Material konplexuen mekanizazio zerbitzuak eskaintzen ditu Industrias Landu S. Coop-ek Olaberriko Basozabal industrialdean: Altzairu herdoilgaitz austenitikoak, superaustenitikoak eta martensitikoak, austenitiko-ferritikoak, nikel-ean oinarritutako aleazioak zein titanioa bezalako beste material batzuk. 1980tik eskaintzen dituzte zerbitzu horiek. Betiere bezeroen hizkuntzaren arabera, baina ahal dela euskaraz hitz egiten dute lantegian, eta Euskaraldian ere, beraz, euskaraz hitz egiten segiko dute, egunerokotasunaren parte baita haientzat.
Xabier Simon (Ormaiztegi, 1984) da Landu kooperatibako lehendakaria. Azaldu duenez, inguruko enpresekin zein atzerrikoekin egiten dute lan. Bertakoekin euskara erabiltzen dute. «Dakitenekin euskaraz hitz egiten dugu, eta lantegian behintzat horrela egiten dugu». Langileak bertakoak direnean normaltasunez darabilte euskara, eta Euskaraldiak ez du aldaketarik ekarriko haientzat. Lanerako beharrezko dokumentuak edota korreoak euskaraz izaten dira bezeroa euskalduna denean: «Gertukoak edo ingurukoak direnean, planoak, dokumentuak eta abar euskaraz azaltzen dira. Esango nuke %75 inguru izaten dela euskaraz egiten duguna». Beste toki batzuetako bezeroekin ere egiten dute lan, halare. Haiekin, «dokumentuak erdaraz, ingelesez edo frantsesez izaten dira». Adinaren arabera nabari du Simonek desberdintasun handiena hizkuntzaren erabileran. «Adin batetik gora agian erdarara gehiago jotzen dute».
Lantegian ez ezik, bakarkako ohiturei dagokienez, lagunartean, kalean eta familian ere euskaraz egiten du Simonek. «Euskaraz bizi naiz». Euskaraldiarekin bat egiteko ez du esfortzu handirik egin beharko, dakitenekin euskaraz hitz egiten jarraituko duelako. Herrian egiten diren ekintzetan ere parte hartuko du.