Antonio Berasategi
Toponimia kontuetan interes pixka bat duen edonor konturatuko zen nola joan diren aldatzen hizkuntza usadioak etxe izenen alorrean; lehenago ez zegoen Bere Nahia edo Gure Txokorik, ezta Amets Eder edo horrelakorik ere.
Bai, aldatu egiten dira esateko moldeak, hizkuntzaren atal guztietan aldatu ere. Usadioak aldatzeak, gainera, hizkuntzaren beraren oinarria berritzea ere ekarri ohi du. Sintaxia aldatzen da, fonetika, lexikoa…
Toponimia arretaz aztertuz gero, lexiko mailan gertatu diren aldaketez konturatzeko aukera polita dago. Ondorengo adibideok –atal honetan bi emanalditan argitaratuko dira– erakusten digute Goierriko euskaran ahoz guregana heldu ez diren izen eta adiera batzuk lehenago hemen ere ezagunak zirela; leku izenak osatzeko erabili zituzten.
Hitz horiek beste euskalki batzuetan iraun egin dute eta, horrenbestez, hizkuntzak lehenago batasun handiagoa zuela erakusten dute, guri ahozko bide tradizionaletik iritsi ez zaizkigun arren.
(h)orma
Goierriko gaurko eguneko hizkerara ‘pareta’ iritsi da; ‘(h)orma’ ere bai, baina ez pareta esateko, izotza adierazteko baino (nahiz eta badirudien bi adierek izen berean dutela abiapuntua, hots, latinezko ‘forma’-n.
‘Ormaiztegi’ dugu, inondik ere, ‘(h)orma’-dun izen ezagunena; Mitxelenak dio badirudiela kasu horretan ‘(h)orma’-k «ubidea», «kainua», «akueduktua» esan nahi duela; hain zuzen, bainuetxeko ura bideratzeko erabiliko zena. Eta badira beste batzuk ere sail horretakoak: Ormaolatza (Idiazabal), Ormazabal (Zegama) eta Ormazarreta (Legazpi), konparazio baterako (Zegama eta Legazpi arteko Ormakio ere bai, beharbada).
Musu
Badakigu guretzat zer den musua. Baina balio al digu esanahi horrek Zubimusu zer den esplikatzeko?
Ataunen, Beasainen eta Idiazabalen dauzkagu Zubimusuak. Guretzat ez bezala, izena sortu zutenentzat ‘musu’-k zerbaiten «bukaera edo punta» adierazi nahi zuen. Gaur ‘mutur’ erabiliko genuke hori esateko (ogi muturra, hari muturra, eskumuturra…), baina garai hartan nahiago izan zuten ‘musu’.
(artikulu honen bigarren zatia abenduaren 2an argitaratuko da)