Euskararen erabilera normalizatzeko helburuarekin sortu zen Emun kooperatiba duela 25 urte. Enpresetan diagnostikoa egin, euskara planak sortu eta garatzen dituzte. 87 langileko lantaldean, hamasei goierritarrak dira.
Lan mundua euskalduntzeko dinamika bateratua aurkeztu dute Kontseiluak, eta ELA eta LAB sindikatuek Euskaraz lan egitea, eskubide kontua da lelopean. Geroz eta aditu eta aritu gehiagok aldarrikatzen du euskararen normalizazio prozesuak beharrezko duela lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea. Baina, tamalez, gaur egun %1era ere ez da iristen euskara-planak dituzten entitateen ehunekoa, eta enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzen dute. Euskaraldiko hamabost eguneko testuinguruan garatuko dute kanpaina, eta ariguneen bidez enpresek Euskaraldian parte hartzea bilatuko da, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handiagotzeko helburuarekin.
«Desagertzeko asmotan» sortu zen Emun taldeak 25 urte daramatza enpresak euskalduntzen, euskara planak garatuz. Hamasei goierritarrek lan egiten dute Emunen; tartean Karmele Etxabe zaldibiarrak. «Gai sozialak konponduko dira eta listo, gure lana bukatuko da, pentsatzen genuen. Baina ez dira bukatzen. Euskara planekin ikusten dugu zein ibilbide egiten ari garen. Aurrerapauso handiak egin dira, noski, 25 urtean. Beste gai sozial batzuetan, genero berdintasunean, eta parte hartzean badago zer egina. Garbi dago». Lanik ez zaie falta Emunekoei.
Goierrin ere eragiten jarraitzen du Emunek, sektore desberdinetan. «Irizar, Indar, Ezarrin berdintasun plana, Eredu, Ederfil, Ulma Forja, Zegamako Udalean, Beasaingo etorkinentzako harrera plana sortzen, Ordizian udalak sustatuta Ordiziako enpresak euskara planetara erakartzeko sustapena egiten, Lorteken ibili izan gara…».
Hasi eta buka
Emuneko euskara aholkulariak enpresa edo erakunde batera joaten direnean, diagnostikoa egitea izaten da lehen lana, ondorioekin plana osatu eta epe baterako lehentasunak zehazteko. «Diagnostikoan datu objetikboak jasotzen dira batetik, eta inkestak egiten dira, talde eztabaidak… Behin diagnostikoa egindakoan, ia enpresa guztietan egitura bat sortzen da, euskara batzorde bat. Ahalegintzen gara sail ezberdinetako eta zuzendaritzako kideak egoten euskara batzorde horretan, eta kooperatiben kasuan kontseilu errektoreko eta sozialeko kide bana egoten». Batzordea izaten da plana diseinatzen duena eta helburuak eta lehentasunak aukeratzen dituena. «Normalean lau urteko plan bat izaten da, urteka banatutakoa».
Zaldibiarraren esanetan, «eskualdearen arabera izaten da, baina enpresa gehienen helburua ahalik eta euskaldun gehien sortzea da, eta orduan garrantzia ematen zaie euskara eskolari edo mintzapraktikari. Goierrin gehiago izaten da erabileran eragitea».
Karmele Etxabe, Emun: «Euskara planak, euskararen erabileran eragiteaz gain, badauzka beste onura batzuk enpresentzat»
Helburu batzuk «informalak» izaten dira. «Lankideen arteko ahozko elkarrizketak, edo email sinpleak… Beste batzuk helburu formalak edo erakundeari dagozkionak izaten dira. Erakundeak bere kudeaketaren barruan sartu behar du euskara ere». Erakundetze lana ere egoten da: «Hizkuntza politika bat egotea, edo hizkuntza irizpide batzuk edukitzea, bilera ofizialetako hizkuntza zein izango den erabakitzea… Bestela, aholkularia joaten denean eta erakundetuta ez badago, alferrik da». Euskara Batzordeko arduradunak jarraipena egingo du. «Kolektibo guztiak jakin behar du nor den figura hori eta nora joan behar duen kexaren bat edo proposamenen bat badu».
