Ordiziako Eroskin Arigune izateko hautua berretsi dute aurtengo edizioan. «Duela bi urte ere Arigune izan ginen. Alde batetik, gure langileak ere Euskaraldiaren parte izateko. Eta, bestetik, euskararen presentzia handitzeko», azaldu du Iñaki Chivite arduradunak. «Oso gustura amaitu genuen. Uste duguna baino jende gehiagok dakiela euskaraz jabetzeko balio izan zigun», gaineratu du.
Ordiziako Eroskin langileen gehiengoa euskalduna dela esan du Chivitek. Baita bezeroen gehiengoa ere. «Eremu euskaldun batean bizi garenez gure bezero asko eta asko euskaldunak dira. Hauek asko eskertzen dute eurei euskaraz zuzentzea. Horregatik, dakienari euskara lehenesteko esaten diogu, eta ez dakienari hitz zehatzak erabiltzeko: kaixo, agur, eskerrik asko, zenbakiak… Keinu txikiak dira, ez dute lan handirik eskatzen, baina egunerokotasunean oso erabilgarriak dira».
Errotulazioa euskaraz
Paisaia linguistikoa euskalduntzeko lanean ari dira azken aldian, ahozko komunikazioa ez ezik idatzizkoa ere zaintzeko. «Kanpotik etortzen zaigun errotulazioa euskaraz izateko eskatzen dugu. Eta bi hizkuntzetan badator, euskara lehenesteko eskatzen dugu». Horren harira, Chivitek uste du, Eroski Euskal Herriko konpainia izatea abantaila dela. «Etxe barruko kartelak euskaraz diseinatuta iristen dira. Ez da Ordiziako Eroskiren erabakia soilik, Eroskirena baizik».
Langileak ere partekatu
Langileek ere parte hartuko dute Euskaraldian: batzuk Ahobizi izango dira, hartzaileak euskara ulertzen duenean nahiz eta gaztelaniaz erantzun euskaraz hitz egiten jarraitzeko ardura hartuko dutenak; beste batzuk, Chivite barne, Belarriprest izango dira. «Euskaraz hitz egiteko ez dut nahi beste trebetasun. Baina euskara ulertzeko arazorik ez dudanez, niri euskaraz egitea nahi dut», esan du. «Ea jakinduria zabaldu eta datorren edizioan euskaraz etengabe hitz egitera animatzen naizen. Seinale ona izango da».