Jatorriaren sustraiak berebizikoak dira Jon Aizpurua Barandiaranen (Ataun, 1958) bizitzan eta lanean. Euskalgintzatik iritsi zen Euskadi Irratira, eta zer kontatu bezain baliotsu izan du nola esan: ahalik eta euskara onenean. Esataritzatik erretiratuta, Ataungo historia, kontuak eta gaiak biltzea, idaztea eta jasotzea du beste pasio bat, edozertan dela. Bide osoan errepikatzen den konstante bat ere bada: kuadrilla.
Zenbat elkartetako kide zara?
Jentilbaratza eta Atauniker ditut gaur egun bi bizileku kultural, batez ere. Jentilen Etorrerarako-eta gidoigintzan aritzen naiz. Aizkoate elkarteko bazkide ere banaiz. Soziedade hau 2003an inauguratu zen, baina lehenago Troskaeta ondoko etxean zen, 1959an sortuta. 110 bat bazkide gaude. Ez dago lehengo indarrik; jendea badabil, baina pandemiarekin kanpoan bizi diren batzuek-eta utzi dute. Zuzendaritzan tokatu zaigu. Gure bizitzako eskaileran, umetan Haurkide genuen lehen biltoki, parrokiaren inguruan; 16-17 urterekin, Oargi-Troskaeta, eta pixka bat zahartutakoan, herriko beste ekintza edo elkarteetara. Bestela, bizimodu lasaia daukat.
Martxoan Euskadi Irratiko lanetik erretiroa hartuta, erabateko jubilatu?
Familiako betebeharrak dauzkat, batetik. Hiru biloba dauzkagu, elkarren ondoan bizi gara, eta horrek denbora eramaten du. Baina mila gauza gehiago sortzen dira. Kuadrillako giroa ere badugu, antzeko jendea eta ofizioz giro beretsuan ibilitakoak bat baino gehiago gara eta. Ostegunero mendi irteera bat egiten dugu, Euskal Herri osoan, batez ere Gipuzkoan, Nafarroan eta Araban. Atzo [urriak 20] 129. irteera egin dugu. Astero horren bideotxo bat egiten dugu, elkarrizketekin, musika… Ez guk egiten dugulako, baina oso gauza polita da.
Kuadrilla aktiboa duzue. Makina bat asmo, ideia eta ekimen sortu eta gauzatuko ziren hor.
Bai. Beti izan gara aktiboak kuadrillan. Hori bai dela militantzia. Aurreko belaunaldiek ere sartu ziguten herrigintzaren harra, eta kuadrillan guk segitu egin dugu. Era batera edo bestera, beti aritu gara zerbaitetan, eta eutsi diogu.
Ataun izan da, eta da, zuen objektua.
Bai, baina hor ere edozer gauzatan. Kirolean ere asko ibili gara. Bere momentuan, herrian futbol talde bat ere sortu genuen, federatuta lehiatzeko. Oso laburra izan zen, futbol zelairik ez geneukalako –Lazkaon urtebete eta Idiazabalen bi jokatu genuen–, baina izugarrizko arrakasta izan zuen, 300 bazkide lortzeraino. Futbola bezala, edozein gauza: kultura, hitzaldiak, musika… Xabier Leteren azken emanaldia Ataunen antolatu genuen, poesia irakurketa bat.
Ekimenak gauzatzeko prozesu horiek nola egosi izan dituzue?
Batzuetan, ez dakizu kasualitatea den ala ez, baina kontua izaten da kezka, zalantza edo gose beretsua daukan jendearen elkartzea. Gure kasuan, bateratzailea kuadrilla izan da. Asko gara, 19-20, eta beti izan dugu herriari zerbait emateko nahi bat. Goierritarra-ko korrespontsala ere izan nintzen.
Kazetaritza azaldu da.
Irratian 40 urtean ahozkoan ibili naiz, eta idatziz Goierritarra-n eta herriko Nondik-en. Orduko kronikak orain ikusita, gauza kuriosoak egiten genituela ikusten dut. Askotan norbera ez da konturatzen, baina bastantean… Gure anaia Jexuxek-eta sortu zuten Nondik, guk heldu genion gero, eta orain berriro Ataunikerrek ateratzen du. Anaia erreferenteetakoa dut; ez da geldi egoten, eta ondokoa ere ez du geldi eduki nahi izaten. Nik anaien aldetik jaso ditut aurreko gauza mordo bat. Baina nirekiko ekintzaile nagusia Jexux izan da.
Irratian hasi aurretik, herriko futbol txapelketak bideoan jasotzen genituen, eta igandero Urbieta tabernan jartzen genuen ikusteko, kronika eta elkarrizketekin. Nahiko aitzindaria zen hori, garai hartarako. Saltsa horretan kuadrillako asko ibili garelako da, azkenean.
