Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Honetarako ere, eguraldia lagun ez izan arren, pasa berria da Zaldibiako Ardiki Eguna eta badatoz Mutiloako Txerri Azoka, Zumarragako Buzkantza Eguna, San Martin feriak, Ataungo Mondeju Beltzaren lehiaketa, odolki txapelketa ofizialak, kuadrilen artekoak… Guztietan protagonista berezia, odolez edo odolik gabe, gantzaz, porruz… osatutako ahogozagarriak.
Hestebete hauen ekoizle komertzialak eta norbanako egileak gero eta gutxiago dira eta ekoizpena bera ere asko uniformizatu da (neurrien proportzioak, mintz sintetikoak, txekor odola…). Hala ere, izenburuan datozenak, behintzat, bereizi beharko genituzke. Eta hori diot, goierritar askorekin eztabaida historikoak izan ditugulako mondejuak, beltzak eta zuriak, bereizteko garaian.
Zenbat aldiz entzun ote dugu odolkiak odolez eginak eta mondejuak odolik gabeak direnekoak. Alegia, beltzak odolkiak eta zuriak mondejuak. Geurean, behintzat, beste bereizketa bat egin izan da. Mondejuak, beltzak, ardi odolez, ardi gantzez, porruz… eginak. Mondejuak, zuriak, osagai berberak, odolaren ordez arrautza gehituta. Horretaz gain, artaldetik erretiratzera zihoazen ardiak txerrien aurretik hiltzen zituztenez, mondeju beltzak odolkiak baino lehen dastatzen genituen, ardien hesteak txerrienak baino estuagoak izanik, gainera, tamainaz hestebete meheagoak ziren eta zapore erabat desberdinekoak. Oroitzeko modukoak, udazkenero Segurako Madalena eta Imaz jatetxeetan beraiek egindako mondeju beltz haiek.
Beltzak, zuriak, ardienak, txerrienak edo txekorrenak, zeuek aukeratu eta ahogozatu nahi dituzuenak!