Ana Alustiza Zabaleta • Nekotz albaitaritza (Zumarraga)
Azken egun hauetan bezero asko ditut etxeko animaliekin zerikusia duten lege berrietan interesatuak. Txakurrei eta katuei dagozkien arau berri nagusiak ondorengo dira.
Batetik, lege berriaren arabera, urriaren 11tik aurrera, Euskadin txakurrek amorruaren aurkako txertoa hartzea derrigorrezkoa da. Dena den, amorruaren aurkako txertoari buruzko legedia desberdina da hainbat autonomia erkidegotan. Nafarroan eta Errioxan (Espainia) bi urtean behin errepikatzen da. Gaztelan (Espainia) eta Extremaduran (Espainia) urterokoa da. Aragoin (Espainia) eta Euskadin txertoaren fabrikatzailearen jarraibideen mende dago. Nik erabiltzen dudan txertoa, adibidez, hiru urtean behin errepikatu beharko litzateke, txakurra ez bada Euskaditik ateratzen. Beste autonomia-erkidego batera joaten bagara, hango arauak bete beharko ditugu.
Bestalde, katuen eta hudoen txertaketa Europako herrialdeetara bidaiatzera doazenean bakarrik da derrigorrezkoa.
Mikrotxipari dagokionena, txakurrak mikrotxiparekin identifikatuta egon behar dute, amorruaren aurkako txertoa jarrita, eta erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute. Katuak mikrotxiparekin identifikatuta egon behar dute.
Animaliak babesteko
Ekainaren 30etik etxeko animaliak babesteko lege berri bat dugu, besteak beste animalien ongizatea bilatzen duena. Mota guztietako animalien sakrifizioa, tratu txarrak, espektakulu, mutilazio, abandonuak, garraioa… arautzen ditu.
Urtarrilean kode zibilaren aldaketa bat izan zen, etxeko animaliak sentsibilitatea duten izaki bizidunak direla onartuz. Hori garrantzitsua da maila judizialean (ezkontza-banantzeak, enbargoak…).
Espainiako aurreproiektua
Bestalde, Espainian maskotak babesteko lege-aurreproiektu bat dago, eta badirudi datorren urtean jarriko dela indarrean. Sare sozialetan horretaz albisteak atera dira: txakurren NANa beharko dugula, txakurrak edukitzeko prestakuntza ikastaro bat egin beharko dugula… baina hori guztia ez da oraindik onartu. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabe askok horiei buruz legea aldatu dela uste dute baina oraindik ez da horrela.
Euskadin iaz, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren zerrenda handitu zuten. Hamabi hilabete bete baino lehen esterilizatzeko betebeharra ezarri zuten, eta txakur horiek gurutzatu eta haztea partikularrei debekatu zieten.
Geroz eta etxeko animalia gehiago daude, erregulazioa zorrotzagoa da eta animalien ongizatearekiko kezka ere zorionez handiagoa da.