«Irratian hasi aurretik, futbol txapelketak bideoz hartu, eta kronika Urbieta tabernan jartzen genuen ikusgai, igandeetan»
«Aberriari buruz, sentsazioa dugu gaztetako amets haiek ez direla benetakoak izan, ez dugu ia bakar bat ere bete»
«Nire kasuan, ez dakit aurreragokoa ofizioa edo hizkuntza izan den. Arreta euskarari jarri diot, eta gozatu egin dut»
Herriko artxibo galanta edukiko duzu. Jasotzeko zalea zara?
Bai, nik dena jasotzen dut. Gehiegizkoa da. Jaso bai, baina denborarik ez dut hartzen patxadaz antolatzeko; bilatzen ditut, hala ere. Hori da orain daukadan eginkizunetako bat, gauzak ordenatzea. Anaiak ere artxibo harrigarria du.
Txikitan, ipuinak zeinek kontatzen zizkizuen?
Kontatzen zizkiguten. Etxean ez ikaragarri, baina buruan batzuk badauzkat. Amandreaz oroitzen naiz, batez ere, amaren aldeko amonaz. Aitak abenturak zituen gehiago; gerran ibilitakoa zen, Ternuan bakailaotan ere bai… Aizkoate bezainbesteko olatuak eta, kontatzen zizkigun. Amak ere bai, bere ingurukoak: Kattalin Zubi eta. Baina beti imajinatzen dugun estanpa hori ez zen, aitona-amonak sutondoan bilobei ipuinak kontatzen. Hori ez dut bizi izan. Agian gurea kaleko etxe bat zelako.
Joxe Migel Barandiaran beti iparrorratz modura daukazue.
Irratiko lanak eramanda sortu zitzaidan Barandiaranekiko harremana, elkarrizketa bat egitera etortzea tokatuta. Txantxetan, esaten didate Barandiaranengan espezializatu naizela. Lehendik ezagutzen nuen, noski, herritik. Etxean ere hala entzuten genuen: «Hori sabioa da». Buruan zortzi liburu sartuta baleuzka imajinatzen genuen. Kointzidentzia pila bat dira, azken batean, mundu paralelo horretara eramaten zaituztenak. Zeren sarri aipatzen dugu mundu paralelo batean bizi garela; badakigu errealitatea zein den, baina gure gauzetan sartu, eta hor ibiltzen gara. Asmoa, hala ere, beti herriari ustez zerbait ematea, eskaintzea, piztea da.
Pertsona baten aberria haurtzaroa omen da. Makina bat gauza kontatzeko lain aldatuko zen ordutik Ataun?
Harrigarria da aldaketa. Hasteko, mila bizilagun gehiago zituen herriak, orain 60 urte. Horrez gain, San Martin-Elbarrenean elizaren inguruko kaleetan, harrigarria da zenbat denda, taberna eta negozio zeuden. Atez ate bat zegoen. Nekazaritza-mundu bat bukatzen ari zen orduan. Ildo horretatik egin dugu Ohitura Zaharren Eguna, eta Nondik aldizkariak atera duen 1946ko festa-programan azaltzen dira negozioen propagandak. Ikaragarria da zenbat.
Aberria hizpidera atera dugunez, eta adinean aurrera goazenez, kuadrillan askotan erabiltzen dugun hitza ‘gezurra’ da. Sentsazioa dugu eduki ditugun amets asko ez direla benetakoak izan. Helburu haiekiko etsipen bat badugu inguruan, geure barruan sartuta. Franco hil zenean 17 urte neuzkan, eta mundu bat ireki zen gure pare-parean. Euskalgintzan, euskaldun izateari dagokionez, dena egiteko ikusten genuen, baina helburu haietako ia bakar bat ere ez da bete: Euskal Herri euskalduna, librea… Pertsonalki, pena dut. Ez dugu asmatu, orain arte behintzat.
Euskadi Irratira nondik iritsi zinen?
Euskalgintzatik, Martuteneko itzulpengintza eskolatik. Han genbiltzala sortu zen irrati-telebista, 1982an, eta eskola bat ere sortu zuten. Bikoizketarako ere jendea prestatzen zen, gauza asko zeuden martxan batera. Beti izan naiz gauzak konta-zalea.
Gustatu al zaizu ogibidea?
Bai. Kontatzeko zalea izateaz gain, ondo kontatzeko zalea izaten saiatu naiz. Bi gauza oso presente eduki ditut: gertatu den hori ahalik eta zorrotzen kontatu, eta kontatzeko ahalik eta euskararik onena erabili. Komunikazio gaitasun gehiena duena da onena, alegia. Baina ona eta komunikazioa lotuta daudela uste dut. Nire kasuan, ez dakit aurreragokoa ofizioa edo hizkuntza den. Gozatu egin dut hizkuntzaren erabilpenean, eta arreta hizkuntzari jarri diot. Ondo espresatzeko eta komunikatzeko gaitasuna izan dudanetan, ederki joan da.
