Ospelak eta zauriak sendatzeko eta belarriko min arinak tratatzeko erabili izan da landare hau.
- Izen herrikoia: Teilatu-belarra / Belarri-belarra.
- Izen zientifikoa: Sempervivum tectorum L. (Crassulaceae).
- Ezaugarriak: Landare txiki mamitsua da. Erroseta formak osatzen ditu zurtoinean zehar. Hostoak berdeak dira, eta zenbaitetan ertzek kolore gorrixka hartzen dute. Oso landare gogorra da, eta baldintza gogorretan hazteko gai da, prezipitazio gutxiko gune harritsuetan esaterako. Etxe edo baserrietako teilatuetan, harri edo paretetan, zein landatutako lorontzietan aurki daiteke. Landare honen loraldia udan izaten da, eta udazken hasiera arte irauten du. Lore garaian lore multzo ugari sortzen ditu, eta lore bakoitzak hamabi eta hamasei petalo artean ematen ditu. Landare gogorra da, eta eguzkiaren erabateko esposizioa behar du. Izozteei eta hotzari aurre egiteko ahalmena duen landarea da. Erromatarrek teilatuetan jartzeko eta ekaitzetatik babesteko erabiltzen zuten talde mamitsuetako landarea da. Oraindik ez da jatorri zehatza ezagutzen, baina ezaguna da Europa erdialdeko eta Iberiar penintsulako gune askotan.
- Atal erabilgarriak: Hosto mamitsuak eta freskoak erabiltzen dira.
- Propietateak eta erabilpenak: Zikatrizante eta lasaigarri moduan erabili izan da, ospelak, zauriak eta halakoak sendatzeko.
- Kataplasma: Ospelak, zauriak, intsektu ziztadak eta halakoak sendatzeko erabiltzen dira kataplasmak. Horretarako, hosto eskukada bat hartu, txikitu, eta gasa artean ipinita sendatu beharreko lekuan jarri. Egunean bi aldiz jarri behar da, sendatu arte.
- Hostoak zanpatuta: Belarriko min arina osatzeko ere erabiltzen da. Horretarako, landare hosto bat hartu, bi behatz artean zanpatu, eta ateratzen den zukuaren bi tanta zuzenean bota egunean bi aldiz, mina joan arte.
- Kontraindikazioak: Ez da kontraindikaziorik ezagutzen.