Joxe Begiristain • Irakurzalea
Simone de Beauvoir entzutean, automatikoki Bigarren sexua saiakera-liburuarekin lotzen dugu gehienok. Beauvoirrek, ordea, bederatzi eleberri eta beste hainbeste saiakera argitaratu zituen, kontaezinezko prentsa-artikulu eta bestelako idatziez gain. Eta haren filosofiaz jabetzeko aukera zoragarri bat eskaintzen digu filosofian graduatua den Mikel Urdangarin Irastorza beasaindar ikertzaile gazteak: Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza izeneko saiakera argitaratua du, Jakin Irakurgaiak sailean.
Beauvoirrek esandakoetatik abiatuta, harenak baieztatuz nahiz hainbat gauza zalantzan jarriz gerora hamaika filosofo eta bestelako pentsalarik esandakoak aztertu ditu Urdangarinek eta horiek denak josiz burutu du berealdiko lan pertsonala.
Emakumea egin egiten da Beauvoirren tesi ezagunetarikoa denetik abiatuz (emakumea: etxeko andre/ama/emaztea…) gaur egunean oraindik nola jokatzen dugun pentsaraziko digu Urdangarinek. Edo, gizona ere egin egiten dela jabetzen bagara (kasta pribilegiatua da oraindik), elkarrenganako eraginez soilik garatu dezakegula norbanakotasuna, gogoraraziko digu. Trama komun horretan erantzukizunez konpromisoan jarrita: Nork zaintzen gaitu gaur egun oraindik ere, adibidez. Emantzipaziorako Beauvoirren proiektu hura, alegia, emakumeak ere norbanako autonomo/burujabe izan behar duela berdinetik berdinera, zertan den ikusaraziko digu.
Zer egingo dugu egiten gaituenarekin? galdetuz ere zirikatuko du irakurlea: maitasunean, hizkuntzan… Hori guztia sexua, generoa… hizpide. Puri-purian bizi ditugun oinarrizko bizikidetza-gaiak, Urdangarinek nola jorratu dituen, miresgarria iruditzen zait.
Eta bere garaian Irene Arraratsek Bigarren sexua euskarara itzuli bazigun, Urdangarinek hau euskaraz sortua! Bada itxaropenik…