Beasaingo Argi optika herriko ariguneetako bat izango da Euskaraldian. «Euskararen alde egiten diren ekintza guztiak dira ongi etorriak. Euskaraz bizi nahi dugunez gure alea jartzen dugu», diote. Ez dute uste zailtasunik izango dutenik, Argikoek euskaraz hitz egiten dutelako euren egunerokotasunean. «Natural egiten dugu, erreparatu gabe. Euskara da gure hizkuntza eta lehen hitza beti egiten dugu euskaraz. Bezero batzuk jarraitzen dute, eta beste batzuek, ez. Beraiek ere, esango nuke, natural egiten dutela, ohituraz».
Halere, lehen hitza euskaraz egitea garrantzitsua dela uste dute, bezeroari segurtasuna ematen diola euskaraz aritzeko. Horregatik, arigune izatea erabaki dute beste behin: «Euskaraz aritzeko guneak bermatzean datza arigune izatea. Guk, gure esparruan, euskaraz aritzeko gune eroso bat sortuko dugu», aurreratu dute.
Ezer berezirik egiteko asmorik ez dute Argin, eta arigune izateak optikaren martxan eraginik ez duela izango uste dute. «Bestela ere euskaraz aritzen garenez, ez dugu ohitura aldaketa handirik egingo», aipatu dute. Gainera, aurreko Euskaraldietan ere parte hartu dute, eta ezagutzen dute ariketa. «Sentsazioa dut epe luzera eragina txikitu egiten dela. Lehen egunetan euskararen aldeko jarrera gehiago nabaritzen dut, baina ez dute irauten», atsekabetu dira.
Taldean eta banaka
Arigune direnez dendako langileek ere, norbanako gisa, parte hartuko dute Euskaraldian. Ahobizi izango dira, eta euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiteko ardura hartuko dute. Hortik etor daitekeela aldaketa uste dute, euskara ulertu arren erdaraz bizi diren herritarrengana euskara gerturatu egingo delakoan. Hauek ere apurka hitz egitera animatzen badira, euskal hiztun gehiago izango direla eta euskarak pisu handiagoa izango duela egin dute proiekzioa.