Hitz edo Irri, euskaraz elkarri euskara elkartea • Segura
Hitz edo Irri, euskaraz elkarri euskara elkartea 2005eko udaberrian sortu zen,14. Korrika Seguratik pasa ondoren. Korrika antolatzeko sortutako talde hark, egindako lanaren eta izandako arrakasta ikusita, erabaki genuen herrian euskararen erabilera sustatzeko zerbait gehiago egiteko antolatu egin behar ginela.
Lehenik, hamabi laguneko taldea osatu eta abiatu ginen taldea gorpuzten, gaiak jorratzen eta ekimen batzuk antolatzen. Udazkenean udaletxean egin genuen lehen aurkezpen ofiziala. Udaleko partaideez gain, herriko elkarte, talde eta kulturan nabarmendutako zenbait norbanako gonbidatu genituen bertara, guztira berrogei herritar.
Hitz edo Irri euskaraz elkarri taldea aurkeztu genuen, nolatan edo zergatik sortu genuen taldea, euskarari buruzko taldearen lehen hausnarketak azaldu genituen, zer egin nahi genuen aurrerantzean.
Hainbat ekitaldi eta lantxo
Horrela, urtez urtez, hainbat ekitaldi eta lantxo egin dugu; batzuk egun bakarrekoak –hitzaldiak, mahai inguruak– eta besteak gaur egun oraindik indarrean daudenak. Hala nola, Segura Irratian 2007tik hona asteazkenero egiten den Bixi Bixi irratsaioa edota literatura tertuliak. 2008an egiten hasi ginenetik gaur arte 49 tertulia egin ditugu eta abenduan izango da berrogeita hamargarrena, Irati Goikoetxea beasaindarrarekin.
2015ean, elkartearen 10. urteurrena ate joka zela, belaunaldi berri bat sartu zen elkartean, jarduera eta proiektu berriak martxan jartzeko gogoz.
Mahai-joko arrakastatsua
Miñaripe jokoa, ondoren mahai-joko bihurtu zena izan zen etapa berriko lehen proiektu garrantzitsuena. EITBren Mihiluze jokoa oinarri hartuta, Segura herrira egokitutako lehiaketak egin genituen hainbat urtez. Ekitaldi hauetan herriko haur, gazte eta helduek parte hartu zuten; euskaraz jolastuz, herriari buruzko jakinduria areagotuz.
Hainbat edizio antolatu ondoren, lehiaketa hark bestelako oinarri bat merezi zuela pentsatu genuen eta hiru urteko lanaren ondoren, 2020ko abenduan argitaratu genuen mahai-jokoa. Euskal disko, liburu eta jostailu azokan izugarrizko arrakasta izan zuen.
Herrian hitanoa, bereziki noka, berreskuratzeko edo sustatzeko lanetan ere bagabiltza azken urteetan. Pegatinak eta poltsak egin ditugu, hikaldia, hika bertso-saioa… antolatu ditugu azken urteetan. Horrez gain, herriko gizon-emakume gazte eta adinekoen lekukotasuna jasotzen ari gara, hitanoa jaso eta biziberritzeko helburuz.
Aurtengo maiatzean, Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zen Seguran eta bertan urte hauetan egin dugun lana aitortuz, omenduak izan ginen. Horrek aurrera begira ere lanean jarraitzeko indarra eman digu.