Mikel Alvarez Sarriegiren idatzizko lehen lanak zientzia fikzioa, nobela beltza eta umorea nahasten ditu. Fokua, generoan beharrean, mamian jarri du, halere: «Testuinguruak edo tresnak beste zerbaitetaz hitz egiteko». Hizkuntza gutxituak edota imajinario kolektiboa ditu ardatz.
Mikel Alvarezek (Beasain, 1982) Augustin Zubikarai literatura beka irabazi zuen abenduan Euskalia ideiarekin: XXIII. mendean kokatutako nobela beltz bat da. Aurkikuntza harrigarri batzuei esker, euskaldunak unibertsoko potentzia nagusi bihurtu dira, eta Euskalia deitu diote Galaxiarteko erresuma horri. Denak ez daude pozik, hala nola, kultura espainiarraren berreskurapenaren alde ari diren Izar eta Ugutz. Garai bateko espainiar kultura eta hizkuntzaren gailentasuna berreskuratu nahi lukete erresistentziako kideek, eta hori lortzeko estrategia pentsatu dute: XXI. mende hasierara bidaiatu, iraultza handia abiatu zen unera, eta hura posible egin zuten gertakariak zapuzteko. Zientzia fikzio ukituak ditu eta umorea etengabea da.
Euskaliaren ideia nondik dator?
Euskal Harriaren ABDak lan kolektibo bat egin genuen 26 sortzailek 2015ean. Bakoitzari hizki bat tokatu zitzaion eta, horrekin, zientzia fikziozko, fantasiazko edo beldurrezko film labur bat egin behar zuen. Niri U tokatu zitzaidan eta Ultrafesta egin nuen, etorkizun disparatutako bateko modako kirol baten inguruan. Garai horretan, proiektu horretan murgilduta geundelako, ideia guztiak etortzen ziren gai horien inguruan. Gainera, sartu ginen prozesu batean Euskal Telebistari zientzia fikziozko komedia bat saltzeko. Oso gertu izan ginen, baina azkenean ez zen posible izan. Ideia pila bat gustatu zitzaidan, ordea, eta ez nuen nahi hor gelditzea. Ataun of the Death eta Napardeatheko taldekideak hasi ginen ea guk egin genezakeen, baina eskura genituen baliabideekin ezinezkoa zen. Baina egin nahi nuen, nahiz eta bakarrik eta diru gabe izan. Nola? Idatziz. Hasi nintzen ideia literatura formatuan lantzen, nora nindoan jakin gabe, ideia garatzeko modu bakarra zelako. Bekaren berri izan nuen, ideia entregatu nien eta nire harridurarako beka eman zidaten.
Lehen ideiatik asko aldatu da?
Ideia izan nuenetik beka irabazi nuen arte urteak pasa dira eta bitartean zientzia fikziozko gaiak alboratu egin nituen. Duela bost urteko ‘nia’-n sartzeko ariketa egin beharra izan dut, eta lehengo ‘nia’-k idatzitako hori berrirakurri. Askoz ere disparatuagoa zen hura eta ez nintzen horren eroso sentitzen. Tonua apur bat jaitsi dut, eta sinesgarriagoa bilakatu da bigarren Euskalia hau.
Formaldu egin zara?
Da gehiago zer interesatzen zaizun une bakoitzean. Aldatu egin naiz.
Errazagoa da liburu bat idaztea telesail bat egitea baino?
Nik banuen ideia bat, maiteminduta nengoena, eta aurrera atera nahi nuena. Nire kodea ez da literatura, gidoiak dira, baina jabetu naiz literaturak badituela baliabideak oso baliagarriak direnak: literaturan nahi duzuna jar dezakezu, gero nola grabatu pentsatu beharrik gabe. Edo pertsonaien pentsamenduak sar ditzakezu. Edo informazioa ezkutatu dezakezu… Baina liburu bat idaztea oso zaila da. Pare bat atal kendu egin behar izan ditut oso bisualak zirenak eta idatziz funtzionatzen ez zutenak.
Erraz moldatu zara idazten?
Oso ondo pasa dut. Idazten ari nintzen bitartean barre asko egin dut. Zoragarria izan da. Gainera, onarpen batekin hasi naiz, eta horrek lasaitasuna eman dit. Hau da, beka bat eman didate, esan didate nire ideia guay dagoela eta tresnak eman dizkidate amaitu ahal izateko. Eta nire kodea literatura ez denez ez nuen sentitzen maila jakin bat eman beharra nuela.
