Berrabiarazi proiektuak duen bisioa eta eskualde mailako lanketa bat izatea dira Legorretako Udalak egitasmoaren alde egiteko gako nagusiak. Industria ehuna ez ezik, gainerako sektore ekonomikoei ere baliabideak eskaintzea premiazkoa dela uste du.
Pandemia bete-betean jotzen ari zenean Legorretako Udala saiatu zen «bere txikitasunetik» herriko establezimenduei laguntzen, baina Berrabiarazi proiektua aurkeztu zietenean «pauso bat harago» joan zintezkeela ikusi zuen Zelai Amenabarro alkateak. «Guri aukera ona iruditu zitzaigun herriko industriari, ekintzaileei eta establezimenduei laguntzeko. Goiekik diagnostiko bat egin zuen, eta hor atera ziren premiei aurre egiteko modu bat zela konturatu ginen. Udalari ahalegin ekonomikoa egitea suposatu dio, baina iruditzen zaigun merezi zuela ahalegin hori egitea».
Proiektuak bailara mailako izaera edukitzeari ere balioa ematen dio Amenabarrok, eta horri lotuta bi mezu eman ditu: «Batetik, iruditzen zait partaideei beste bisio bat ematen diela eskualdeko izaera horrek, baita elkarrengandik ikastekoa ere. Bestetik, eta aldi berean, udal txikiok baliabide falta dugu, bai giza baliabide falta eta baita baliabide ekonomiko falta ere, eta horregatik esaten dut gakoa izan dela eskualde mailan lantzea proiektua».
Industriarentzat ez ezik, ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu sektoreentzat bideratutako proiektua izan behar duela argi du alkateak, «zalantzarik gabe gainera». Goierrin industriak «ehun handia» duela uste du, eta iruditzen zaio gainontzeko sektoreei ere «ehun hori eman» beharko litzaiokeela «txikitasun horretatik» abiatuta. «Proiektu honekin aukera daukagu herriko ostalari, dendari eta ekintzaileei formazio bat eskaintzeko, eta ikusi da horietako askok digitalizaziora jo dutela. Pandemiarekin atzeman zen, eta ikusi da, arrisku bat ez ezik, aukera bat ere izan daitekeela etorkizunari begira».
Babesa handi nahiz txikientzat
Legorretak bederatzi parte-hartze izan ditu orain arte Berrabiarazi proiektuan. Industria arlokoak izan dira gehienak, nazioartekotze eta digitalizazioei gaiei lotuak. Haren arabera, enpresek «erraztasun handiagoa» daukate horrelako formazioetan parte hartzeko, baina proiektu honi bestelako alderdi bat ere sumatzen dio: «Enpresek begi onez ikusi dute egoera honetan sare bat edukitzea, edozer gauza dela ere nora jo jakitea». Eta sare hori babesleku modura ikusi badute Legorretako enpresek, zeresanik ez autonomo eta ekintzaileek. «Horientzat izugarria da babes hori badutela sentitzea, bestela oso bakarrik sentitzen baita pertsona bere eguneroko horretan».
Berrabiarazi proiektua «oraingoz behintzat emaitza oso onak» ematen ari dela uste du Legorretako alkateak, eta berriz ere «bisio» hitza aipatu du. «Bisio bat du, etorri diren aldaketei ez ezik, etor daitezkeenei aurre egiteko balio baitezake». Iruditzen zaio «aurrerantzean ere proiektu garrantzitsua» izan daitekeela Berrabiarazi, eta hasitako bide hori jorratzen jarraitzeko asmo argia du gainera.
Zerbitzuei eustearen alde
Era «ez ofizialean» bada ere, fisioterapiaren eta osasunaren arloko zerbitzuak eskaintzen ibili izan da beti Olatz Nazabal legorretarra. Ostalaritzan urte dezente egin eta gero –hamar urtean Baliarraingo Zartagi ostatu-aterpetxean, besteak beste–, gelditzea erabaki zuen: «Lehen umea edukita, bigarrena ere bidean, zazpi urtez etxean egon nintzen. Gero hirugarrena ere etorri zen, baina zerbait egiteko gogoa eta beharra nuen. Etxe azpian lokal propio bat dut, eta pentsatu nuen beti gustatu izan zaidan mundu honen alde egitea. Nahi nuen nire ordutegia antolatu, ez nuen nahi besteen menpe egon, umeekin ordutegi oso malguak behar baitira».
Lokala berritu, eraldatu, eta orain sei urte, 2016an, ireki zuen Legorretan HbiO zentroa. Masajea eta K-Stretch zerbitzuak eskaintzen ditu. Horretarako Goiekiren Ekintzailetza zerbitzura jo zuen aholku eta laguntza eske, eta harrezkero harremanetan jarraitzen du. «Beti eskaini didate laguntza informazio aldetik, zer laguntza dauden, zer formazio… Oso eskertuta nago».
Berrabiarazi proiektuaren barruan txertatutako TicketBai formazio saioan parte hartu du Nazabalek. «Niri gai hauek beti egin zaizkit astunak, eta profesional batekin egonda erraztu egiten dira. Enpresa txikioi laguntza hauek beti etortzen zaizkigu ondo». Lanak beldurrik ez dio sortzen, baina «burokraziak lanerako gogoa kentzen» dio. «Hori eskatuko nieke instituzioei, ekintzaileei eta enpresa txikiei gauzak errazteko, eta baloratzeko egiten duten lana».
9 enrpresa
Legorretako 9 enpresek parte hartu dute proiektuan. Berrabiaraziko ekintza eta saio ezberdinetan ari dira parte hartzen Legorretako ekintzaile eta enpresak. Nazioartekotzean 2, Digitalizazioan 5, eta Lan Erreforma eta TicketBaiko formakuntzetan bana.