Eraitz Saez de Egilaz Ramos (Beasain, 1996) zuzenbidean graduatua eta politikaria da eta liburu bat publikatu berri du Lur Albizurekin elkarlanean, Gureak ere badira. Desira, boterea eta epika izenburupean.
Nola sortu zen proiektu hau egiteko ideia?
Iratzar Fundazioak eta Txalapartak formakuntza eta hausnarketa bultzatzeko liburuxka batzuk ateratzen dituzte urtero eta termino horietan sortu da proiektu hau. Hala ere, Lurrek eta biok bagenuen sentitzen duguna eta gure ezinegonak azaldu eta idazteko gogoa eta aukera hau izanik, martxan jarri ginen.
Zein dira liburu honen gako nagusiak?
Egungo egoera kontuan izanda eta gure belaunaldiaren perspektibatik, egun bizi dugun etsipen edo bajoi nahiko orokortu horri nola erantzungo geniokeen azaltzen saiatu gara. Diskurtso politikoa eta praktika askotan ez datoz bat guk ikusi eta sentitzen dugunarekin eta ezinegon horri beste aterabide batzuk eman behar zaizkio. Guk horren aurrean planteatzen duguna da desirari garrantzia eman behar zaiola proiektu eta diskurtso politikoa eraikitzerakoan; bestalde, botereari ere ezin diogula uko egin gurea ere badelako, izan termino indibidualetan zein kolektiboetan eta emakume bezala bizi dugun paper horretatik; eta azkenik, epika bezala ulertu denari eta hau irudikatzeko erabili diren termino eta iruditegiari nola eman behar zaion buelta. Intentzioen inguruko deklarazio bat da. Diskurtso eta praktika politiko horietan ere erdigunea gurea izan behar dela diogu, norbanako bezala zein kolektibo bezala.
«Diskurtso politikoa eta praktika askotan ez datoz bat guk ikusi eta sentitzen dugunarekin eta horri beste aterabide batzuk eman behar zaizkio»
Nola bizi izan duzu prozesua? Gustura zaude emaitzarekin?
Emaitza oso positiboa izan da gure ustez. Prozesua nahiko zaila edo desberdina izan da, izan ere, binaka idazteak bere zailtasuna eman dio. Haserretu gara, ez gara ados egon zenbait kontutan eta “iruzurti sindromea” deritzon hori sentitu dugu zenbait unetan, hau da, ez genuela zertan guk horren gauza argirik idatzi edo ez ginela gai teoriak idazteko. Hala ere, bat erortzen zen unean bestea beti hor egon da altxatzeko eta biok batera aurrera egin dugu.
Nolako eragina izango duela irakurlean espero duzue?
Irakurtzen duenak zein gorputzetatik eta zein errealitatetatik idazten dugun ulertzea espero dugu. Badakigu jendearengan desadostasunak ere sortuko dituela eta debate interesgarriak mahai-gaineratu ditzakeela. Oso liburu praktikoa da, ez aplikagarria delako, ez baitugu teoria zuzen bat planteatu eta arrakaletatik etengabe ekarpenak egin daitezke. Azken finean, orri zuri gisa erabil daiteke eta uste dut ibilbide interesgarria izango duela.
Nola deskribatuko zenuke liburua hiru hitzetan?
Zuzena, ulerterraza eta praktikoa.