Martin Urkiolak (Beasain, 1961) mekanizatua ikasi zuen Goierri Eskolan. Ogi banatzailea eta ostalaria izan zen eta 25 urte daramatza taxista lanean. «Goierriko taxilariok ondo gaude, hemen enpresa asko baitaude. Beraientzat lan egiten dugu batez ere. Hortik kanpo, lan gutxi dugu. Asteburuetan, gazteekin lan egiten dugu». Beasaingo Odolkiaren kofradiako lehendakaria ere bada. 28 urte daramatza karguan. Azaroaren 5ean odolki lehiaketa egingo dute.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Ibiltzea, pilota partidak ikustea…
Pelikula edo telesail bat?
Pandemia garaian La casa de papel ikusi nuen. Pelikulei dagokienez, El padrino gustatzen zait.
Abeslari bat edo musika talde bat?
Taxian bakarrik noanean, Supertramp jartzen dut. Benito ere gustuko dut.
Abesti bat?
Xalbadorren heriotzean.
Liburu bat?
Egunkariak eta aldizkariak bakarrik irakurtzen ditut.
Kolore bat?
Urdina.
Oporretarako toki bat?
Andaluziako kostaldea.
Zer gosaltzen duzu?
Jaikitzen naizenean, 05:00etan, ez dut gosaltzen. Lehen bidaia egin ondoren, lasai gosaltzea gustatzen zait: fruta eta tostada olioarekin.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Bi alaben jaioteguna.
Sekula egin dizuten opari bereziena?
Gidatzeko baimena eta lehen autoa: Seat 133 hori bat.
Amets bat.
Jubilaziora heltzea eta osasuna izatea.
Goierriko txoko kuttuna.
Lazkaomendi.
Beasainen biziko ez bazina…
Kostaldeko herri batean.