Zure idaztizko lehen lana da.
Informazioa dosifikatzeko argi nuen non esan zer. Eskema eginda nuen beka eman zidatenerako. Orduan, sentsazioa izan dut lineak eginda nituela eta falta zitzaidala margotzea, historia eginda zegoela. Oso era naturalean idatzi dut.
Gustura, beraz.
Orain arte gauza gehiago egin ditut, baina beti dira enkarguak edo talde lanak. Hau izan da zerbait erabat nirea. Askatasun osoa izan dut. Ni nago hor. Zientzia fikzioa eta nobela beltza gustatzen zaizkidan bi genero dira, eta umorea atxikirik dudan zerbait da. Ezinezkoa zait idaztea ironia erabili gabe.
Erreferentziaz josita dago lana. Ez dira arriskutsuak? Irakurleek ez ulertzeak ez zaitu beldurtzen?
Imajinario kolektiboan dago gakoa. Oso garbi daukat gure erreferentziak sortu behar ditugula euskaldunok. Horretarako gauza piloa egin behar ditugu, eta hau da ale bat. Erreferentzia asko dira gure kulturakoak, gure historiakoak, gure herrietan gertatzen direnak…
«Imajinario kolektiboan dago gakoa. Oso garbi daukat gure erreferentziak sortu behar ditugula euskaldunok»
«Gu zertan ari gara? Guretik eta guretzako sortu behar ditugu. Oso garbi nuen hemen kokatu behar nuela»
Goierri oso presente dago.
Oso garbi nuen hemen kokatu behar nuela. Extralurtarrak etortzen direnean OHEa beti Central Park-en aparkatzen dute. Zergatik? Zergatik ez Bermeoko portuan? Espainiarrek edo frantsesek egiten dute. Gu zertan ari gara? Guretik eta guretzako sortu behar ditugu.
Euskarazko zientzia fikziozko egileak badaude?
Badaude zientzia fikziozko euskarazko liburuak. Ez naiz aditua euskal literaturan baina etortzen zaizkit batzuk burura: Axel Luzarraga, Mikel Ayllonek Igartza Saria irabazi zuen Ez egin tiro anbulantziei lanarekin, Azken garaipena komikia…
Zalea zara?
Zalea naiz, baina ez nuke esango porrokatua. Isaac Asimoven klasikoak irakurri ditut. Filmak ikusi, gehiago.
Euskalian euskaldunak galaxiako potentzia nagusia dira. Zientzia fikzioa ala fantasia da hori?
Zientzia fikzioa, nobela beltza eta komedia dira testuinguruak edo tresnak beste zerbaitetaz hitz egiteko. Hitz egin nahi nuen zerbait hori da: hizkuntza eta kultura gutxitu bateko kide izateaz eta bestearen azalean jartzeaz, enpatiaz. Hizkuntza zapaldua izan dena bat-batean hegemonikoa bilakatu da eta ariketa hori oso polita iruditzen zitzaidan. Euskaldunok badaukagu jatortasun bat, hizkuntza gutxituen alde, elkartasunean sinesten dugu eta independenteak izango garenean mundu idiliko batean biziko gara. Inondik inora. Hizkuntza hegemoniko bat izango bagina besteak bezalakoak izango ginateke. Ariketa hori egiteko gogo handia nuen eta oso ondo pasa dut.
Eta orain zer? Jarraipenik izango du? Telesaila akaso…
Gustatuko litzaidake. Gainera, Euskalia sei edo zortzi ataleko telesail bat da. Egitura hori du ni gidoilaria naizelako, literaturaren kapa askotara ezin naiz heldu. Baina ez nau horrek itsutzen. Liburuak egin dezala bere bidea. Orain horretarako garaia da. Irakurleak nik idazten pasa dudanaren erdia bezain ondo pasatzen badu, ni oso konforme.
Eta Mikelek jarraituko du idazten?
Historiak sortzen jarraituko dut, hori argi daukat. Umetan marrazkiak egiten nituen, komikiak. Momentu batean konturatu nintzen ezin nuela marraztu buruan nuen guztia, eta idazten hasi nintzen. Idazten ere, nahiz eta ondo pasa eta pila bat gustatu, jabetu nintzen nire lanak ez zituztela aukeratzen. Baina bukatu nuen aukeratzen zuten horiei ideiak ematen. Hor topatu nuen zinea eta gidoigintza. Eroso sentitzen naiz sortzen. Nahiz eta formak aldatu, beti nago istorioak kontatzen.