Joxe Mari Gabiria Pikasarri • Zumarraga
Fotografien kajea esaten zion gure amak. Han gordetzen zituen, altxorra bailiran, familiako argazki zaharrak. Guraso eta senideak agertzen zirenekoak –oso gutxi, tamalez–, iloben jaunartze eta ezkontzakoak, seme-alaben eskola garaikoak, senarrarekin lagunartean edo bidaiaren batean ateratako banaka batzuk… Ez ditut inoiz zenbatu, baina esango nuke izango direla bostehunen bat, gehiago ez badira.
Ez dakit zein filosofok esan zuen oroitzapenek ematen diotela benetako zentzua bizitzari. Hala uste dut nik ere. Oroitzen ez den hori bizi ez izanaren parekoa baita. Hutsa. Ezereza. Eta alderantziz, gogoko gertakariak bi aldiz bizitzeko aukera ematen ditu memoriak, oroitzapenak.
Zergatik uste duzu Zumarragako Hiri Lorategiko haur eskolako ia lagun denak ditudala oraindik gogoan, gehienen izen-abizenak esateko moduan, ordutik hona hirurogeita bi urte pasa diren arren? Erantzuna jakingo duzula irizten diot, baina, badaezpada, esan egingo dizut. 1960ko udaberri hartan, eskola ondoko eskaileretan, norbaitek egin zigun erretratua ondo gorde zuelako gure amak fotografien kajan.
Nolakoak ziren
Oroitzapenen gordailu kartoizkoan jasotako erretratuei begira ohartu naiz gurasoak, aiton-amonak, osaba-izebak gaztetan nolakoak ziren, nola janzten ziren, nola orrazten; etxe barruak, kaleak, herriak nola aldatu diren.
Oroitzapenen gordailu kartoizkoan arakatzen ezagutu nuen osaba Joxe Mari, 1937ko maiatzean, tiroz hil zutena Bizkargi mendian. Aitona Andres Pikasarri ni jaio baino zazpi urte lehenago hil zen, nahiko modu tragikoan. Hura ere ez nukeen ezagutuko bere erretraturik gorde izan ez balu gure amak.
Gora ezkonberriak
Goiko erretratu puzzle horren erdian ageri diren ezkonberriak Amelia eta Inixio dira. Argazkiaren atzeko aldean idatzita dagoelako dakit 1972ko urriaren 28an ezkondu zirela. Egunotan izango zituzten urrezko ezteiak. Zorionak eta bizi ospatu.
Familiakoa izanik, gonbidatuen artean nintzen egun horretan. Erretratu batean agertzen naizelako dakit, auskalo bestela.
Onak dira oroitzapenak, baina bizitza ez ote litzateke eraman ezina izango den-dena gogoratuko bagenu? Horregatik da garrantzitsua zein erretratu gorde eta zein ez ondo asmatzea.