Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Aurretik noizbait irakurri nauenak badaki txoko honetara euskal Haur eta Gazte Literatura (HGL) ekartzeaz arduratzen naizela. Gaur 2021. urtearen birpasa egingo dugu. Urte emankorra izan da, inoiz argitaratu den liburu kopuru altuenarekin, guztira laurogeita zortzi (88) titulu berri: 32 album ilustratu, 2 komiki, 47 narrazio liburu eta 7 poesia liburu. Gogoan hartu euskal idazleei buruz ari garela, atzerrikoen itzulpenak aintzat hartu gabe.
Hiru sariketa nagusietan hauek izan dira 2021eko HGLko idazle eta ilustratzaile irabazleak: Euskadi Sariko idazleen atalean Leire Bilbao ondarrutarrak irabazi du Barruko hotsak haurrentzako poema liburuarekin (Pamiela, 2021), eta ilustratzaileen atalean, aldiz, Maite Mutuberria eltzaburutarrak Irrimola albumarekin (Ikaselkar, 2021). Zarauzko Udalak antolatzen duen Lizardi sariketa ospetsuan Patxi Zubizarreta ordiziarra izan da irabazle, Zerria (Erein, 2022) gazteentzako nobelatxoarekin. Azkenik, Nafarroako hainbat udalerri eta erakundeen artean antolatzen den album ilustratuentzako Etxepare sariketan, Amaia Egidazu durangarra izan da irabazlea, Dorotea (Pamiela, 2021) albumarekin.
Era berean, 2021ak baieztatu du emakumezko idazleen gorakada, Goierriko idazle berriek erakusten duten bezala: Idiazabalgo Amaia Telleriak bi nobela argitaratu ditu (Itsasoaren deia eta Pitzatuta gaude denok!), Olaberriko Enara Garmendiak beste bi nobela (Etxetik Ameriketara eta Hiru gara, baina niri bost!), eta Legorretan bizi den Betzaida Urtaza donostiarrak bost album ilustratu.
Amaitzeko, ezin ahaztu Miel Anjel Mintegi ataundarrak Bi abentura eta amodio bat (Alai, 2021) eleberria plazaratu duela.