Axier Muxika Otegi • Arama
Gure etxeei eta kaleei darien gaztaina erre usaina izan ohi da San Martin jaien gertutasunaren adierazle. Lurrun horrek, urtero-urtero, oroitzapenen errota martxan jartzen digu, eta ez da inoiz falta, halako urtetan holakoa eta halakoa egin genuenekoa. Jaien karira, kontatzeko asko dugu, urteak pilatzen goazen eran, oroitzapenen zerrenda ere handitzen doa eta. Zeinek esango zigun guri, garai batean, jende helduari iraganeko kontu eta abenturetaz entzuten genienean, geu ere modu horretara jarriko ginenik.
Aramako San Martinak, ez dira Iruñeko San Ferminak izango, baina, hala eta guztiz, bere txikitasunean, herritik egin ditugun jaiak izaki, beti izan dira gozamenerako parada.
Oroitzapenen zaparradari bide emanez gero, gure osabek, tabernaren mahai gainean, Zaldibiako trikitilariekin batera, panderoa jotzen (zerbait esate arren) jartzen nindutenekoa datorkit bat-batean. Eta, behin koxkortuagoak ginenean, goizeko ordu txikietan, lau lagunek egin genuen aizkora-trontza desafioa ere bai.
Une paregabeak izan dira jaietako musika egitarauan. Hira metal taldea eta Furunda batera programatu genituenekoa, adibidez. Ez dakizuela nor izan zen denetan makarrarena?
Lana eta inplikazioa
Jaiak antolatzeko modu bat bilatu izan da, beti. Lana eta inplikazioarekin, elkar gozamenerako tartea bilatu. Eta horixe bilatzen genuen ere, Itsasondoko gazteen aurka jokatu ohi genuen futbol partida klasikoarekin. Ez pentsa, futbola gure pasioa izan denik, ezta gutxiago ere. Futbola, aitzakia zen, jai giroaren bueltan, bi lagun talde elkartzeko, eta, jai giroa sortzeko. Itsasondoko jaietan lehenbizi, Araman ondoren.
Gogora datorkit, besteak beste, Sakanako Tximeleta taldearen erromeriak, gure eromeriak. Edota Brigada Criminal eta Mal de Ojo-ren kontzertuetan elkarrekin pasatako momentuak. Edota, harrotasunez, Pantxoa eta Peioren Txikia ozen kantatzen genuenekoa. Oroitzapen onak asko dira, eta, bertatik sortu ziren laguntasuna eta konplizitatea ere ez dira makalak.
Seme-alaben txanda
Garaiak aldatzen doaz, eta gu, poliki- poliki, adinaren ondorioz, beste bizi molde batzuk bilatzen. Gu oroitzapenekin geratuko gara, baina, gure seme-alabei opa diet, beraien oroitzapen gozoak kontatzeko bidea izan dezaten.