Mugarri guztiek dute historia bat atzetik, baina Goierrin baten bat bitxia bada, hori Segura eta Zegama arteko muga egiten duen Olatxo baserrikoa da. Barrenaldea auzoan dago Olatxo, zati bat Seguran eta bestea Zegaman.
Errepidearen beste aldeko Maittegi baserrian bizi den Mikel Berasategik inguru horretako mugarrien berezitasunak azaldu ditu Migel Anjel aitak lagunduta. «Normalean, herrien arteko mugarriak naturalak izaten dira, errekak edo mendi puntak… ba gu bizi garen lekuan menditik behera Oria ibaira datorren errekatxo batek egiten du muga, baina puntu batean muga horrek erreka uzten du alde batera, eta Zegama aldera sartzen da, Olatxo erdi-erditik harrapatuta». Ondorioz, baserriaren erdia Segura da, eta bestea Zegama, eta hori adierazteko, mugarria zuten jarrita, gainera, sukaldean. Maite eta Begoña Albisu ahizpek gogoan dute harri hura ikusi izana, beheko suaren paretan, duela urte batzuk obra egin zutenean. Tamalez, ez dakite zer gertatu zen mugarriarekin.
Baina baserri horren inguruan mugarri gehiago badira, erreka utzita bi herrien arteko mugak egiten duen desbideraketaren arrastoei jarraituz. Izan ere, Berasategik azaldu duenez, «bide naturala den lekuan, mugarri gutxi daude, baina muga hau berezia denez, 200 metroko tartean sei mugarri daude. Kaminoan bertan, adibidez, mugak zeharkatzen duen puntuan, mugarriak zeuden alde banatan, bata paretan eta bestea pretilen gainean». Baina mugarri horietako batzuk lekuz aldatuta daude, «kaminoan egindako obrek paretakoa estali egin zuten, eta pretila bota zutenez, mugarria ere kendu egin zuten. «Guk jaso genuen eta etxe ondoan daukagu, mugan bertan, bi udaletako ordezkariak berriz ere jartzera etorri bitartean». Mugarririk ez, baina Zegama eta Segura arteko muga bista-bistan dago, bidegorrian zoruan margotuta dagoen arrastoari esker. Beherago, Olatxo igarota Oria ibaian zegoena, berriz, urak Segura aldera eraman zuen. Hori uretatik atera, eta jasota dago baita ere,«bitartean, Zegama handiagoa da», dio Berasategik bromatan.
Goiko irudian, pretiletik kendu zuten mugarria eta errepidearen beste aldean Olatxo baserria ikus daitezke, baita muga bidegorria margotuta ere. Beheko irudian, Oria ibaiaren ondoko bere lekura noiz itzuliko duten zain dagoen mugarria, Cegamaren C hizkiarekin.
Goierri mugarriz mugarri liburuko egileek, bestalde, Goierrin Olatxoren antzeko beste kasu bat bazegoela gogoratu dute, Lapurretxe deitzen zen baserrian, Iturralde Txikin hain zuzen. Baserria ez da existitzen dagoeneko. Ormaiztegi eta Beasain arteko muga erditik igarotzen zen. Etxearen izengoitiak badu zerikusia, gainera, muga horrekin. Benta bat omen zen Iturralde Txiki, eta salmentengatik zergak ez ordaitzeko tranpatan ibiltzen omen ziren beti, herri batek ordainketa eskatzen zuenean, beste herrian egindako negozioari zegokiola argudiatzen zutelako jabeek.
Mugarriak, herrien nortasunaren eta historiaren parte