Euskara planak dituzten tokietan emaitzak nabarmenak izaten dira. «Batzuetan datuetan tematzen gara. Baina gehiago da, euskara planak dituzten enpresetan ohitura batzuk ez direla atzera joaten. Irizarren batzar nagusi batean, gerentea erdaraz hasiko balitz, eta power point erdaraz edukiko balu, eta buenos dias esango balu… Iskanbila sortuko litzateke. Hori neurtzea oso zaila da, baina giroa aldatu egiten da euskara planak dauden enpresetan».
Dena den, enpresa batean «pertsona klabe batzuk» euskaldunak ez izateak asko mugatzen du. «Irizarren hasi nintzenetik, hiru kudeatzailea ezagutu ditut. Aurreko biak erdaldunak ziren eta hirugarrena, oraingoa, euskalduna. Beraz, aldatzeko aukera dago. Lehendakariarekin euskaraz entzuten dut eta hori aurreratu dugu».
Harrera protokoloak
Enpresek euskalduntzen jarrai dezaten, beste gakoetako bat, langile berri guztiek hizkuntza eskakizuna izatea da, lehenengo harrera euskaraz egitearekin batera «Irizarren –eta beste enpresa batzuetan ere bai– lanean hasten diren langile berri guztiek hizkuntza eskakizun bat daukate; barruan daudenek ez. Postuaren araberakoa da. Euskara ikasteko konpromisoa hartzen dute».
Horiekin guztiekin batera, dena den, «oraindik iritsi ez garen» helburu bat ere badute: euskara plana duten enpresek hornitzaileetan eragitea. «Pentsa Goierriko enpresa traktore guztiek zein eragin izan dezaketen hornitzaile txikiagoetan. Horra oraindik ez gara iritsi. Irizarrek gaitasuna izango balu barrutik erantzuteko eta hornitzaileei esateko gurekin harremanak euskaraz nahi ditugula… horrek pentsa ze eragin biderkatzailea daukan. Tailer txiki guztiak hasiko lirateke lanean. Bezeroei ezin diezu ezer ere exijitu, baina hornitzaileei bai. Summum-a izango litzateke, barruan lan egin eta kanpoan eragitea».
Bestelako onurak enpresetan
Etxabek argi du, euskara planen onurak «gehiago» ere badirela: «Euskara planak, euskararen erabileran eragiteaz gain, badauzka beste onura batzuk enpresentzat, nahiz eta demostratzeko zailak izan. Ni konbentzituta nago». Ikerketa bat egiten ari dira, «aztertzeko zein balio erantsi ematen dion euskara planak enpresa bati».
Onura horien hainbat adibide jarri ditu: «Euskara plana antolatzeko moduak onurak sortzen ditu. Batzorde bat sortzeak, batzorde horrek ordezkariak edukitzeak… talde lanean laguntzen du nire ustez. Esan izan didate euskara planeko ekintzekin edo arauak idazteko moduarekin edo protokolo bat jartzeko moduarekin, beste arlo batzuetan ere nola lan egin erakutsi diegula. Edo talde eztabaida bat hasi dugu euskara planaren inguruan eta enpresaren egoeraren inguruan hitz egiten bukatu dute. Askotan enpresetan ez da aukerarik ematen hitz egiteko lankideen artean».
Emuneko goierritarrak
Emuneko 87 langiletik hamasei goierritarrak dira.
- Legazpi. Ana Martin, Asier Iriondo, Nekane Gonzalez, Urko Azpiroz eta Edurne Gonzalez.
- Zumarraga. Hantxu Bidarte.
- Lazkao. Joxpi Irastortza, Koldo Urrestarazu eta Inaxio Usarralde.
- Gabiria. Eresti Oiarbide.
- Mutiloa. Iñaki Ugalde.
- Urretxu. Gurutze Mendizabal.
- Zaldibia. Karmele Etxabe.
- Idiazabal. Uxune eta Eider Alustiza.
- Ataun. Xabier Bosh.