Orain dela mende bateko industri teknologiaren aztarna dira CAFen Zaldibiako ur deposituak. Gaintzola edo Arkakatxiki deritzon parajean, Enirioko galtzada hasten den lekuan dago handiena. Bi baitaude. Goiko hori 470 metroko garaieran dago: luzean 200 metroko eta zabalean 10 metroko urtegi edo ur biltegia da, hiru zatitan banatua, eta malkarrak aginduta bezala sestran eraikia, lauzpabost metroko hormarekin.
Depositu horretatik haranaren hondoan dagoen Arkakako zentralera edo indarretxera zuzenean jaisten zen ur-saltoa, 570 metro luzeko hodian. 220 metroko garaieran dago zentrala; kilometro erdian, 250 metroko desnibelak ematen zion potentzia, beraz.
Beherago, 305 metroko garaieran aurkitzen da bigarren depositua, goikoa baino txikiagoa (luzean 60 metro eta zabalean 8-10 metro). 185 metroko hodia jaisten zen handik indarretxera.
CAFen bigarren energia gunea
Beasaingo CAF lantegiarentzat argindarra sortzeko eraiki zituzten instalazio horiek guztiak –bai deposituak, bai zentrala–. Lehenbiziko energia sorkuntza Oria ibaian jarri zuen tren-bagoi enpresak, 4,40 metro altuko presa bat eraikita; 120 zaldiko galdara bat eta 100eko lurrun makina bat ziren turbina.
Zaldibian 1902an jarri zuten bigarren presa, Aiestaran auzoan eta Osinberdeko urak jasotzeko. Segundoko 350-400 litroko emariarekin, Aralarko iturburu oparoena da. 1902ko abenduaren 9an erosi zituen artean SECM Sociedad Española de Construcciones Metalicas deitzen zen enpresak Zaldibiako errekako ustiapen eskubideak. Ur emaria urtaroka aldatzen zenez, 1910ean handitu zuten, eta Osinberdeko Zentral Txikia eraiki zuten. Bi presa haiekin, 2.000 zaldiko potentzia lortzen zen; alternadore turbo bat erosi zuten harako.
Beasaingo Fabrika Handiak eraldaketa handiak egin zituen XIX.-XX. mende aldaketan. Langileria 469 lagunera murriztu zuen 1905ean, baina 1908rako atzera 869 langile zeuzkan. Guardak edo zaintzaileak ere ez zituen gutxi, XX. mende hasieratik. Beasaingo eta Zaldibiako zentralak zaintzeko, guarda kopurua handitu zuten; 1920an 32 ziren.
Zentrala urez hornituko zituen deposituak eta ubideak zaintzeko etxebizitza eraiki zuen enpresak. 1930etik aurrera, Santiago Izagirre eta Asun Salaberria zaldibiarrak bizi izan ziren Deposituetan. Izagirrek hango kanaletan egiten zuen lan. Haien alaba Modesta Izagirrek jarraitu zuen, Bernardo Irastortzarekin ezkonduta. Deposituan otorduak eta taberna zerbitzua ere ematen zituzten. Ibigailuentzat errepidea 1970ean zabaldu zuten haraino.