Arama Gipuzkoako herri txikiena da azaleraz. 200 biztanle inguru ditu, gaur-gaurkoz. Bertako eta inguruko herrietatik bertara bizitzera joandako jende euskaldunez osatua dago, gehienbat, atzerritik etorritako familia pare bat ere bizi da tartean.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean egonik, euskaraz bizi den herri bat da. Euskara da lehen hizkuntza eta herritarren gehiengoa euskaraz bizi da, nahiz eta hemen ere erabileran «beherakada» nabaritu dela azaldu duten Aramako Udaleko iturriek.
Udaletxean ere euskara da lehen hizkuntza, eta herritarrekin komunikazio guztia euskaraz da, nahiz eta euskaraz ulertzen ez duten etxeetara informazioa elebitan bidaltzen duten.
Euskararen alde bestelako ekimen gehiago ere bultzatzen ditu Aramako Udalak. Bi urtez behin, Korrikaren inguruko ekintza ezberdinak egiten dituzte herrian. Korrika Txikia ere antolatzen dute Itsasondorekin elkarlanean. Horrez gain, urtean zehar antolatzen diren kultur-ekintza guztiak euskaraz izaten direla nabarmendu dute udalekoek.
Euskaraldiarekin, hasieratik
Euskararen aldeko urrats bat gehiago egite aldera, Euskaraldiarekin bat egin dute aurten ere, eta arigunea izango da. Aramako Udalak beti hartu du parte Euskaraldian. 2020 urteko bigarren edizioan arigune izateko hautua egin zuten. Arigune izatearen erabakia, «aramarrok ariketa hau modu kolektiboan egiteko aukera ematen digulako izan da, batez ere». «Zoritxarrez, gure hizkuntzak denon beharra du, bizi dugun egoeran, beraz, Euskaraldiak ere balio dezala batez ere jende gaztea kontzientziatzeko».
Hala ere, euskarak, «gure beharra eta inplikazioa urteko egun guztietan» behar duela garbi dute, eta «norbanakoaren ardura da euskaraz bizitzea, euskaraz irakurtzea, pantailak eukaraz ikustea… Hauxe da gure hizkuntzaren alde egin dezakegun ariketarik onena urte guztian zehar».