Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria
Herenegun, azken belaunaldiko smart-phone onena eskuratu nuen. Zozketarik gabe; zuzenean. Horixe zortea nirea, ezta? Bada, ez. Dagoeneko konturatuko zinen moduan, dena gezurra zen. Irabazi dudala esaten zuen mezu elektronikoa jaso dut. Hori egia da. Baina besterik ez. Eta badakizu zer izan den deigarriena? Ez dela deigarria izan. Tamalez, jabetu naiz ohituegi nagoela horrelako mezuetara. Eta, ez sinisteaz gain, normaltzat ere hartzen ditudala dagoeneko jakinarazpen horiek.
Orain hilabete eskas, Whatsaparen bitartez saiatu ziren. Halako batean, ezagutzen ez nuen zenbaki baten bidez mezua iritsi zitzaidan. Bertan zioenez, aspaldian ikusi ez nuen norbait zen. Amerikako Estatu Batuetatik ari zitzaidala idazten eta ea nor zen asmatzeko gai ote nintzen galdetu zidan. Ustel usaina hartu nion idatziari. Eta horrelakoetan egiten dudan moduan, ezabatzeko gogoa izan nuen. Baina bi aldiz pentsatu ondoren, jokoarekin jarraitzeko grina sartu zitzaidan. Ea nora eramaten gaituen guzti honek…
Lehen pausua, sarean telefono zenbaki hura bilatzea izan zen. Eta hara! Lehen ezustekoa. Telefonoa ez da Estatu Batuetakoa. Bolibiatik ari zitzaizkidan ziria sartu nahian. Hau jakinda, aurrera egin nuen. «Baina nor zara?» soil batekin erantzun nuen. Ez nuen segituan jaso erantzuna. 10 ordu behar izan zituen nire lagun misteriotsuak mezua erantzuteko, baina egin zuen: «Soy alguien que te quiere y te extraña muchisimo». Lotsagabe halakoa, pentsatu nuen. Jendea izorratzeko, berdin-berdin zaie haien emozio eta sentimenduetan murgiltzea. Muturra behar du gero.
Ezagutzen nituen horrelako engainuak. Asko dira euren esperientziak sarean elkarbanatu dituztenak. Horrela hasten dira istorio guztiak. Aspaldiko ezagun misteriotsu batek idazten dizu, eta dena ondo bideratzen badu, dirua eskatzen amaituko du. Zure bihotza biguntzen saiatuko da eta hori lortzen badu, hozka!
Guzti hau buruan nuela, aurre hartzea pentsatu nuen. «¿Papa? ¿Eres tu?» Horra nire kontra erasoa. Gustura geratu nintzen kolpearekin. Ez ziren bost minutu pasa Bolibiatik erantzuna heldu zenean. Baietz aizu! Bera zela esan zidan! Nire aita zela! Eta orduan iritsi zen nire azken tiroa. Albiste txarrak nituela esan nion ‘aitari’: Sentitzen dut baina kontatu behar dizudana ez zaizu gustatuko. Iaz istripua izan genuen eta ama hil egin zen. Orain bakarrik nago eta laguntza behar dut. Dirua behar dut aita!
Ez dut erantzunik jaso ordutik. Aita haserretu zait nonbait.