Gunearen espaziotasunetik irten, eta lantoki osoa, une eta eremu guztietan, euskararen arigune izateko erabakia hartu du Idiazabalgo Ampo kooperatibak, Euskaraldirako. Duela bi urte ere parte hartu zuten, eta aurten, Kontseilu Sozialetik dinamizatuta, ariguneak –pluralean– sortzeko deia egin dute enpresa barruan. Guztira 27 sortu dituzte.
Langileak «asko eta ondo» inplikatu direla eta, gustura dira eragileak. «Ariketa eraginkorra izateko, enpresan zehar luzatu dugu deialdia, zaila delako Ampon arigune bakarra eta osoa izendatzea», azaldu dute Ampoko iturriek.
Hala, enpresaren organo eta talde ugari, eta egunerokotasuneko jarduera gehiago batu dira ariguneen zerrendara: Kontseilu Errektoretik hasita, talde ezberdin ugari izango dira arigune. «Baita planifikazio bilerak ere, guretzat garrantzitsuak izaten direnak. Edo goizeko zortzietan ekipo ezberdinek egiten dituzten bilerak, linea bakoitzekoak… Edo jantokian elkarrekin bazkaltzen dutenak, kafea batera hartzen dutenak, edo elkarren ondoan eserita dauden laukoteak… Estilo ezberdinetako ariguneak izango ditugu».
Une oro, leku oro, egoera oro. Hori bai, Aarigunea izateko eskatzen den gutxieneko %80ko adostasuna edukitzea bermatu dute multzo bakoitzean. «Hortik gora lortu da».
Ohikoa indartzeko ahaleginean
Ampoko 27 ariguneetan, guztira 170 langile baino gehiago izango dira parte-hartzaile. Ia 500 langile dira denera. «Erantzun potoloa jaso du». Baina, agian garrantzitsuena dena, ohitura aldaketa handiegirik ez du eskatuko Euskaraldiak, bestela ere Ampon euskararen erabilera «oso zabala» delako. «Organoen bilerak, batzar orokorrak… gehien bat euskara izaten da horietan nagusi. Lantegian %90 edo 95 euskal hiztunak izateak ere asko errazten du».
Lo hartu gabe, baina, eragiten jarraitu nahi dute. Euskararen osasuna oro har «ona» den arren, «zereginak» ikusten dituzte. «Pertsona batzuekin gaztelaniara jotzeko inertziak daude, eta horiek apurtzeko ere bada Euskaraldia. Eragitea falta den eremuetan, eragin».
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren bezperan –Euskaraldiaren amaiera–, beren beregi euskarari lotutako ekitaldi sozial bat antolatu dute. Euskararen aldeko taldeko argazki bat aterako dute, eta otamen batekin ospatuko dute hizkuntzaren hautua. Euskaraldirako, txapak enpresak berak jarriko ditu, langileek eskuerara edukitzeko. Bideo bat egiteko asmoa ere badute, Euskaraldiaren bueltan jendea animatzeko eta ikusgarritasunean irabazteko.
Aurrera begira, lehen izan zen Euskara Batzordea berreskuratzeko asmoa ere badute. Komunikazio taldean jorratzen dute arloa, gaur egun. Ingudea elkarteko kide ere bada Ampo.