Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Udazkena uzta jasotzeko garaia da. Baserrietan indabak, intxaurrak, gaztainak, sagarrak eta kalabazak, adibidez, negurako gordetzen dituzte. Sanmartinetan garai batean txerria hil eta auzoan partiketak eta ospakizunak egiten zituzten.
Kulturgintza eta euskalgintzan fokua jarriz gero aurtengo udazkena ere oparo dator. Pentsatzen hasterako hauek idatzi ditut: Azpeitiko Antzerki Topaketak, Bertsolari Txapelketa Nagusia eta Durangoko Azoka. Lehena 40. urteurrena ospatzen ari da, bigarrenak 18. edizioa du abian eta hirugarrenaren 57. edizioa ate joka dugu. Ariketa sozial masiboak dira denak ere, gizarteari zabalduak eta denboran mugatuak. Aurrekoen atzetik, Euskaraldiaren 3. edizioa ere laster hasiko da, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean, Hitzez ekiteko garaia lelopean. Beroketa-ariketa izan nahi balu moduan Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak Pantailaldia egitasmoa antolatu du astebete lehenago, ariketa kolektiboa euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzera bideratuz. Euskal ghettoan bizi eta egunerokoa zurrunbilo horren ertzen batekin, edo epizentroren batekin, mugan osatzen dugunok ezagun eta gertuko izango ditugu aipatu ditudan bost ekimenak, ziurrenik. Agian, bakarren batekin zalantza gehiago sor zitezkeen, baina hor nonbait kokatuta egongo dira gure iruditeria kolektibo eta agendetan datak gorriz eta hitzorduak letra larriz, ariguneei adi eta belarri zein ahoak prest bezain bizi.
Begirada geure zilborretik zentimetro gutxi batzuk urrundu eta azaroaren 18an zer hasiko den eta abenduaren 18an zer bukatuko den edonori galde eginez gero, ordea, zein erantzun espero genezakeen hausnarrean hasita zalantza asko ditut, eta balantza egiten hasi naiz ezker-eskuin. Adibidez, Anoeta, San Mames edo Sadar estadioetara joaten diren gizonezkoen futbol taldeetako zaleei galdera eginez gero, zerekin lotuko ote lukete lehen istantean datetako bakoitza? Zein lurralde eta zein ariketa sozial masiborekin? Eskua sutan erretzeko beldur handirik gabe, zoritxarrez, iruditzen zait Qatarren lehen datan hasi eta bigarrenean bukatuko den gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa izango litzatekeela erantzun nagusi (eta ia bakarra), Euskaraldiaren hasiera eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren amaiera baino. Horrek, beraz, gure dimentsio eta irismen gaitasunaren berri gordin emango liguke. Ni, dena den, asko poztuko nintzateke euskal komunitatearen katarsia zabalduko balitz lau haizetara Qatarsia beharrean.