Zumarragako ariguneetako bat Bidezar kaleko Lanbroa belar-denda izango da. Lanbroa belar-dendakoak Euskaraldiaren orain arteko edizio guztietan parte hartu dute. «Oso ekimen ona iruditzen zait. Lehenengo edizioa Bilbon bizi izan nuen eta Bilbon kalean jendea txaparekin ikustea oso garrantzitsua da. Zumarragan badakit euskaraz nork dakien, baina Bilbon ez nekien. Hiri handia da, eta zalantzaren aurrean, jendeak gaztelerara jotzen du. Txapari esker, banekien auzoko zein bizilagunekin hitz egin nezakeen euskaraz. Euskararen erabilera asko igo zen. Lehenengo edizio hura asko gozatu nuen», aipatu du Idoia Elgarrestak.
Bigarren edizioa Zumarragan bizi izan zuen. «Gure ingurua euskalduna denez, ez nuen aldaketa handirik nabaritu. Dendan bai, ordea. Ordura arte gazteleraz egiten zuen jendearekin, txaparekin zetozenez, euskaraz egiten hasi ginen. Arigune izateak ere laguntzen du. Oso giro polita sortzen da egun horietan dendan», aipatu du Zumarragako merkatariak.
Euskaraldia eta euskararen gainontzeko ekimen guztiak erabat beharrezkoak direla uste du. «Euskararen egoera txarra dela uste dut. Gure seme-alabek, adibidez, guk nahi baino askoz ere gehiago egiten dute gazteleraz. Gurekin euskaraz egiten dute, baina haurren artean gazteleraz egiteko joera handia dute. Telebistaren eta Interneten eraginez dela uste dut. Telebista kate gehienak eta Interneteko eduki asko gazteleraz dira, eta telebista saioez eta Interneten ikusitakoez hitz egiten dutenean, gazteleraz egiten dute. Beste gaietarako euskara erabiltzen dute. Hor beraien hizkuntza euskara dela ikusten da», azaldu du.
Ez dago despistatzerik. «Lagunekin elkartzen direnean euskaraz egiten dute eta itzultzen direnean gazteleraz. Ordu horietan zer gertatu den? Estimulu asko gazteleraz direla. Lan handia dugu egiteko, etxetik hasita. Etxean ETB3 jarri beharrean, Internetako gaztelerazko edukiak ikusten dituzte. Kate bat, gaztelerazko milaka edukiren aurka…».