Gaur egun oso modako ez dagoen arloa, portzierto.
Ni ez naiz zorrotzetakoa izan, baina nire buruarekin horretan saiatu naiz. Mezua galdu gabe, noski, baina ahalik eta aberatsen hitz egin. Oso zaila da, hamarretik bederatzitan gaztelaniatik itzultzen ari garelako euskaraz bizi garenok. Baina alarma beti piztuta eduki behar da: zenbateraino ari garen beste hizkuntza horretatik hartzen eta gurea trakesten. Informatiboetan bat-batean dauzkazu moldatu beharra, hitz berriak eta… Horretan nahiko txorrotxa izan naiz.
Kazetari bat inoiz erretiratzen al da?
Erretiroa hartu berria naiz, eta orain gehiago da niretzat patxada bat bezala. Eguneroko zurrunbilotik irtetea deskantsua da. Baina afizioa daukagu, eta beti ari naiz antzeko gauzetan: mendi irteeretako grabazioak ez badira, Ohitura Zaharren Egunean. Nik uste horretan segituko dugula, paper artean. Egunero-egunero idazten dut. Zertarako? Azken batean, norberarentzat egiten ditugun gauzak dira. Ataungo historia eta kontuak ditut kezka. Errota beti martxan eta antena beti piztuta daukat. Baina geure gozamenerako ere bada.
Ustekabeko kontuak ere aterako dira. Azkena, zein?
Aztarna baten atzetik nabil orain. Herritar batek bere garaian esan zuen Eva Duarte Ataunen izan ote zen. 1947an, Francoren erregimenari ondo etorri zitzaion Argentinako presidente Juan Domingo Peronen emaztearen bisita. Argentina orduan munduko hirugarren potentzia zen. Lehengo batean atera zen berriz gaia, Evita Peron hemen egon ote zen, arbasoren bat Ataungoa zuelako edo ez dakit zergatik. Horren atzetik nabil, baina konplikatua izango da.
Ahotsa euskal uhinetan, begia Ataunen
Euskadi Irratiko ahots identifikagarrienetako bat izan da Jon Aizpurua Barandiaranena, azken 40 urtean. Aurrena kiroletan aritu zen. Futbolean «dezente» jokatzen zuen berak ere, bazuen gaia, baina beste aldera igaro zen, asteburuetako lanak behartuta. Futbolari ametsa utzi eta kazetari errealitatea hasi. Erabaki «zuzena» izan zela dio.
Albistegietan aritu da, ia gehienean. Euskal Herriak jasan dituen garaiei begira, sinesgaitza iruditzen zaio informatiboen korronte zoro hartan «iraun» izana. Kultur leihotik kirika aritu da azken urteotan, patxadagoan; Irantzu alaba 2015ean hil zitzaien istripuz, eta harrezkero lantokian «beste poso batekin» bukatu ahal izan du ibilbidea.
Ataundar petoa da. Baina ez zaio kostatu herritik irtetea, nahiz N-1eko «gurutze-bidean» Bilbora edo Donostiara egunero joan-etorrian ibili behar izan. Herrian geratzeko «apustua» egin, eta han segitzen du. Aitona lanetan ere bai. Aitaren aldetik Aizpurua, Etxeberria, Otamendi, Zubeldia ditu ‘kanpoko’ jatorriaren salatari. Abaltzisketakoa zen aita, Arrinda lazkaotar itsas otsoarekin Ternuan arrantzan ibilitakoa eta gero CAFen enplegatu; baina mutikotan Kalakasenera etorria hura ere. Amaren aldetik, Barandiaran, Eskisabel, Auzmendi, Munduate. Aurkezpen txartela.
Kaletarrak dira Aizpurua Barandiaran sendikoak, «plaza-plazakoak», Zaindegi etxekoak. Juantxo edo Zaindi deitzen diote herrian. Hamar urterekin Lizarrako Eskolapioen barnetegira bidali zutenean, bai, kostatu zitzaion etxetik kanpo bizi beharra. Desterru sentsazioa. Seminarioan zebiltzan beste hiru anaiak ere. Inork ez zuen elizako abiturik hartu. San Martingo elizan akolito lanetik ezin izkin egin, ordea; «kalean bizi ginen denak pasatu gara».
Kuadrilla instituzio sakratu dauka. Asko egin du eta eman dio; kazetari bokazioa eta herri maitasuna, esaterako.