingo dugu, azaroaren 26an, 20:00an (sarrerak salgai daude dagoeneko). Saltsa askotako perrexil dirudien Maddi kantuan lehenago entzuteko, Muxutruk erromeria taldean ere badabil, eta Beasainen izango duzue okasioa bihar (urriaren 22an) bertan.