Makina bat mila euskaldunek abestu dute Pintto pintto abestia, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoek 1976an izen bereko diskoan atera zutenetik. Euskarazko abesti ikasienetakoa izango da, ziurrenik. Baina aurretik ere abesten zen, eta Goierrin gainera. Abesti itsaskorra pailazoen belarrietara iristeko bitartekaria Emilio Txurruka zegamarra izan zen.
Mallabiarra da izatez Txurruka, eta Zegaman bizi da. Kasualitatez entzun zuen Pintto pintto abestia. Zaldibian ikasi zuen, hain zuzen Saturdi auzoko festa batean. «1972 edo 1973 izango zen. Beasainen nenbilen lanean orduan, eta soldadu-lagun batekin joan nintzen Saturdiko erromeriara. Hantxe entzun nuen nik lehendabiziko aldiz Pintto pintto kantua», azaldu du Txurrukak.
Gogoan du emakume batzuk zirela kantatzen ari zirenak; «andereñoak zirela pentsatzen dut, umeekin zebiltzalako; Zaldibian bertakoak ziren agian». Buruan hartu zituen doinua eta letra –bi estrofa– Txurrukak.
Pailazoek Mallabian jaso zioten
Txistularia zen Txurruka, eta ez zitzaion ahaztu Pintto pintto. Buruan iltzatuta eraman zituen Saturditik. «Mallabiko dantza taldean jotzen nuen txistua, eta kantua ere han jotzen genuen, umeentzat egokia zen eta». Halako batean, herrira ekarri zituzten Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoak –1984tik aurrera Txirri, Mirri eta Txiribiton–, ikuskizun bat egitera. «Haiek entzun zidaten, eta segituan pasatu zuen partiturara Ansorenak».
Jose Inazio Ansorenak berak ondo gogoratzen du, bere liburuan (Mirri eta biok, Alberdania, 2000) pasartea. «Mallabiako txistulari zen Emilio Txurruka Uriarteri ikasi genion kantu hori. 1975eko abuztuaren 10ean izan zen, herri hartan saio bat egin eta gero. Zaldibian ikasia omen zuen berak abestia. Ezin izan zigun inolako arrastorik eman abestiaren jatorriari buruz. Emiliok bertso edo ahapaldi bakar bat eman zigun doinuarekin batera. Guk, berriz, bertso bakar hura egokitu, eta beste bertso batzuk erantsi genizkion, kantua osatze aldera. Hala sortu zen gure kanturik ezagunenetakoa den hori», dio Ansorenak.
Ezustekoak ez ziren orduan amaitu. Pintto pintto-ren doinua Alemaniako haur kanta batena dela aurkitu zuen musikologo donostiarrak, 1998 inguruan: «Flauta eztiarentzako metodo oso on bat –Franz J. Giesbert-ena, alegia– aztertzen ari nintzela, hantxe topatu nuen, nire harridurarako, Pintto Pintto-ren doinua, txukun-txukun transkribatua. XIX. mendeko haur dantza baten doinua dela zioen liburuak, eta All my Clothes (‘Nire jantzi guztiak’, gutxi gora-behera) bide du izenburu».
Zaldibian hasi zen Pintto, ordea, euskaldunekin jolasteko begi bat ixten.