Garbiñe Mendizabal • Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria
Gure amonak eskolako gelan ikaskidearekin izan zuen gaztelaniazko pasadizoa askotan kontatzen zigun: «A la maestra decir», «Yo tambien dile». Erdi parrez, erdi etsita, gaztelania jakin ez eta, hala ere, derrigorrez hitz egin beharra. Batak bestea amorrarazi, eta besteak bultza egin ukondoarekin: «me has bultzado, a la maestra decir», eta besteak: «yo tambien dile» zer egin didazun, alegia.
Kontuak atera ditut, eta, gutxi gorabehera, XX.mende hasieran geratutakoa izango zen, 1913. urtean-edo, amonak 10 urte inguru zituela-edo, urte bat edo bi, gorabehera.
Frankismoak zapaldu zuen gure herria, baina aurretik ere, bazuen gure hizkuntzak madarikazioa, urtetako pertsekuzio eta debekua.
Eta presio hori guztia, memoria genetikoan sartu zaigu euskaldunoi, estres linguistikoa sortzeraino. Denda batean sartu, bulego batean zerbait eskatzera joan, aurkitu ezin dugun kalea non dagoen galdetzerakoan, beti, aurrez pentsatu beharra izan dugu parekoak euskaraz jakingo duen ala ez. Itxurari begiratuta, berak aurreneko hitza esaten ez badu, asmatzen, eta azkenean, egun horretan duzuen indarraren arabera, ausartzen zara edo ez.
Jakina! Urtetako hizkuntz ohitura horiek eraldatzea, ez da eginkizun makala. Gaztelaniaz ezagutu duzun adiskidearekin, euskaldundu ondoren, euskaraz hastea ez da lan erraza. Ohiturak menperatzen gaitu gure bizimoduan, baita hizkuntzarenean ere.
Baina, Koldo Mitxelenak zioen moduan, euskara gaur arte irautea da benetako miraria. Antzeko hizkuntzarik ez dugu izan inguruan. Gure Herria bitan banatuta eta bi hizkuntz handiren artean. Guztiok ezagutzen dugun historia latza tarteko. Eta hala ere, bizirik dirau hizkuntzak. Euskal herritarrek izan duten borondate eta irmotasunari esker alde batetik, eta bestetik, demokrazia indarrean sartu zen garaian hartutako erabaki politikoei esker. Frankismoaren ondoren onartutako legediak, mugak muga, garapen eta bultzada garbia eman dio hizkuntzari, eta orain dela ia 50 urte baino askoz ere egoera hobea dugula ezin uka daiteke.
Baina XXI.mendeak beste panorama eta aldaketa batzuk ekarri dizkigu: globalizazioa, teknologia, adimen artifiziala, joan-etorri bizkorrak, digitalizazioaren zabalpena, mundu mailako informazio trukea, zientziaren garapen bizia…
Eta horiek guztiak gure hizkuntzaren alde edo aurkako faktoreak bihur daitezke, moldatzen ez bagara. Eragin nabarmena izango dute, eta izaten ari da, hizkuntza gutxituetan. Hizkuntzaren berreskurapenean gabiltzanok, kontuan hartu beharreko faktoreak dira horiek guztiak.
Baina tartean, badira ilusio printzak. Euskaraldia izan da horietako bat azken urteetan. Hizkuntzaren ohiturak aldatzeko ariketa masiboak ilusio berezia piztu zuen, eta tresna bikaina gertatzen ari da, jendearen ohitura linguistikoak aldatu eta finkatzeko, modu abegikor eta erosoan, gainera, bai hizlariarentzat, baita hartzailearentzat ere. Ahobizi eta belarriprest txapek ematen digu halako segurtasun eta ausardiarako kemena. Euskaraz lasai aritzeko espazioa ahalbidetzen digu, eta hamabost egunetan egindako ariketa, denboran zehar finkatzeko aukerak ere jartzen dizkigu eskura.
Baliatu dezagun Euskaraldia eragiteko, ondo pasatzeko, ohiturak aldatzeko eta naturaltasunez hizkuntzaren bidez, hasi berri den mendeari erronka hori lotzeko.