Joxepa Madariaga Irastortza • Kultur eragilea
Zenbat lan, zenbat lorpen, zenbat aurrerapauso, 40 urtetan! Komunikabideetan, hezkuntzan, lan-munduan, osasungintzan, kulturan, kirolean…; euskarak toki berriak hartu ditu, askok pentsatu ere egingo ez lituzketen lekuetara iritsi da, edozein zientzia alorretara. Baina eguneroko bizitzatik, sukaldetik, kuadrillatik, ingurune hurbiletik alde egiten utzi diogu, geuk utzi ere joaten euskarari. Eta, orain, zenbat zulo beltz dauzkagu?
Hortik abiatuta, etorkizunari begira erantzungo diot egindako galderari: ez gaude ondo, ez goaz bide onetik, zerbait gaizki egiten ari gara. Bestela, beste toki batean geundeke. Zenbat urte, zenbat legealdi, zenbat lan, zenbat ekintza, jai, festa, manifestazio, borroka, agerraldi, ikasketa, ikerketa… eta oraindik gaztelera nagusi kalean, etxean, elkartean, eskolan eta ikastolan, udaletxean; zenbat erantzun txar jasotzen ditugun euskaraz artatuak izan nahi dugula esateagatik.
Haur eta gazteen hizkuntza jardunari buruz, hona bi aipu interesgarri:
- Batetik, Joxe Manuel Odriozola euskaltzaleari jasoa, Berria egunkaritik urrian: «Euskaldun sentitzen ez diren belaunaldiak sortu ditu gure autonomismo eusko-espainolak. Espainieraren ezinbestekotasunak arautu eta moldatu ditu gure haur eta gazteen hizkuntza ohiturak, eta bizitzeko beharrezko ez duten euskararen ideia sartu zaie hezurretaraino. Hizkuntza espainol edo frantsesaren guztizko gailentasunak ez du arnasarik hartzen uzten…»
- Bestetik, Malores Etxeberriak abuztuko Argia-n: «…Gazteenei ez diegu transmititzen: nondik datorren hau, zergatik gauden gauden bezala, kontzeptu soziolinguistikoak txukun xamar, ahalduntze ariketarik ez, argumentario bat ez… eta beraz, geratzen da euskara hautu libre bat balitz bezala, ingelesa ikasiko bazenu bezala…». Maloresek helduen inguruko adibide oso ezaguna ere bota du elkarrizketan: «Askotan ikusten da zerbitzari etorkinari euskaraz eskatzen dion kuadrillako kidearen kasua, bueltatu eta bere taldean gaztelaniaz hitz egiten duena… Zuk zerbitzatu behar nauzu euskaraz, exijitzen dizut, baina ni libre naiz nire gaztelaniazko hautua egiteko eta nire lagunei ez diet exijitzen euskaraz egitea».
Orain arteko onak eta txarrak alde batera utzita, nondik jo beharko genuke aurrera egiteko? Nondik jo behar dugu Euskal Herri euskalduna lortzeko?
- 1.-Jendeari eskaini: Ikasteko eta erabiltzeko aukerak eskaini.
- 2.-Erakarri: Euskararen herrian euskararen jardunera erakarri.
- 3.-Exijitu: Bai, exijitu, zergatik ez? Beldurra ematen digu hitz honek, baina ikasteko aukera eskaintzen badugu eta euskaraz komunikatzeko beharra baldin badago, erabiltzera bideratuko dugu jendea.
Kolonizatuta gaude, beldurtuta. Ezkerreko alderdietatik hasita, politika ausartak falta ditugu. Bihotza garrantzitsua da, noski, baina ez da nahikoa euskara biziberritzeko. Estatua behar dugu, legeak, gurea defendituko duten legeak behar ditugu.
Euskaraldia: izena eman, txapa jantzi… baina bere betiko astoari arre egiten jarraitzen duenak, hizkuntza ohiturak aldatzen ez dituenak, konpromisorik hartzen ez duenak, ez du aurrerapausorik ematen, ez du euskara bultzatzen, ez eta Euskal Herria euskalduntzen laguntzen. Alferrik ari gara lanean, bilerak egiten, eztabaidatzen, ekintzak antolatzen… lehengoan geratzeko.